Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Espainiako Justiziak jazarpenari berrekin dio Diadaren biharamunean

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma

Espainiako Justiziak jazarpenari berrekin dio Diadaren biharamunean

Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du trantsiziorako legea. Fiskaltzak mossoen buruari zuzenean agindu dio erreferenduma eragozteko, baita hautetsontziak eta botopaperak bahituta ere
Josep Lluis Trapero mossoen burua, atzo, Kataluniako Fiskaltzaren egoitzara sartzen, Bartzelonan.
Argazkia: MARTA PEREZ / EFE

2017-09-13 / Mikel Rodriguez

Diadako mobilizazio jendetsuaren biharamunean, Espainiako Justiziak gogor ekin dio berriz independentziari buruzko erreferenduma eragozteko ekinaldiari. Alde batetik, Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean bertan behera utzi zuen Kataluniako Parlamentuak onartutako trantsiziorako legea —errepublikaren behin-behineko oinarriak ezarriko lituzkeena—, erreferendumerako prozesu osoari hezurdura juridikoa eman dion sortako azkena. Hainbat ordezkari publikok Konstituzionalaren ebazpenen berri zuzenean jaso zuten atzo «erreferendumaren aldeko ekintzak» egin ez ditzaten; eta, horien artean, harrabotsa sortu zuen TV3 telebista publikoari helarazitakoak. Bertzetik, Kataluniako Fiskaltzak agindu zuzena eman die Esquadra mossoei, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari erreferenduma eragotz dezaten, baita hautetsontziak eta botopaperak bahitu behar badituzte ere.

Joan den ortziralean onartu zuen Kataluniako Parlamentuak Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Legea, konstituzio bat egin arte estatu berriaren lege gorena litzatekeena urriaren 1ean independentziaren aldeko aukerak irabaziz gero. Espainiako Gobernuak atzo aurkeztu zuen helegitea, eta, joan den astean Erreferendumaren Legearekin gertatu bezala, Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu eta automatikoki behin-behinean baliorik gabekotzat deklaratu du. Espainiako Gobernuaren arabera, 1978ko konstituzioak jasan duen «mehatxurik eta erasorik handiena» da trantsiziorako legea. Horrekin batera, Kataluniako Ogasuna sortzeko legearen aurka Madrilek paratutako helegitea ere onartu du Konstituzionalak.

Erabaki horiek, eta joan den astean hartutakoak, banaka-banaka jakinarazi dizkiete Kataluniako hainbat ordezkari publikori: Carles Puigdemont presidenteari, haren gobernuko kideei, Carme Forcadell parlamentuko presidenteari eta parlamentuko mahaiko kideei, eta bertze goi kargudun batzuei. Konstituzionalak honela dio: «Ohartarazten dizuet betebeharra duzuela ezarritako behin-behineko debekua saihestu edo jaramonik ez egitea helburu duten ekintzak eragotzi edo geldiarazteko. Bereziki, zuen eskumenetan ez ezazue hasi, tramitatu, informatu edo agindu akordiorik edo ekintzarik Katalunian autodeterminaziorako erreferendum bat egitea helburu duenik [...]. Eskaera honi jaramonik ez eginez gero, erantzukizunak jakinaraziko dira, eta penalak ere izan daitezke»

Telebista publikoaren zuzendariak ere mezu berbera jaso du, eta, gaiak sortutako eztabaida biziaren ondoren, Auzitegi Konstituzionaleko zerbitzu juridikoek hainbat hedabideri zehaztu zieten erreferendumari buruzko iragarki ofizialei eragiten diela debekuak, «ez informatzeko eskubideari».

Auzitegi Konstituzionalaren aginduetan oinarritutako lehenbiziko aplikazioa, paradoxikoki, Espainiako hiriburuko epaitegi batek egin du, iganderako kultur zentro batean erreferendumaren alde egitekoa zen ekitaldi bat bertan behera uzteko agindu baitu.

Espainiako Justiziaren bertze frontea fiskal nagusiak zuzentzen du. Kataluniako Fiskaltza Nagusiak Josep Lluis Trapero mossoen buruari zuzenean helarazi dio erreferenduma eragozteko agindua, fiskaltzaren egoitzara deituta, Espainiako poliziek eta guardia zibilek Katalunian dituzten arduradunekin batera. Fiskaltzak Traperori erran dio mossoek ezin dutela goi kargudunekiko «beharrezko obedientzia» argudiatu «konstituzioaren eta legeen aurkako ekintzak nabarmenak diren kasuetan». Erreferendumera deitzeko ekintza horiek «desobedientzia, prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzeko delituak» izan daitezkeela erran du fiskaltzak; hain zuzen, Puigdemonti, haren gobernuko kideei, Forcadelli eta parlamentuko mahaiko lau kideri kereilan egotzitakoak —atzo bidali zien kereilaren jakinarazpen pertsonala—.

Eskaintza Madrili

«Hautetsontziak jazartzea ez da mossoen lehentasunetako bat», adierazi zuen Puigdemontek atzo RAC1 irratian. «Segurtasunerako eskubidea bermatzea da Poliziaren xede nagusia». Puigdemontek Diadan adierazitakoa errepikatu zuen: prest dagoela erreferenduma gibelatzeko Madrilek onartuko balu.

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak agerraldia egin zuen Senatuan, eta Josep Lluis Cleries PDECateko senatariarekin izan zuen eztabaidan argi utzi zuen ez duela gibelera egiteko asmorik. Gainera, independentistek Espainiako Gobernuari egotzitako ekintzak egotzi zizkion Generalitateari: «Egunkariak eta alkateak mehatxatzen ari zarete zuen aginduetara ez paratzeagatik».

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Rodriguez Mikel Rodriguez

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak