Albistea entzun

Justiziaren erreforma, mahai gainean

Txinako Alderdi Komunistak tokiko epaitegiei independentzia handiagoa ematea aztertuko du, agintarien gehiegikeriak galarazteko
Xi Jinping Txinako presidentea, eta Li Keqiang lehen ministroa, martxoan eginiko biltzarrean.
Xi Jinping Txinako presidentea, eta Li Keqiang lehen ministroa, martxoan eginiko biltzarrean. ADRIAN BRADSHAW / EFE

Adrian Garcia -

2014ko urriak 21

Historian lehen aldiz, zuzenbide estatuari eta botere judizialaren erreformari buruz arituko dira Txinako Alderdi Komunistaren urteroko bilkuran, ustelkeriaren aurkako kanpainan bete-betean dagoela. Atzo hasi zuten batzarra Batzorde Zentraleko 205 kideek, eta ostegunera bitartean bilduko dira. Ustelkeria kasuen eta tokian tokiko agintarien gehiegikerien aurka borrokatuz, zilegitasuna irabazi nahi du Txinako Alderdi Komunistak. Bide horretan, tokiko epaitegiei independentzia handiagoa ematea aurreikusi dute, tokiko agintarien gehiegikeriak eragozteko. Bien bitartean, disidente eta kritikoen atxiloketa kanpainari ekin diote agintariek.

Alderdi Komunistaren urteko bilkurarik garrantzitsuena da. Xi Jinping Txinako presidentearen gidaritzapean helduko diote lege erreformari. Alderdiko delibero eta eztabaidei buruz ezer gutxi argitaratuko da egunotan, hermetikoki itxi baitira herrialdean agintzen duten alderdi buruak. Prentsa ofiziala da bilerako iturri bakarra. Edonola ere, ostegunean erabakien berri ematea espero da.

Alderdiak berak nabarmendu du zuzenbide estatuaren garrantzia «gizarte aberats bat» eraikitzeko garaian, eta «erreforma sakonak» izango direla aurreikusi du. China Daily albiste agentzia ofizialaren arabera, helburua «lege sistema batean oinarritutako gobernatzeko sistema baten» eraketa azkartzea da. Hedabideak ohartarazi du erreforma «Txinako ezaugarriak» kontuan hartuz egingo dutela.

Bilkurak benetako botere banaketa ezartzea zaila izango da. Alderdi Komunista legearen gainetik dago Txinan, eta analistak bat datoz egunotako konklabeak hori aldatuko ez duela. «Lege erreformak muga jakin batzuk ditu alderdi bakarreko sistema autoritario baten barruan», idatzi du Paul Gewirtz AEBetako Yaleko Unibertsitateko txinera ikasketen zuzenbideko irakasleak New York Times egunkarian. Halere, askok aurrerapausotzat jo dute biltzarrean gaiari heltzea.

Izan ere, alderdia presiopean dago. Txinako lege sistemak ez ditu konpontzen herritar askoren arazoak, eta sortutako bidegabekerien ondorioz milaka eta milaka dira Pekin hiriburura alderdikideei babesa eskatzera joan ohi diren herritarrak. Eragin handiagoa baitu alderdiko buruzagi baten hitzak epaile batenak baino.

Oso botere gutxi dute epaileek. Tokian tokiko agintariek aukeratzen dituzte, eta horrek manipulagarriagoak egiten ditu. Horrez gain, ez dute epaiketa batean sententzia bat ebazteko eskumenik. Kontseilu judizial baten onespena behar dute horretarako.

Uztailean Txinako Auzitegi Gorenak erreforma egiteko hainbat irizpide eman zituen.Tokiko agintarien ordez, probintzietakoek aukeratuko dituzte epaileak, modu horretan presioak saihestuko dituztelakoan. Gainera, sententziak ebazteko eskumena emango diete, kutsu politikoa duten kasuetan izan ezik. Gardentasuna hobetzea ere aurreikusi dute. Bestalde, atzerritarrek epaitegietara jo ahal izango dute «normaltasunez». Orain epaile baten baimena behar dute horretarako.

Gero eta ohikoagoak diren indarkeria kasuekin amaitu nahi du horrela alderdiak. Asko dira desjabetzeen kasuak, eta epaitegiek babesgabe uzten dituzte herritar ugari. «Justizia ezak zuzenean eragiten dio Pekini. Bidegabekeriek herritar asko justizia beste bideetatik bilatzera bultzatzen dute. Kalte handia egin diezaioke horrek alderdiari», azaldu dio Efe agentziari diplomazialari atzerritar batek.

Joan den astean, esaterako, Yunnan probintziako nekazariek euren lurren defentsan zentro logistiko bat eraikitzen ari ziren langileen aurka egin zuten. Sei langile eta bi nekazari hil ziren borroketan.

Ustelkeria kasuak

Zhou Yongkang Alderdi Komunistako Komite Iraunkorreko kide eta Segurtasun Publikoko ministro izandakoaren patua erabakiko dute bilkuran. Herrialdeko politikari boteretsuenetarikoa izan zen, eta segurtasun indarren buruzagitza baliatuz botere sistema paralelo bat ezartzea leporatzen diote. Bilkuran alderditik botatzea erabaki dezakete. Alderdiko buruzagitza osatzen duten Komite Iraunkorreko zazpi kideek erabakiko dute haren zigorra.

Iazko bilkuran merkatu askea sustatzeko hainbat neurri ekonomiko hartu zituzten agintariek, eta hainbat alorretan espero ez ziren erabakiak hartu zituzten. Esaterako, lan eremuak desegin eta haur bakarreko politika malgutuko zutela aurreratu zuten.

Aurtengo bilkuran ustelkeriaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzea espero da. Txinako Alderdi Komunistaren barneko erakunde baten esku dago orain ustelkeria auziak ikertzea, eta horrek kritika asko aireratu ditu, legez kanpokoa delakoan. Horregatik, gobernuaren barne egongo den ustelkeriaren aurkako bulego berezi bat ezarri dezakete.

Prentsa ofizialak dagoeneko bilkuraren «arrakasta» nabarmendu du. Halere, ohartarazi dute agintari asko «hezi» beharko dituztela. «Tokiko buruzagi batzuek oraindik feudalismoko ideiak dituzte, eta legea eurek direla uste dute oraindik», azaldu dio funtzionario batek Xinhua albiste agentziari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Italiako parlamenturako hauteskundeen jarraipena. ©EFE

Europako eskuin muturrak beso zabalik hartu du Meloniren garaipena

Julen Otaegi Leonet

«Merezitako garaipena» lortu duela adierazi dute haren aliatuek. Bestalde, hauteskundeen emaitzak «tristeak eta kezkagarriak» direla adierazi du Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordeak.

Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Alesandr Lukaxenko Bielorrusiakoa, gaur, Sotxin. ©EFE

Kazakhstanek eta Serbiak ez dituzte aitortuko Ukrainan okupatutako lurretako galdeketen emaitzak

Igor Susaeta

Errusiaren aliatuek eskatu diote Kremili errespetatzeko estatuen «lurralde batasunaren printzipioa». Putinen inguruko agintariek errekrutatzean gertatzen ari diren «hutsegiteak» salatu dituzte.

Giorgia Meloni FdI ultraeskuindarraren buruzagia, gaurko ordu txikietan, emaitzak ospatzen ©EFE

Ultraeskuindarrak buru dituen gobernu bat aldarrikatu du Melonik

Ander Perez Zala

Koalizio eskuindarrak irabazi ditu Italiako Parlamenturako bozak, botoen %44 inguru bilduta, behin-behineko emaitzen arabera. Abstentzioa inoizko handiena izan da: %36.

Oinezkoak Francisco de Paula Santander zubian, Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko mugan. ©Rayner Peña R. / EFE

Berriro ireki dute Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko muga, zazpi urteren ondoren

Maddi Iztueta Olano

2015ean igarobidea itxia izan ostean, orain lurreko eta aireko merkataritza trukeetarako erabili ahal izango da bi herrialdeen arteko muga. Kolonbiako gobernu aldaketak aukera eman du bi lurraldeen arteko harreman diplomatikoak leheneratzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...