Ska arimaz haragokoak

'Maskarak' bigarren diskoa kaleratu du Skasti taldeak.

Hasierako ska izpirituari uko egin gabe, funky, rock eta dance doinuak txertatu dituzte
Josu Tete (tronboi jotzailea), Mattin Saldias (gitarra jotzailea) eta Joel Crespo (gitarra jotzailea).
Josu Tete (tronboi jotzailea), Mattin Saldias (gitarra jotzailea) eta Joel Crespo (gitarra jotzailea). JON URBE / ARGAZKI PRESS

Saioa Alkaiza Guallar -

2015eko maiatzak 1
Oholtza gaineko gazte beteranoak dira. Mikrofono aurrean hamar urte daramatzaten arren, 25 urteren bueltan daude musikariak. Skarekin hasi, eta estiloen aniztasunean igeri dabilen bederatziko zarauztarra: Skasti dira. 2013an, Gaztea sariketa irabazi eta New Age diskoarekin publikoa harritu zuten, eta orain orduko esentziari eusten dion lan bat plazaratu dute: Maskarak (Elkar). Aurrekoaren antzekoa eta oso ezberdina. Helduagoa. Askotarikoagoa. Eboluzioaren ikur. Hala diote. Horregatik, hamargarren urteurrena ospatzeko kaleratu dituzten hamar abestietan funk azkarra entzun daiteke, bai eta rock klasiko landua ere, dance ukituak ahantzi gabe.

«Orain jaiotzen ari diren taldeetatik aterako dira etorkizuneko liderrak, eta Skastin izango da horietako bat». Hitzok egin ditu Elkar diskoetxeko arduradun Angel Valdesek, ziurtasunez, produktuaren indarra ezbaian jarri gabe. Izan ere, lan sendoa ikusi du: «Eklektikoa da; zabala da rockaren parterik lurtarrenean. Momentu sotilak daude».

Josu Tete tronboi jotzaileak ere aldaketa nabari du, nolabaiteko aurrerapausoa. Egungoaz mintzatzeko hasierako uneak izan ditu gogoan. Parranda zuten orduan bide orri, eta musika «aitzakia bat» zen. Orain, ordea, hankak lurrean, borondate osoz dabiltza sorkuntzan, esperien- tziaren talaiatik. «Gure musika pila bat garatu da. Bederatzi pertsonaren artean bakoitzaren aletxoa jarri dugu. Estilo asko landu ditugu. Hamar abesti dira, eta batetik bestera beti dago zerbait aldatzen dena».

Ildo berari eutsi dio Joel Crespo gitarra jotzaileak: «Mundu guztiak egiten duen musika egiten ari ginela ohartu ginen, eta hori puskatzera joan gara». Handik dator, hain zuzen, plazaratutakoaren izenburua: mozorroak kendu nahi dituzte; skaz harago zerbait badirela erakusteko asmoz daude. Horixe ekarri du gogora Mattin Saldias gitarra jotzaileak: «Skastin badago ska, baina aldatu egin da maskara; ez da bakarrik azalean ikusten dena».

Zuzenean zuzentasunez

Are gehiago definitu nahi izan du Valdesek taldearen izana. «Bi modutan begiratu ahal dira gauzak: ilunetik edo argitik. Skastik argitik egiten du». Baikortasuna ekarri du hala gogora, alaitasuna da-eta hitzetan topa daitekeen ezaugarri nabarmenena, haren ustetan. Ideia berrien bila diote kantuetako baten. Valdesen aburuz, esaldi horrek ongi laburbiltze du zertan dabilen gazte kuadrilla, zer edo zer berria sortzen. Suertatzen zaizkien arazoen irtenbideak, maitasuna... horiek dira jorratu dituzten gaietako batzuk, Tetek azaldu duenez.

Eñaut Gaztañaga izan da ekoizlea, eta Victor Sanchez arduratu da Elkar estudiotan grabatzeaz eta nahasketak egiteaz. «Zuzenean proiektatzen dute haien esentzia», azaldu du Valdesek; horregatik, ez da kasualitatea kontzertu bira iragarrita edukitzea jada. Donostian eskainiko dute aurrenekoa, maiatzaren 7an, Viktoria Eugenian; gero, Anoetan (Gipuzkoa) izango dira; eta, aurrerago, Azpeitian (Gipuzkoa).