Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Orainaldia eraldatu nahian

Publizitatea

Kultura

Orainaldia eraldatu nahian

Gasteizko errealitatean eragiteko proiektua aurkeztu du Iñaki Landa kazetariak. Kultur mapa sortuta, dokumentala eta 'app'-a sortzea dute hurrengo helburu.
Iñaki Landa, Mikel Buruaga eta Gindi Auzmendi, proiektuaren bultzatzaileak.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-04-21 / Beñat Alberdi

Gasteizko zenbat gunetan sortzen edo sustatzen da kultura?», galdetu dio bere buruari Iñaki Landa kazetariak. Hariari tiraka hainbat hutsune aurkitu ditu Arabako hiriburuan: herritarrek guneak ez ezagutzea, agenda bateratua kontsultatzeko aukerarik ez izatea, eta hiriko proiektu asko ezezagunak izatea. Hiru arazo identifikatu ditu, eta hiru konponbide proposatu. Guneak ezagutarazteko story map bat osatu dute Landak eta auzolanera animatutako gasteiztarrek; hiriko gazteen proiektuak hedatzeko dokumental bat prestatzen dabiltza Landa, Gindi Auzmendi eta Mikel Buruaga; eta agenda bateratzeko app bat sortzea da hurrengo helburua. Dena, Orainaldia: Laissez faire proiekturen barruan.

«Ikusten genuen gure agendak bete egiten zirela etengabe», azaldu du Landak. «Aukera guztiak, ordea, ez zeuden inon batuak». Kultur sortzaileen eta kontsumitzaileen artean hutsune bat igarri du kazetariak. Baina, batez ere, guneak ezagutzeko edo kokatzeko orduan. «Guneen mapa bat da oinarrizkoena; egitaraua batuko dugu gero».

Jadanik osatu dute Gasteizko kultura alternatiboaren story map-a, eta eskuragarri dago Interneten. 70 gune inguru batu dituzte mapa interaktibo batean. Kokapena ez ezik, toki bakoitzaren argazkia eta kontakturako bideak ere sartu dituzte mapan. «Zeinek pentsa zezakeen Gasteizen horrelako 70 gune baino gehiago daudela? Guk ere ez genituen denak ezagutzen».

Auzolana

Izan ere, hamaika komeria izan dituzte zenbaketa egiteko: «Zulo handiak genituen. Nik ez nituen denak ezagutzen, Gindik eta Mikelek ere ez. Bakoitzak ezagutzen zituenak ekartzen zituen bakarrik». Arazoa aurkitu, eta, kasu honetan ere, konpondu egin zuten, auzolanez.

Hamar pertsonak parte hartu dute mapa osatzen. «Bi egunez ikastaro bat antolatu genuen. Elkartu egiten ginen, eta zerrenda osatu. Gero, kontu teknikoetan sartu ginen». Hala ere, kultura alternatiboen mapa osatzea ez da helburu bakarra izan. Story map-ak tresna baliagarriak direla nabarmendu du Landak, eta zehaztu du garrantzitsua dela interesatuek erabiltzen ikastea.

Kazetariaren ustetan, sortutako tresna ez da erabilgarria izango Arabako hiruburuko biztanleentzat bakarrik. «Lehen, Iruñera, Donostiara edo Burgosera joaten nintzenean zein taberna bisitatu jakiteko, Tmeo eta Monográfico aldizkariak erabiltzen nituen». Gasteiz bisitatuko duten guztientzat erreferentzia bilaka daitekeela uste du: «Bestela ez dakizu nora joan. Londresen edo New Yorken horrelako mapa bat egotea eskertuko genuke».

Orainaldian: Laissez faire proiektuak bete du, beraz, hiru helburuetako bat. Hots, kultura guneak ezagutaraztea. Abian da, ordea, beste helburu bat betetzeko bidea: dokumentala, hiriko gazteen proiektuak ezagutu ditzan hiriak. «Kulturguneetara joatean, ikusten genituen istorio pila bat ezezagunak zirela», argitu du Landak. Erreportaje laburra maiatzerako edo ekainerako bukatua izatea espero dute.

Hasiera batean, Gasteizko kultur egileak hartu zituzten jomuga, bestelako irizpiderik gabe. «Pertsona helduak, famatuak, etortzen zitzaizkidan burura, hala nola Juan Ibarrondo idazlea eta Txerra Bolinaga musikaria». Hori ikusita, gazteei begira jartzea erabaki zuten, bestela ez zutelako ezer berririk eskainiko.

«Gasteizen izugarrizko kultur mugimendua dago, eta irudia eraberritu beharra dagoela ikusi dugu». Besteak beste, Paul Urkijo zinemagilea eta Irantzu Lekue artista sartu dituzte dokumentalean. «Eider Bernaola argazkilaria ere elkarrizketatu dugu. Emakumearen biluztasuna lantzen du optika feminista batetik, ikuspegi ez-sexista eta ez-porno batetik». Era berean nabarmendu ditu Santi Tabu eta Lady Polvora postporno egileak. Emakumeak oraindik pairatzen duen objektu bihurtzearen gaia lantzen dute begi kritikoekin. «Guztia Gasteizen egiten dute».

Proiektuaren hirugarren helburua kultur agenda bateratua sortzea da. Oraingoz, dena den, geldirik dago, finantzaketa bila dabiltzalako. «App bat sortu nahi dugu, sakelakoetarako. Bertan, Gasteizko kultur agenda guztia sartuko dugu; bai alternatiboa, bai instituzioena». Agenda kontsultatzea ez ezik, non egingo den geolokalizatzea ere lortu nahi dute. Esaterako, erabiltzailea dagoen tokitik bi kilometroko diametroan zein kultur ekintza egongo diren jakin ahal izango du.

Zabaltzeko aukera

Oraingoz, Gasteizerako egin nahi badute ere, Landari aukera ona iruditzen zaio Euskal Herrira hedatzea. Hau da, aplikazio berean begiratzea zein kultur ekintza egongo diren Gasteizen, Bilbon edo Angelun. «Oraingoz hemen hasi behar dugu, hemen sortu ditugulako baldintzak. Gainera, Hernaniko errealitateari buruz ez dugu hitz egingo hernaniarrik gabe».

Ironikoki erabili dute laissez faire (utzi egiten) goiburu liberala proiektuari izena jartzeko. Liberalek ekonomian gobernuen esku hartzeen aurka erabiltzen zuten. Eurek kulturan gobernuek izaten duten esku hartzeen aurka erabili dute. «Utzi gazteei egiten. Kasu honetan, instituzioek moztu egiten dute kulturaren inguruan egiten den lan guztia».

Orainaldia ere aukeratutako izena izan da: «Utzi atzera begiratzeari, utzi pertsona esanguratsuei begiratzeari. Eman diezaiegun benetan dagokien tokia gazteei».

Gasteizko kultur sorkuntza indartsu ikusten du Landak: «Egon da halako diskurtso edo esparru ideologiko bat kultur sortzaileen artean. Kultura hiltzen ari dela salatu dute». Kazetaria, ordea, ez dago batere ados horrekin: «Egia da diru laguntzak asko murriztu dituztela. Baina aurkako mugimendu bat sortu du. Toki autonomo berri mordoa sortu dira». Hala ere, kultura bizitzeko modua aldatu beharra nabarmendu du: «Altxor galanta daukagu Gasteizen. Baina artistei ez diegu euren lana aitortzen».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea