Bazterreko ziegan (V). Osasuna
Buruko eritasunen labirintoan

Udan, beroarekin-eta, okerrago egoten dira. Jarduerak asko gutxitzen dira, eta asper-asper eginda egoten dira: erasanda». Ondo ezagutzen du espetxe barruko errealitatea Arantxa Bengoa Etxabek. Sendagilea da Martuteneko (Donostia) kartzelan. 1997tik dihardu. «Joan nintzen lehengo egunean, esan nuen ez nuela han lanik egingo; sekula santan kartzela batean izan gabea nintzen, eta inarrosi egin ninduen han ikusitakoak. Burdin sareak, eta jendea zuri begira». Lehen kolpe hari erantzun, ordea, eta lan eskaintza hari erantzutea erabaki zuen: gaur arte. Bi erizain laguntzaile, lau erizain eta beste bi medikurekin aritzen da, presoen oinarrizko osasun zerbitzua bermatzen. «24 orduko zerbitzua eskaintzen dugu, urteko egun guztietan. Gu, nolabait ere, presoen familia medikuak gara». Bestelako arta behar dutenerako, kanpora ateratzen dituzte presoak. Ez edonola: «Eskuburdinekin atera behar izaten dute, ertzainek eskoltatuta; zenbaitek ez dute nahi izaten». Hirurehun presotik gora izaten dituzte kartzelan, %10 bat andreak. Argi azaldu du zein den egoeraren laburpena: «Egun, kartzeletako osasun arazo nabarmenena buruko gaitzak dira, eta menpekotasunak; usu lotuta daude biak».
Ez du zalantzarik: askatasun faltak aparteko gordintasunarekin erasaten die emakumeei. «Oraindik ere, normalean andrazkoen esku geratzen da familiaren zaintza, eta gizonezkoek baino okerrago eramaten dute urruntzea. Gizonek ere sufritzen dute, ez dut esango ez dutenik sufritzen; baina andreentzat, nolabait ere, kondena bikoitza da seme-alaben zaintzaz aparte egotea. Ez da batere samurra izaten. Zenbait presok negar asko egiten dute beren umeengatik: asko. Sufrimendu handia egoten da hor. Beti». Eta gaixotasun izena hartzen du sarri ezinegonak: «Antsietate kasuak izaten dira, depresioak, eta portaeran nahasmenduak ere ager daitezke horren guztiaren ondorioz».
2011tik Osakidetzaren esku dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presoen osasunaren arta, eta ordutik lanerako tresna hobeak dituztela dio. «Gaixoen istorio klinikoa, esaterako, eskura dugu orain; lehen eragozpen handia zen hori», azaldu du. «Buruko eritasunen arloan ere, nabarmen egin da hobera; kartzela bakoitzean buruko eritasunetarako unitate bat dago orain». Aitortu du, halaber, lagungarria izan dela Arrasateko Aita Menni erietxean (Gipuzkoa) buruko eritasun larriak dituzten presoentzat iaz ireki zen unitate berezia.
Arartekoaren ohartarazpena
Hainbat datuk berresten dute presoen buruko osasunaren gaineko kezka; EAEko Arartekoak 2014an argitara emandako txosten baten arabera, presoen %40-45 burutik eri daude, eta arta ez da beti ona. Txostenaren aurkezpenaren harira, arartekoak nabarmendu zuen, oro har, eritasun «larriagoak» atzematen direla andreengan eta gehienetan zailtasun handiagoak izaten dituztela komunitateko laguntza baliabideak eskuratzeko. Andre askoren bizipenak pairamenduzkoak direla oroitarazi zuen, eta horrek eragina duela. «Egoera horrek ondorio neketsuak ekartzen dizkie haiei eta haien familiei, seme-alabak baitituzte ardurapean».
Espetxe barruko giroa «gogor eta ankerra» dela aitortu du Bengoak: kaltegarria, gainditzen zaila. «Ateratzen direnean ere gaizki pasatzen dute askok; ateratzen dira, eta ez daukate ezer. Zenbait, atera, eta era guztietako osasun arazoak izaten hasten dira; gainditu egiten ditu egoerak».
Fedeafes buruko erien elkarteen federazioko psikologoa da Haizea de La Llosa de Dios. Astean hirutan sartzen da Zaballako espetxera (Araba), hango presoei arta ematera. Bat dator Bengoarekin: «Kartzelan sartu beharra bera estresa eragiten duen egoera bat da». Horri, preso askoren kasuan, eta bereziki emakumeenean, dituzten «egoera pertsonal zailak» gehitzen zaizkiela dio. «Askotan, oso sare sozial txikia izaten dute kanpoan, eta, badago ere, oso gaiztotuta egoten da; horrek ondorioak ditu buruko osasunean», aitortu du. Defendatu egiten du berak kartzela barruan presoen osasuna hobetze aldera egiten den ahalegina. Eusko Jaurlaritzaren eta Emakunderen babesean hainbat ahalegin egiten direla zehaztu du. «Baina betiere gogoratu behar da askatasuna galduta dauden pertsonak direla presoak, eta horixe da, nire ustez, pertsona bati jazo dakiokeen gauzarik okerrena». Eta nahasgarriena.
Baliabideak
Baina baliabideak jartzen direla dio. «Beti litzateke hobea baliabide gehiago izatea, baina kartzela barruan egiten da ahalegin bat buruko eritasunei taxuz erantzuteko». Drogen kontsumoa albora uzteko programek, esaterako, ondo funtzionatzen dutela uste du, eta kartzela barruan kontsumo kasuak izaten badira ere, espetxeko buruen «kontrola» badagoela. Presoen testigantzetan, hala ere, ugariak dira botiken gehiegizko kontsumoaren inguruko kontakizunak:«Ibuprofenoak eta lasaigarriak gozokiak bailiran hartzen dira, ugari». Baita presondegi barruan substantziekin egiten den trafikoarenak ere: «Droga oso erraz lortzen da».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.