Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Ustekabeko galanta

Publizitatea

Kirola

Ustekabeko galanta

Ramil Guliyev turkiarrak ezustean irabazi du 200 metrokoa Londresen, Munduko Txapelketan, eta Wayde Van Niekerken erronka zapuztu du
Ramil Guliyev, garaipena ospatzen, atzo.
Ramil Guliyev, garaipena ospatzen, atzo. SRDJAN SUKI / EFE

2017-08-11 / Julen Etxeberria

Ezusteen txapelketa ari da izaten Londreskoa abiadura probetan. Ez Usain Bolt, ez Elaine Thompson ez ziren gai izan 100 metrokoan urrezko domina irabazteko. Boltek brontzearekin konformatu behar izan zuen. Thompson, berriz, ez zen ezta podiumera igotzeko gai izan ere. Atzo, ordea, 200 metrokoan izan zen ustekabea. Wayde Van Niekerk zen faboritoa. Hegoafrikarrak eskura zuen Michael Johnson estatubatuarrak orain 22 urte Goteborgeko Munduko Txapelketan lortutakoa berdintzea: 200 eta 400 metrokoan nagusitzea, hain zuzen ere. Finalerdietan estu eta larri ibili zen sailkatzeko, baina hala ere, bera zen hautagai nagusia podiumeko koska gorenera igotzeko.

Eta hala zen ere helmugarako bost metro eskas falta zirela. Zuzen-zuzenean zihoan Londresen urrezko bigarren domina irabaztera eta historia egitera. Baina hor azaldu zen ezustean Ramil Guliyev turkiarra —Azerbaijangoa da jaiotzez—, atzetik aurrea eginez garaipena lortzeko. Egindakoa sinetsi ezinik zen Guliyev. Eta ez da gutxiagorako, txapelketako ustekabekorik handiena eman baitzuen. Atzo arte iaz Amsterdamen Europako Txapelketan irabazitako zilarrezko domina zuen lorpenik handiena, baina hori txiki-txiki geratuko da atzokoaren alderatuta. Hamahiru urte ziren ez zuela atleta zuri batek irabazi 200 metrokoa. Kostas Kenteris greziarra izan zen azkena, 2001n, Edmontonen (AEB).

Pozez zoratzen zen Guliyev lasterketa amaitutakoan, baita Van Niekerk ere. Azken unean urreak ihes egin arren, egindakoarekin konforme zen hegoafrikarra. Bazekien oso erronka zaila zuela esku artean, eta gutxigatik ez du lortu helburua. Hala ere, erakutsi du etorkizunean zeresana izango duela. Zail, oso zail izango du Usain Boltek egindakora iristea, baina bide onean da. Lekukoa hartzeko prest da.

Publizitatea

Sortu kontua
Julen Etxeberria Julen Etxeberria

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak