Tribu sunita bateko 370 kide inguru hil ditu Estatu Islamikoak Iraken

Gobernuaren aldeko izatea leporatu dio EIk Albu Nimr tribuari, eta «apostata» izendatu du
Islamaren Axura jaia dela eta, zaintza gogortu dute Iraken.
Islamaren Axura jaia dela eta, zaintza gogortu dute Iraken. ALAA AL-SHEMAREE / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko azaroak 4

Irakeko Gobernuak salatu du EI Estatu Islamikoak astebetean tribu sunita bateko 370 herritar hil dituela, mendebaldeko Al-Anbar probintzian; horietako 36, atzo. Hildako gehienak zibilak dira, eta haurrak ere badaude horien artean. Horrez gain, tribuko bozeramaile batek erran du EIk bertze 120 kide dauzkala bahituta, eta ohartarazi du laguntza jaso ezean horiek ere hil eginen dituela. Sona handia hartu dute Sirian eta Iraken EIk egindako sarraskiak gutxiengo etniko eta erlijiosoen eta heretikotzat jotako xiiten aurka, baina Al-Anbarko gertakariek EIren bertze jomuga bat zein den azaleratu dute, Irakeko mendebaldeko tribuak arabiar sunitak baitira, hau da, EIren proiektu politiko-erlijiosoaren oinarria den sektorea. Horregatik, Irakeko Gobernuak adierazi du hilketa horiekin EIk suniten artean ere «izua» hedatu nahi duela haren menera jar daitezen.

EIk erasotako tribuak Albu Nimr izena du. Al-Anbarko Ramadi hiriburuaren inguruan dauka jatorria, eta 10.000 kide inguru ditu. Atzoko 36 kideak Ramaditik 70 kilometro iparraldera dagoen herrixka batean hil zituzten, Hit hiriaren ondoan, Naim al-Gaud tribuko bozeramaileak nazioarteko agentziei jakinarazi dienez. «Sarraski gehiago gertatuko dira ondorengo egunetan, gobernuak eta segurtasun indarrek bahitutako jendeari lagundu ezean». Xaaban al-Abidi koronelak Iraqi News webguneari erran dionez, lau tribu sunitak 2.000 borrokalari bidaliko dituzte Hitera.

Tribuen garrantzia Iraken

Herrialde arabiarretako hainbat gunetan garrantzi handia du gizartearen egitura tribalak. Familia zabalek eta leinuek osatutako sareak estatuari paraleloa den botere egitura bat osatzen du. Iraken Baath alderdia tribalismoaren aurka agertu zen boterea hartu zuenean (1968), baina haren agintea bukatzean (2003) egitura horiek bizirik zeuden. Irakeko Gobernuaren arabera, EIk Albu Nimr tribuari leporatu dio Bagdaden alde aritzea, eta hura «apostata» izendatzeko fatua bat —agindu erlijioso bat— egin du.

EIren aurkako borrokan, tribu arabiar suniten jarrera hagitz garrantzitsutzat jotzen dute Irakeko eta AEBetako gobernuek. Al-Anbarren eta iparraldeko Ninive probintzian parte hartze handia izan dute Irakeko Gobernuaren aurkako protestetan, sunitak diskriminatzea egozten baitiote. Protesta horien erdian egin zuen EIk lehenbiziko erasoaldi handia, hain zuzen, Al-Anbarko hiri nagusietan: Ramadin eta Fallujan. Joan den urte bukaeran izan zen hori; gero, ekainean iparraldeko erasoaldia hasi zuen, Mosulen. AEBek jada inbasioaren aroan (zehazki, 2007tik aitzinera) bilatu zuten tribu sunitekiko elkarlana, talde paramilitarrak sustatuz, horiek Irakeko Estatu Islamikoaren aurkako borrokan lagun zezaten —EIren hazia izan zen talde hori—.

Mosul harzeko akordio bila

Irakeko Gobernua eta Kurdistango Eskualde Autonomoko pexmergek EIren Irakeko gotorleku nagusia berreskuratzeko asmoa daukate; Mosul hiria da hori. Erasoaldia prestatzeko elkarrizketek, ordea, ez dute fruiturik eman, oraindik. Khalid Ubeidi Irakeko Defentsa ministroak laguntza eskatu die pexmergei, eta Jabbar Yawer Pexmergen ministroak AEB zuzendutako koalizioari eskatu dio kurduei laguntza militarra zuzenean ematea, Bagdadetik igaro gabe.

Siriako kurduen Kobane hirian ere borrokan ari dira pexmergak, YPG Herriaren Babeserako Unitateei laguntzeko. Firat agentziaren arabera, bi talde horiek eta FSA Siriako Armada Askearen brigada batek Kobaneren mendebaldean lortu dute EIren lerroek gibelera egitea.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Santos Indurain kontseilaria prentaurreko batean, artxiboko irudian. ©Jesus Diges/EFE

324 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Kasuen beherakada orokorra izan da herrialde guztietan: Araban 44 kasu detektatu dituzte (-31); Bizkaian, 180 (-31); Gipuzkoan, 35 (-29); eta Nafarroan, 59 (-87). Nafarroako Gobernuak ez du neurri orokorrik ezarriko oraingoz. «Atzokoa ez zen alarma guztiak pizteko modukoa, eta gaurkoa ez da kriskitinak jotzekoa», adierazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak.

Gizon bat PCR proba egiten, Donostian. ©Gorka Rubio / FOKU

Hogei milioi koronabirus kasu baino gehiago detektatu dituzte mundu osoan

Oihane Puertas Ramirez

COVID-19a 188 herrialdetara iritsi da, eta 736.000 lagun baino gehiago hil ditu.

Zahar etxe bateko egoiliarrak paseoan, artxiboko irudian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Donostiako zahar etxe bateko egoiliar batek positibo eman du

Berria

Zahar etxe bereko bi langile ere kutsaturik daude.

Nafarroako osasun langileak PCR probak egiteko prest, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola/FOKU

Agerraldi bat detektatu dute Murillo el Fruto eta Zarrakaztelu inguruan

Berria

30 positibo atzeman dituzte; gehienak, laborarien artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna