Porrotaren erantzuletzat jo dituzte Karrantzako Mindaren arduradunak

Diru publikoa eramatea egotzi die konkurtsoaren kudeatzaileak.

Epailearen esku da txostena
Karrantzako minda planta, eraikitzeko obrak bertan behera utzi zirenean zegoen egoeran, 2011n.
Karrantzako minda planta, eraikitzeko obrak bertan behera utzi zirenean zegoen egoeran, 2011n. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri Bilbao -

2015eko maiatzak 15
Karrantzan (Bizkaia) minda planta martxan jartzeko proiektua sustatu zutenak porrotaren erantzule egin ditu hartzekodunen konkurtsoaren kudeatzaileak, epaileari aurkeztu dion txostenean. Orain fiskalak idatzi behar du berea. Oso litekeena da auzitegiak epaiketara deitzea, errudun diren edo ez ebazteko. Kudeatzaileak egin duen eskaera berbera egina dute Karrantzako Udalak eta Espainiako Estatuaren abokatuak. Baina Kepa Landa abokatuak «jauzi kualitatibotzat» jo du kudeatzailearen txostena: «Epaileak kontuan hartu behar ditu kudeatzailearen eta fiskaltzaren txostenak. Eta fiskalak jadanik zeharka iradoki du berak ere bide beretik joko duela. Beraz, prozesuak ez du atzera bueltarik».

Haraneko abeltegietatik ateratzen den gehiegizko mindari irtenbide bat emateko proposatu zuten abeltzainek planta egitea, 2000. urtean. Horretarako, Karrantzako Minda izeneko enpresa sortu zen, eta horrek Ade Biotec SM enpresa kontratatu zuen obrak egiteko eta, gerora, planta kudeatzeko. Kostata, 2009an hasi ziren eraikitzen. Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 13,5 milioi euroren diru laguntzak eman zizkioten proiektuari; horietatik hamar pasatxo, obrak hasi aurretik. Diru hori guztia inbertitu ostean, baina, lau horma baino ez ziren eraiki. Eta egin gabeko lanen fakturak ere pasatu zituen enpresak. Hala, erakunde publikoek diru laguntzak emateari utzi zioten. 2010ean bertan behera geratu ziren lanak, ez zutelako aurrera jarraitzeko dirurik. 2011n, hartzekodunen konkurtsora deitu zuen Karrantzako Mindak.

12,5 milioiko kalte-ordaina

Haraneko udal sozietate publikoa izan zen Karrantzako Minda enpresako bazkideetako bat. Hala, Ade Biotec enpresaren eta orduko udal ordezkarien aurkako kereila ipini du, zigor arloan. Landa abokatuak eta Haraneko sozietateko presidente Patxi Garciak aurkeztu zuten. Garcia EH Bilduko zinegotzia ere bada. Hark laburbildu du konkurtsoaren kudeatzaileak txostenean esandakoa: «Argi dio Karrantzako Minda Ade Biotecen erabilpenerako sozietatea baino ez dela izan. Izan ere, Ade Biotecek erakundeetatik lortutako diru publiko gehiena poltsikoratu du». Era berean, txostenak baieztatu du Ade Biotec enpresako arduradun nagusi Martin Askazibarrek Karrantzako Mindaren administrazio kontseiluko ordezkaritza lanak hartu zituela. Proiektua martxan ipini zenean, Askazibar Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Saileko Berrikuntza eta Teknologiaren Garapeneko zuzendaria zen. Karguan egon zen azken urteetan hainbat milioitako diru laguntzak sinatu zituen Karrantzako egitasmoarentzat. Eta 2009an, zeregin politikoak utzita, enpresako aholkulari hasi zen.

Kudeatzailearen txostenak 12.586.000 euroko kalte-ordaina eskatzen dio Ade Biotec enpresari. Hark ezin badu, Askazibarrek ordaindu beharko luke. Horrekin batera, aholkulari tekniko izandako Felipe Mendibilek eta Karrantzako Minda enpresako administrazio kontseiluko bost kidek ere lagundu beharko dute ordaintzen: Mendibilek gehienera 9,5 miloi ordainduko lituzke, eta kontseiluko kideek, hiru. Kideetako bat da alkate ohia.

Garciari eta Landari deigarri egin zaie Bizkaiko Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak errudun eskaera egin ez izana, eurak ere hartzekodun direnean. «Prozedura honetan guztian EAJren esku egon diren bi instituzioen jarrerak susmo argiak pizten ditu, ez ote dituzten iruzur erraldoi honen erantzuleak eta diru publikoaren lapurrak estali nahi izan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna