Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Azken urteetako meningitis epidemia bortitzenak 745 pertsona hil ditu Nigerian

Publizitatea

Mundua

Azken urteetako meningitis epidemia bortitzenak 745 pertsona hil ditu Nigerian

Azarotik, 8.000 meningitis kasu atzeman dituzte; erdiak, 5 eta 14 urte arteko haurretan. Herrialdeko 22 estatutan zabaldu da epidemia
Rilwanu Mohammed medikua, iragan apirilaren 4an, umeak txertatzen, Mwarin, Nigerian.
Argazkia: DEJI YAKE / EFE
Azaroan hasi zen zabaltzen, eta, dagoeneko, 745 lagun hil ditu. Nigeriak azken urteetako meningitis agerraldi bortitzena du, epidemia izateraino. Gaixotasunen Kontrolerako Zentroak zehaztu du aurreko astean emandako datuak txiki geratu direla; dagoeneko, 745 dira azaroaz geroztik hildakoak, aurreko astean esandakoak baino 256 gehiago. Egoerak, baina, okerrera egin dezakeela ohartarazi du erakundeak; izan ere, ustez 8.057 lagun daude kutsatuta, erdiak 5 eta 14 urte arteko haurrak, eta, datorren astean eskolak berriz ere zabaltzen direla aintzat hartuta, umeei txertoa ipintzeko deia egin du —egun hauetako oporraldietan itxiak egon dira eskolak—.

Gobernuak txertaketa kanpainak jarri ditu abian, baina kezkagarria da zabaldutako mezua. Isaac Adewole Osasun ministroak aurreko astean jakinarazi zuen oraintxe ez dagoela C ereduko meningitiserako txertorik.

Meningitis meningokozikoa da herrialdean zabaldu dena. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, funtsean, nerbio sisteman dauden defentsen galera da meningitisa, eta garunaren eta hezur muinaren mintzen infekzioa eragiten du; ezinegona, lepoa mugitzeko zailtasunak, jateko gogorik eza eta suminkortasuna ere izan ohi dituzte gaixotuta daudenek.

Saharaz hegoaldeko herrialdeetan da ohikoen epidemia; Meningitisaren gerrikoa gisa ezaguna den eremuan zabaltzen da maizena; Afrika mendebaldetik ekialderaino, Senegaldik Etiopiaraino.

1996ko epidemia latza

Nigeriak azken urteetan izandako epidemia latzena du. Herrialdeko 36 estatuetatik 22tan atzeman dituzte gaixotasunaren kasuak, bereziki ipar-mendebaldekoetan. Zamfara estatuan hasi zen epidemia, azaroan, eta, ordutik, tenperatura altuak direla eta, azkar hedatzen ari da; Sokotora, Katsinara, Kebbira, Nigerrera eta Yobera —azken estatu horretan daude kasu gehienak—. Lagos hiriburuan ere kasu ugari atzeman dituzte.

1996koa izan da orain arte herrialdeak izan duen meningitis epidemiarik ankerrena. Nigeriako Osasun Ministerioaren arabera, orduan 11.717 lagun hil ziren; kutsatutakoak, berriz, 100.000 izan ziren. 2009an, beste agerraldi bortitz bat izan zen; orduko hartan, 156 lagun zendu ziren meningitisak jota.

Publizitatea

Sortu kontua
Kristina Berasain Tristan Kristina Berasain Tristan

Informazio osagarria

Publizitatea