Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Itunak negoziatzeko konpromisoa, sektore arteko akordiorako oztopo

Publizitatea

Ekonomia

Itunak negoziatzeko konpromisoa, sektore arteko akordiorako oztopo

Sektore arteko akordioa «bide onetik» doala diote sindikatuek; astebete barru batzartuko dira
Sindikatuen eta patronalaren ordezkariak, atzo, Bilboko bileran.
Argazkia: MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-01-11 / Xabier Martin

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sektore arteko akordio bat egiteko negoziazioa «bide onetik doa»; alabaina, hari solteak baino gehiago benetako oztopoak daudela ez dute ezkutatu sindikatu abertzaleek, atzo Bilbon Confebaskekin Lan Harremanen Kontseiluan egindako bileraren ondoren. Lehena eta handiena: patronalak ez dio negoziazio kolektiboa desblokeatzeko aldeen konpromisoa gaineratu nahi euskal itunak estatalizaziotik babesteko akordioari. Confebaskek uste du gauza bat dela euskal esparruan sinatzen denari lehentasuna emateko konpromisoa adostea, eta bestea erreformaren itzalean erabateko blokeoa daukan negoziazio kolektiboa martxan jartzea berriro, mahaiak deitzea, alegia.

«Akordioa eskura daukagu», esan zuen atzo patronalak, baina erantsita sektore arteko akordioa dela beren helburua, «beste albo aldagaiak saihestuz, akordioa galarazi dutelako inoiz». Baina «albo aldagai» hori da, hain zuzen, ELAk eta LABek patronalaren agiriari egindako ekarpen nagusia; hau da, euskal itunak babesteko saskia egitearekin batera, saski hori betetzen hasteko konpromisoa atera nahi diote Confebaski, eta hark ez du halakorik onartu nahi.

LABek azaldu du Confebaskek indarrean dauden itunak eta ultraaktibitateari esker luzatuta daudenak baino ez lituzkeela babestuko sektore arteko itunarekin. Itun gehienak ahalezko akordio batetik kanpo geratuko lirateke, beraz. Patronalak atzo mahairatutako agiri berria aztertu eta ekarpen berriak egitekotan geratu ziren atzo aldeak.

ELAk ere arazo berak nabarmendu ditu Confebaskekin batzartu ondoren, baina «balizko akordio» bati buruz hitz egiten du ordezkaritza gehien duen sindikatuak. «Euskal sektoreetako lan hitzarmenek, sinatuta daudenek eta sina daitezkeenek, berme handiagoa lukete estatu hitzarmenen oldeari aurre egiteko. Balizko akordio bat eragozpen handiagoa izango litzateke Madrildik CEOE [Confebask haren kide da], CCOO eta UGTk bultzatzen duten negoziazio kolektiboaren estatalizazioa gauzatzeko».

Legezko arazoen mehatxua

Hala ere, ELAk orain arte isilean joan den beste aldagai bat mahairatu du: sektore arteko euskal akordio batek ukan ditzakeen legezko arazoak. «Espainiako legeak lehentasuna eman zien estatuko hitzarmenei, Espainiako patronal eta sindikatuek hala erabakitzen bazuten». Kontua da euskal eremuan negoziatzeko eskubideari dagozkion hainbat epai judizial iritsiko direla laster. Eta epai horiek kezka handia eragiten dute. «Litekeena da ebazpen horietan orain negoziatzen ari den sektore arteko akordioaren eraginaren aurka jotzea».

Benetako eztabaida politikoa dela dio ELAk, eta Jaurlaritza ez dela inplikatzen ari. «1994an ez bezala, gaur ez dago ekinbide politikorik Euskal Herrian negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzeko. Jarrera hori bat dator patronalaren interesekin».
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea