Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua EBk Turkiara kanporatu nahi ditu Greziara iritsitako iheslari guztiak

Publizitatea

Mundua

EBk Turkiara kanporatu nahi ditu Greziara iritsitako iheslari guztiak

Errefuxiatuen Europarako bidaia geldiarazteko bilkura egin dute Turkiak eta EBk. Europatik kanporatutako siriar iheslari bakoitzeko, EBk Turkiako kanpalekuetatik beste bat hartuko luke
Hainbat lagun, suaren bueltan, Idomeni kanpalekuan, Grezian, atzo.
Hainbat lagun, suaren bueltan, Idomeni kanpalekuan, Grezian, atzo. VALDRIN XHEMAJ / EFE

2016-03-08 / Adrian Garcia

Errefuxiatuen Europarako bidaia geldiarazteko bilkura egin dute EB Europako Batasuneko 28 kideek eta Turkiak, krisiari beste adabaki bat jartzeko. EBk tapoi lanak egingo dituzten herrialdeak nahi ditu, eta dirua eta bestelako baliabideak emateko prest da polizia lanak egitearen truke. Bruselak eta Ankarak iragan azaroan negoziatutakoa sakondu dute; EBk orduan proposaturiko 3.500 milioi euroak bikoiztu ditzake, eta bisen liberalizazioa eta EBn sartzeko negoziazioak azkartu. Turkiak, kontrara, Greziako uharteetara iritsitako iheslariak jaso beharko lituzke, siriarrak barne. Albiste agentziek filtraturiko plan polemiko horren arabera, EB konprometituko litzateke kanporatutako siriar iheslari bakoitzeko Turkiako kanpalekuetako beste bat hartzera. Negoziazioek iluntzera arte iraun zuten, baina ez zuten akordiorik erdietsi. EBko ordezkari batek Reuters agentziari esandakoaren arabera, «denbora gehiago» behar dute. Izan ere, kide guztiek ez dute onartu siriarrak hartzeko plana, Hungariak, esate baterako.

28en gobernuburuak eta Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroa bildu dira Bruselan. Dirua ez ezik, Ankarak beste motatako konpentsazioak ere nahi ditu. Davutogluk Turkiako herritarren pasaporteen liberalizazioa eskatu du ekainerako —aurreko negoziazioan urrirako adostu zuten—. Halaber, EBn sartzeko negoziazioak hasteko eskatu du.

Balkanetako bidea ixtearen ondorioz Grezian harrapatuta dauden iheslariak kanporatzea negoziazio mahaian izan dute Bruselak eta Ankarak. Europak horrela izendatutako «migratzaile ekonomikoak» bidali ez eze, siriar errefuxiatuak ere kanporatu nahi ditu. Bidalitako siriar bakoitzeko, ordea, Turkiako kanpalekuetatik beste errefuxiatu siriar bat hartzeko konpromisoa hartuko luke. Halere, EBk ez du baieztatu itunaren puntu hori, lege arazoak argitu behar dituztelako lehenago. Oso zalantzazkoa baita erabaki horren legezkotasuna; giza eskubideen aldeko erakundeek jakinarazi dutenez, iheslariak kanporatzeak Genevako hitzarmenak urratuko lituzke.

EB estutzen saiatu da bilkura aurretik Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea. Haren esanetan, herrialdeak dagoeneko 6.000 milioi euro inguru gastatu ditu Turkiak jaso dituen 2,4 milioi Siriako errefuxiatuei laguntzeko. Kexu agertu da agintaria, EBren ordaintzeko moteltasunagatik. «3.500 milioi euro ematea hitzeman zuten, eta hiru hilabete pasatu dira ordutik».

Balkanetako bidea, itxita

Dagoeneko 36.000 dira Grezian harrapatutako iheslariak. Idomeni gunean, Mazedoniaren eta Greziaren artean, 14.000 lagun daude aurrera egin ezinik. UNHRC Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaile Babar Balochek ohartarazi duenez, Mazedoniako mugazainen «jarrera arbitrarioa» antzeman dute; siriar eta irakiar guztiei ez diete igarobidea bermatzen, orain arte ez bezala. Duela aste batzuk afganiarrak errefuxiatutzat hartzeari utzi zioten.

Aurreko astean Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak bidalitako mezuan sakondu nahi du EBk: «Ez etorri Europara». Nola hala gerarazi nahi du EBk iheslarien etorrera, eta horretarako lehenetsi du Turkiako kanpalekuetakoak jasotzea. Milaka eta milaka errefuxiaturen ihesbidea itxita, ireki daitezkeen beste edozein bideren aurrean «berehalako neurriak» hartzera deitu dute 28ek.

Publizitatea

Sortu kontua
Adrian Garcia Adrian Garcia

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak