Noiz sortua: 2016-10-27 00:30:00

Borrokalari etsipenaren aurrean

Gizakiaren tragediez eta bizitzaren «anabasaz» mintzo da Txuma Murugarren 'Zerbait ari da gertatzen, hor' disko berrian. Soinu lakar eta indartsuko lana osatu du bere ohiko taldekideekin
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2016ko urriak 27
Lerro bat. Edo bide bat. Diskoak pentsatu eta egiteko orduan, kontzeptu edo ideia bati jarraitzen dio beti Txuma Murugarrenek. «Mania» du zerbait trinkoa egitekoa, diskoa «kantu bilduma kontzeptual» gisa ulertzen duelako. «Gizakiok gauzak antolatzeko eta ordenatzeko joera dugu, eta ni ere zerbait trinkoa egiten saiatzen naiz». Zerbait ari da gertatzen, hor (Gaztelupeko Hotsak) bakarkako zazpigarren diskoa ez da salbuespena. Bide bati jarraitzen dio. Lerro jakin bati. «Bide lakar eta indartsu bati», zehaztu duenez.

Hori baitu diskoak ezaugarri nagusi: lakartasuna. Neurri batean bada ere, melodiatik aldentzea erabaki du. «Melodia beti oso presente egon da nire kantuetan, baina kantu hauetan bide horretatik alde egin dut, kantu sotilagoak egiteko». Eta hezurduran utzi ditu. «Baina hezurdura horrek oinarri oso indartsua dauka. Kantuen narrazioak hori eskatzen zidan. Oinarri sendoen gainean zertzelada melodiko batzuk ezartzea, baina utzi gabe melodiei gailentzen». Melodiak lehen planoan ez daudenez diskoak entzunaldi bat baino gehiago behar duela uste du Murugarrenek. «Baina disfrutatzeko diskoa da. Jarri eta dituen ñabardura guztiekin gozatzeko». Horregatik, publiko «eskarmentuduna» behar du, «edozer gauzarekin asetzen ez den hori».

«Disko heldua». Horrela definitu du egileak azken lana. Ez, ordea, heldutasuna helmuga gisa ulertuta, baizik eta geltoki moduan. «Hona ailegatu naiz hainbat urteren ondoren, baina ez dut uste hemen geldituko naizenik». Eta, hala ere, egilearen unea «oso ondo» adierazten duelakoan dago. «Normalean, egileok zerbait geure oso barrenetik egiten dugunean, zalantza asko izan ditugu. Egiten ari garena ondo dagoen, helduko den inora... baina sufrimendu horren ostean zer gorpuztu den eta diskoak azkenean zer bildu duen ikusi, eta emaitza ona iruditzen zait».

Estudioa, lagun

Azkeneko bi urteetan Mutrikun (Gipuzkoa) bizi da Murugarren, eta hango AME estudioan grabatu du diskoa Axular Arizmendirekin. «Oso eroso», azaldu duenez. Iazko abenduan hasi zen «gidak prestatzen», eta ekainean amaitu zuen grabazioa. «Etxetik bertan daukat, eta edozein unetan joan naiteke bertara». Ondorioz, prozesu lasaia izan da, eta ideiak birpentsatzeko aukera ere eman dio denborak. «Hori oso inportantea da, nik zalantza asko izaten ditudalako. Zerotik hasten naiz batzuetan; kantu bat grabatu ondoren berriro grabatzen dut beste formazio batekin... Halako gauzak egiteko parada izan dut».

Azkeneko urteetan bere taldea izan dena izan du oraingoan ere lagun Murugarrenek: Miguel Ramirez (gitarra), Rafa Acebes (pianoa eta teklatua), Ekaitz Hernandez (baxua) eta Natxo Beltran (bateria). Hain zuzen ere, Arizmendik diskoaren kontzeptua «oso ondo» ulertu duela uste du kantariak, «kontzeptua narrazioan eta bandaren kohesioan» baitago. «Hori lortzeko, bandak jo behar zuen elkarrekin grabazioan». AME estudio txikia da, eta teknikariak hasieratik «soinua harrapatzen» jakin zuen. «Niretzat txundigarria izan da. Hasieran lortutako soinua apenas ukitu dugun. Ez dugu postprodukzio handirik egin, eta sumatzen da taldearen pultsua». Gainera, hainbat kolaboratzaile ere izan ditu: Gaizka Insunza (Audience), Asier Ituarte (tronboia) eta Angel Unzu (gitarra akustikoa).

Zerbait ari da gertatzen, hor. Horixe, hor horren aurreko koma eta guzti, Murugarrenek diskoari jarri dion izenburua. Badu bere azalpena. «Nor bere errealitatean bizi da, eta normalean norberaren errealitatea berea izaten da; ez du beste inorekin konpartitzen, edozein dela arrazoia. Kanpoan gertatzen direnek kolpatu egiten gaituzte, gure ibilbidea baldintzatu, baina askotan ez dakigu zergatik gertatu diren, nondik datozen. Alienigena batzuk gara instituzionalizatutako errealitatean».

Horrek badu isla diskoko hitzetan, hitz egiten baitute gizakien tragediez, gabezia «txiki eta erridikuluez», eta baita bizitzaren «anabasaz» ere. «Etsipena nabaritzen da, baina puntu borrokalari batekin. Ez behintzat hasieratik onartuz eskaintzen zaigun panorama hori». Bizitzan gozatzeko gauza asko daudela pentsatzen baitu, «nahiz eta bizitza bera nahiko kabroia izan».

KONTZERTUAK

Azaroak 4. Arrasateko gaztetxean.

Azaroak 17. Errenteriako De Cine Reynan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna