Albistea entzun

Bakearen irudi bat egiteko

Arteak bakeaz sortu dituen irudikapenak aztertuko ditu Donostia 2016ren Bake-ituna proiektuak. Erakusketa handi batek, zortzi txikiagok eta zazpi artistaren sorkuntzek osatuko dute egitasmoa
1
1 - / EZEZAGUNA

Ainhoa Sarasola -

2016ko apirilak 13 - Donostia

Artearen historiari erreparatuta, nola irudikatu izan dute sortzaileek bakea? Galdera horri erantzun nahi dio Bake-ituna izeneko egitasmoak. Bakeaz artean, eta baita zuzenbidean ere, historian nolako iruditeria sortu den aztertuko du proiektuak, hainbat formatu eta ikuspegitatik ikertu ere. Erakusketa handi batek, gertakari historiko zehatzagoei buruzko zortzi mostra txikiagok eta zazpi artista garaikideren sorkuntzek osatuko dute proiektua, eta hainbat argitalpen ere plazaratuko dituzte. Donostia 2016 kultur hiriburutzaren proiektu nagusietako bat dena atzo aurkeztu zuten arduradunek, lankidetzan jardun duten eragileetako ordezkariekin batera, Madrilgo Prado museoan.

Donostiak hartuko du proiektuaren erakusketa nagusia, 1516-2016. Bake-itunak izenekoa. Egitasmoari «sakontasuna eta testuingurua» emango dioten beste zortzi erakusketa txikiagoak, berriz, Euskal Herriko museoetan jarriko dituzte ikusgai, Salamancako Unibertsitatean (Espainia) paratuko dutena izan ezik. Gertakari historiko jakin bati erreparatuko dio bakoitzak, «Urtubiako bake itunetik Aljerreko elkarrizketetara». Horiekin batera, zazpi artista garaikidek beste ikuspuntu batzuetatik helduko diote auziari beren sorkuntzetan; esku hartzeak egin edo pieza eskultoriko zein zinematografikoak onduko dituzte; parte hartuko dutenen artean daude Ibon Aranberri eta Asier Mendizabal, besteak beste. Eta jarduera horien guztien osagarri, hainbat argitalpen plazaratuko dituzte.

Egitasmoa Santi Erasoren ideia izan zela azaldu dute arduradunek —Donostia 2016ko lehen zuzendaria izan zen—, eta komisario lanak Pedro Garcia Romerok egin dituela. Donostia 2016k San Telmo museoarekin eta Koldo Mitxelena kulturunearekin elkarlanean antolatu du proiektua, beste zenbait entitateren babesarekin eta hogei museo eta arte espazio ingururekin lankidetzan. Euskal Herrikoak batzuk —Gasteizko Artium, Bilboko Arte Ederren Museoa, Baionako Euskal Museoa, Jorge Oteiza fundazio-museoa, Zumalakarregi museoa...—, eta Euskal Herritik kanpokoak beste batzuk; tartean, Parisko Louvre museoa eta Pompidou zentroa; Madrilgo Prado museoa eta Reina Sofia arte zentroa; Museu Nacional d'Art de Catalunya, Bartzelonako Museu d'Art Contemporani, Tapies fundazioa eta Salamancako Unibertsitatea.

ERAKUSKETA NAGUSIA

Ekainaren 17an zabalduko dute Donostian 1516-2016. Bake-itunak erakusketa. San Telmo museoaren eta Koldo Mitxelena kulturunearen artean banatuko dituzte ikusgai izango diren obrak, eta asko izango dira, 400dik gora, nazioarteko 21 museotako bildumetatik ekarritakoak —Louvre, Reina Sofia eta Pradoko funtsetakoak, tartean—. Hala, izen handiko artisten lanak ikusi ahal izango dira erakusketan, hala nola Pablo Picasso, Francisco Goya, Charles Edouard Le Corbusier, Peter Paul Rubens, Bartolome Esteban Murillo, Jose Ribera, Maruja Mallo, Elena Asins, Nancy Spero, Alice Creischer eta Sophie Ristelhueber artistenak. Bakeari, nazioarteko itunei, desmilitarizazioari eta gerra eta indarkeriarik ezari erreferentzia egiten dioten obrak, guztiak ere. Bederatzi argumentu eremutan banatuko dituzte lanok; hain zuzen, Bakearen Iberiar Eskolak bake itunak banatzen zituen auzien arabera: Lurraldeak, Historia, Ikurrak, Milizia, Hildakoak, Biztanleria, Ekonomia, Armak eta Itunak. Bakearen Iberiari Eskolan izan zuten bezala, erakusketan ere islamaren aurkako gerrek eta Amerikaren kolonizazioak eragin nabarmena izango dutela aurreratu dute, baita antzeko edukiak landu izan dituzten museoei keinu bat egingo diela ere. Erakusketa urriaren 2ra bitartean egongo da zabalik.

ERAKUSKETA ESPEZIFIKOAK

Formatu txikiagoan, Euskal Herriko gertakari historiko jakin batzuk aztertuko dituzten zazpi erakusketa eta Jose Maria Serti buruzko monografiko berezi bat ere izango dira ikusgai. Gertakari jakinei lotutako obrak erakutsiko dituzte mostrek, eta, horien bidez, gertakariok artearen ikuspegitik aztertzeko eta analisi garaikideak egiteko aukera izango da, esaterako, Bergarako Besarkadaz edo Gernikako bonbardaketaz. Donostian ez ezik, Baiona, Altzuza (Nafarroa), Gasteiz, Bilbo eta Ormaiztegi zein Bergaran (Gipuzkoa) zabalduko dituzte erakusketak, eta Euskal Herritik kanpora ere aterako da proiektua, Bartzelonara eta Salamancara ere iritsiko baitira proiektuetako bi.

ALDIRIAK

Proiektuan «jokoan jarritako elementuak» abiapuntu gisa hartu, eta beren sorkuntzetan ikuspuntu berrietatik lantzeko eskatu diete Ibon Aranberri, Eduardo Molinari, Mitra Farahani, Juan Luis Moraza, Alejandra Riera, eta Asier Mendizabali eta Ines Douja eta John Barker artistek osatutako bikoteari. Gipuzkoako hainbat herritan esku hartzeak egingo dituzte batzuek, eta pieza eskultoriko nahiz zinematografiko berriak sortuko beste batzuek, «gogoeta eta pentsamendu kritikoa» bultzatzeko. Aldiriak izenburupean bildu dituzte horiek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nerea Ibarzabal bertsolaria, atzo, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoan, Larrabetzun. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Begirada guztiak finalera begira

Olatz Enzunza Mallona

Nerea Ibarzabalek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. Horrekin batera, erabakita geratu da finalisten zerrenda
1 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Berriro ere topagunea da

Ainhoa Sarasola

Iazko etenaren ondotik, aurrez aurrekoa izatera itzuli da Durangoko Azoka, eta, edukiera mugarekin, jendez bete da berriro ere Landako Gunea. Txandaka joan dira sartzen bisitariak, pilaketarik gabe
Myriam Miranda, Igor Muniategi, Amaia Ozerin eta Maite Bidarte, atzo, Landako guneko areto nagusian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bidea urratzeko lanabesak

Andoni Imaz

Sortzaileei euren jardunean laguntzeko zenbait tresna azaldu dituzte mahai inguru batean: egile eskubideei, kontratazioari eta zabalkundeari buruzko argibideak eman dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ainhoa Sarasola

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.