Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Bihotzean, kultura garaikidea

Publizitatea

Kultura

Bihotzean, kultura garaikidea

Hiriartea arte garaikidearen zentroa jarriko du abian Iruñeko Udalak 2019rako, Ziudadelan. Besteak beste, urteetan gordeta egon den udalaren arte bilduma ikusi ahal izango da.
Hiriarte proiektuaren bitartez, arte abongoardiaren edukiontzi handi batean bilakatuko du Iruñeko Udalak Ziudadela.
Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

2017-10-13 / Naiara Elola

Goitik behera eraldatu nahi du Iruñeko Udalak Ziudadelako kultur eskaintza. Hango eraikinak, Armen eta Mistoen aretoak kasurako, erakusketagune soil modura erabili izan dira urteetan. Arte adierazpen ezberdinek izan dute tokia hor, baina irizpide zehatzik gabe hautatzen zuen Kultura Sailak zein lan erakutsiko ziren, eta zein ez. Hainbat hiritako ereduak aztertu ondotik, Ziudadelan Hiriartea arte garaikidearen zentroa abian jartzeko proiektua erabat zehaztua du udalak. Ezarri nahi duen kultur politika berriaren ardatz nagusietako bat izango da, gainera. Eskaini nahi duten kultur eredua «gertukoa, irekia, sormenezkoa eta kalitatezkoa» izatea nahi dutela adierazi du.

Azpiegituretan baino gehiago, eskaintzen den horretan zentratu da Iruñeko Udala Hiriartea proiektua diseinatzerakoan. Maider Beloki Kultura zinegotziak argi utzi du ez dutela eraikin berririk eraikiko. Izan ere, Ziudadela ondare moduan dago izendatua, eta, ondorioz, ez dago obra askorik egiteko aukerarik. Hala ere, eraikinetan berogailu sistemak jartzeko lanak hasiko dituzte hurrengo urtean. «Neguan batez ere, izugarrizko hotza egiten du eraikinetan, eta arazo horri irtenbidea jarri nahi diogu». Zailtasunak zailtasun, Ziudadela hiriaren bihotzean dago, eta, horri esker, publikoarentzat «oso toki erakargarria» dela uste du Belokik.

Oro har, Hiriarteak hiru oinarri nagusi izango ditu. Batetik, tokiko zein nazioarteko artisten lana erakusteko eta hedatzeko gunea izango da, «betiere, egun artistak sortzen ari direnaren lagungarri modura». Bestetik, publiko zabalak kultura garaikidean lantzen ari den sorkuntzaren inguruan hausnartzeko topagune modura erabiliko dute. Eta, azkenik, Ziudadela sormenerako espazioa ere izango da, produktu artistikoak ikertu eta gauzatzeko aukera emango duena. Hain zuzen, azken erabilera horrek eragin dezake kezka gehien. Izan ere, artearen sorkuntza prozesuan jartzen du fokua Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak ere. Bi proiektuak elkarren oso gertu daude, hamar kilometro inguruk banatzen ditu. Bi zentroen artean talkarik izan daitekeen galdetuta, Beloki ziur agertu da ez dela arazorik izango: «Uharteko kideekin maiz biltzen gara, eta ziur nago bi proiektuak osagarriak izango direla».

Hiriartea erabat abian izaterako 2019. urtea izango dela irizten dio zinegotziak. Baina egitasmoa erabat gauzatu ahal izateko, ekinbideak behar adinako aurrekontua izatea ezinbestekoa dela adierazi du: «2018ko Iruñeko udaleko aurrekontuetan, kultura sustatzeko diru saila handitzea beharrezkoa da».

Bide berriaren adibide

Hala ere, Ziudadelako kultur eskaintzan aldaketak hasiak dira jada. Urtarrilean, Pi eta Fernandino arte bildumagileek Iruñeko Udalaren esku utzi zituzten 87 artelan, behin-behinean; Brossa, Muntadas, Tapies, Juan Muñoz edota Esther Ferrerren lanak, besteak beste. Hiru urterako utzi dituzte, baina epe hori luzatu egin daiteke. Norabide aldaketaren ikur bilakatu zen BAT erakusketa, otsailetik maiatzera bitarte Ziudadelako Armen aretoan ikusgai izan zena. Urteetan egurrez estalitako aretoaren leihoak ireki egin zituzten, kanpoko argiari barrura sartzen utziz. «Aro berriko» lehen erakusketa izan zen Pi eta Fernandinoren bilduman oinarritutakoa. Batez ere, obra grafikoa zen erakusketaren muina, eta, udalak adierazi duenez, oso harrera ona izan zuen.

Bide horretatik jarraituz heldu zen BI, inguratzen gaituena erakusketa. Arte garaikideko 30 artelanen bitartez «bizitzea tokatu zaigun garaiari buruz hausnarketa sustatzea» zen helburua. Belokiren arabera, «aurreko ikuspegia galdu gabe, orainaldian» jarri nahi dute fokua. UPNren udal gobernuek kultur arloan aurrera eramandako politiken eraginez, inguruko hiriekin alderatuta, arte garaikidean Iruñea atzeratuta dagoela salatu du, eta hori Hiriartea bezalako proiektu bat martxan jartzeko arrazoi pisuzkoetako bat dela dio. Proiektuaren eredu modura hartu dituzte Bartzelonako CCCB, MACBA Arte Garaikideko museoa eta Fabra i Coats arte sorkuntzarako fabrika. Izan ere, arte garaikideari dagokionez, Bartzelona punta-puntako hiria dela defendatu du.

Oro har, gizartean arteen abangoardian ezagutza falta dagoela iritzi arren, sorkuntzari dagokionez baikor azaldu da Kultura zinegotzia. «Oso bolada gozoan gaude. Oso artista interesgarriak ditugu, eta uste dut orain horiek ikusgarri egitea dagokigula». Horregatik, tokiko artistek «denbora luzez ukatu» zaien tokia «bermatuta» izango dutela ziurtatu du.

Musika eskaintzari dagokionez ere erreferente bilakatzea da Ziudadelarako Iruñeko Udalak aurreikusitako asmoetako bat. Egun, ez dago agertokirik duen eraikinik. Baina horri irtenbidea aurkitu dio. Izan ere, maiatzean eta ekainean musika jaialdiak eta estilo askotariko kontzertuak programatzeko asmoa dute. Hain zuzen ere, heldu den urriaren 18ra bitarte, deialdi bat martxan da, Ziudadelako lorategia agertoki gisa erabili nahi duten elkarte eta sustatzaile pribatuek proiektuak aurkez ditzaten.

Publizitatea

Sortu kontua
Naiara Elola Naiara Elola

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak