Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia 54 ogasunekin elkarlanean ariko da Bizkaia zerga iruzurrari aurre egiteko

Publizitatea

Ekonomia

54 ogasunekin elkarlanean ariko da Bizkaia zerga iruzurrari aurre egiteko

Bizkaiko Ogasunak 461,6 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen 2016. urtean, aurrekoan azaleratutakoa baino %3 gehiago
Jose Maria Iruarrizaga eta Aitor Soloeta, atzo, zerga iruzurraren aurkako kanpaina aurkezten.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Bizkaiko Ogasuna nazioarteko beste 54 ogasunekin elkarlanean ariko da zerga iruzurrari aurre egiteko. Bizkaitarrek atzerrian dituzten kontuen berri eduki ahal izango du ogasunak, finantza informazioa partekatuko baitute. Bizkaiko Foru Aldundiak zerga iruzurrari aurre egiteko hartutako neurrietako bat izango da hori.

Norbanakoek atzerrian eduki dezaketen ondasunaren berri edukitzeaz gain, Bizkaian aritzen diren multinazionalei beren atzerriko negozioen berri eskatuko die ogasunak. Era horretan, Bizkaian lortutako irabaziak zerga presio maila apalagoa duten herrialdeetara lekuz aldatzea eragotzi nahi dute. Finean, iruzurrari aurre egiteko beste tresna bat izango da norbanako eta enpresen ondasunen informazioa eskuratzeko bide hori.

Joan den urtean, 461,6 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen foru ogasunak, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak eta Aitor Soloeta Ogasuneko zuzendariak atzo azaldu zutenez. Kopuru hori 2015ean azaleratu zena baino %3 gehiago da. Ogasunak 345.053 jarduera egin zituen iaz zerga iruzurraren aurka, eta horietatik fiskaltzara 29 delitu bideratu zituen. Epaitegien bidean jarritako delituetatik 25 delitu fiskalak lirateke, eta 53 milioi euroko iruzurra azaleratzen lagundu du.

Kontabilitate bikoitza

Norbanako eta enpresen kontuen nazioarteko jarraipena egiteaz aparte, kontabilitate bikoitza daramaten enpresen gaineko presioa handitu nahi du ogasunak. Hain zuzen, kontabilitate hori egiteko software bereziak erabiltzen dituzten enpresen gaineko presioa handitzeko asmoa dauka. Hain zuzen, negozio kopuruaren %20aren zigorra jarriko zaiela azaldu zuten, kontabilitate bikoitz hori egiten duten enpresei; joan den urtera arte %2 zen zigor hori. Halaber, esan zuten software horiek garatzen dituzten enpresak ere zigortu ditzaketela.

Hala ere, prebentzioaren arloan indarra areagotu nahi du foru ogasunak, eta iragarri zuten zerga sistemaren inguruko hezkuntza ikasgeletara ere iritsiko dela. «Zergei esker eskaintzen diren zerbitzuen berri eman nahi dugu, gazteak jakitun izan daitezen zergekin zer finantzatzen den», azaldu zuen Soloetak. Zerga iruzurrari jazartzea baino bide egokiagoa delako, haren ustez, hezkuntzan sakontzea.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak