Albistea entzun

Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa

Arrakalaren zabalera neurtzen

Kataluniako bloke subiranista hautsi eta bi egunera, Masen plan alternatiboarekiko jarrera berretsi dute alderdi nagusietako buruek.

Udal independentisten elkarteak babestu du galdeketa berria
Artur Mas Kataluniako presidentea eta, atzeko planoan, Oriol Junqueras ERCko burua, atzoko saioan.
Artur Mas Kataluniako presidentea eta, atzeko planoan, Oriol Junqueras ERCko burua, atzoko saioan. ANDREU DALMAU / EFE

Samara Velte -

2014ko urriak 16

Azaroaren 9rako bidean banatu zirenetik, lehenbiziko aldiz hitz egin dute aurrez aurre Kataluniako alderdi subiranistetako buruek. Asteleheneko goi bileran pitzatu zen galdeketaren aldeko blokea, eta tentsioa agerian geratu zen atzo, parlamentuko kontrol saioan. ERCk, ICVk eta CUPek orain arte adostutakoa haustea leporatu diote gobernuari, independentziari buruzko galdeketa bere kabuz antolatzea erabaki duenez gero.

Masek ez du onartu berak hautsi duenik kontsentsua, galdeketa berriaren «oinarrizko elementuak» aurrekorako hitzartutako berberak direlako: eguna eta galdera bikoitza. «Mantenduko ez dugun bakarra nik neuk sinatutako dekretua da», azaldu du presidenteak. Gobernuak alde batera utzi asmo du parlamentuak onartutako Kontsulten Legea, eta bestelako oinarri juridiko bat erabili nahi du. «Azaroaren 9a ongi ateratzen bada, guztion meritua izango da; bestela, ardura gobernuarena izango da soil-soilik».

ERC, parlamentuko bigarren indarra, galdeketarako deialdi berria babesteko prest agertu da, baina kargu hartu dio gobernuari «legezko muga guztiak gainditu baino lehen» etsitzeagatik. Oriol Junqueras alderdiko presidenteak gogorarazi du Konstituzio Auzitegiak automatismo batengatik utzi duela Kontsulten Legea indarrik gabe, eta gobernuak ez duela agindu juridikorik jaso hura behin betiko eteteko. Masek erantzun dio plan zaharra kale itsua dela: «Zure proposamenak [Espainiako legediari] desobeditzea dakar, eta ez bozkatzea. Gure proposamenarekin, botoa eman ahal izango dugu, eta, beraz, Kataluniako herriari obeditu».

CUPek ere onartu du gobernuaren alternatiba, baina herritarrak engainatzea leporatu dio Masi: «Ezin hobeto zenekien Konstituzio Auzitegiak bertan behera utziko zuela galdeketa». Quim Arrufat diputatuak ohartarazi dio aldeketa babestuko duela, baina ez erabiltzeko «xantaia politiko eta hauteskunde estrategietarako tresna» gisa.

ICVk bozak aurreratzeko eskatu dio zuzenean. Kontsentsua hautsita, ez du beste irtenbiderik ikusten Joan Herrerak: «Zuek zuen arrazoiengatik behar dituzue, eta guk, guztia aldatzen ahalegintzeko; tartean, zuen gobernua eta zuen politikak». Masek plebiszitu gisako hauteskundeak proposatu ditu bozketa egin osterako, alderdi independentistek bloke bakarra osatuta. ICVk amarrutzat dauka jokaldia: CiUk bere burua babestu nahi duela dio.

Ara es l'hora kanpainako erakunde nagusiek batasuna eskatu diete alderdi politikoei. AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteak laguntza eskaini dio gobernuari; ANC Biltzar Nazional Katalanak, aldiz, eztabaida abiatu du bere kideen artean, eta igandean emango du erabakiaren berri.

Madril urduri ikusten dute

Kontsulten Legean oinarritutako galdeketaren ordez, «prozesu parte hartzaile bat» proposatu du Kataluniako Gobernuak. Hura epaitzeko orduan, alderdi unionisten ezinegonari erreparatzeko eskatu die Masek subiranistei: «Begira PPkoei. Urduri daude, ez dakitelako nola gelditu hau». Espainiako prentsaren arabera, Madrilgo gobernua hasia da aztertzen nola debeka dezakeen Masen asmoa. Hark ez du jakinarazi zein lege erabiliko duen oinarri gisa; beraz, Madrilentzako zailagoa da asmatzea zeri jarri behar dion helegitea.

Biraketa berri honen ondorioz, aspaldi ertzean geratutako alderdi baten muturra agertu da paisaia politikoan: PSCrena. Ara egunkariari jakinarazi diotenez, CiUko sektore batekin «bilera informalak» egiten hasi dira sozialistak, agintaldia elkarrekin amaitzeko asmoz. Josep Antoni Duran i Lleida UDCko buruaren ahoan hartu dute itxura negoziaziook: «Gehiengo sendoa behar dugu legegintzaldia amaitzeko. ERCrekin bada, ongi; eta PSCrekin bada, hobeto». Masek baztertu egin du A9a baino lehen aliantza berriak bilatzen hastea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa eta Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua elkarri eskua ematen, iragan uztailean, negoziazioen lehen bilkura amaitu ostean, Parisen ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Korsikako hautetsien eta Frantziako Gobernuaren arteko negoziazioak, oinarri bila

Ander Perez Zala

Darmaninek atzeratu egin du bihar uhartera egitekoa zuen bisita, «eztabaida bare baterako baldintzarik» ez dagoela argudiatuta. Protestak antolatu dituzten gazte mugimenduek aho batez eskatu dute elkarrizketak hausteko.

Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialaren prentsaurrekoa, gaur, Bartzelonan. ©INTERSINDICAL

Kataluniako berrehun udalerri daude amnistiaren eta autodeterminazioaren alde

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Hirurehun erakundek eman diote babesa Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialari, tartean alderdi politiko independentistak, zenbait sindikatu eta ikasle antolakunde.

Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen, gaur, Kopenhagen egindako agerraldian. ©Liselotte Sabroe / EFE

Danimarkako bozak azaroaren 1era aurreratu ditu lehen ministroak

Mikel O. Iribar

Gobernu sozialdemokrata babesten duten alderdiek behartuta hartu du erabakia Mette Frederiksenek.

Suhiltzaile batzuk, atzo, bonbardaketa batek Kharkiven (Ukraina) txikitutako lantegi batean lanean. ©SERGEY KOZLOV / EFE

Zelenskik berretsi du ez duela Putinekin negoziatzeko asmorik

Igor Susaeta

Errusiako goi ganberak Ukrainan partzialki okupatutako lurrak anexionatzeko itunak onartu ditu. Kremlinen mapek erakusten dute Moskuren indarrek segitzen dutela gerra frontean atzera egiten

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...