«Eguneroko ziztadak»
Akusatu batek karguak onartu ditu

Urdaibaiko arraunlarien ustezko dopatze auzia dela-eta Bilbon egiten ari den epaiketaren lehenengo saioan, lekuko babestu batek deklaratu du ziztadak egunerokoak zirela: astegunetan, entrenamenduen ostean, eta asteburuan, lehiaketaren aurretik eta ostean ere. Aldi bakoitzean zortzi xiringa baino gehiago ziztatzen zizkietela esan du: «Behin, xiringaz beteriko poto bat ikusi nuen, eta pentsatu nuen talde osoarentzat izango zirela, baina esan zidaten denak niretzat zirela».
Urdaibaiko arraunlari ohia da lekuko babestua, eta aurpegia erakutsi gabe deklaratu du. Esan duenez, lehenengo aldiz ziztatu zutenean gaizki sentitu zen, eta hurrengo egunean uko egin zion berriro ziztatzeari. «Entrenatzaileak sekulako errieta egin zidan, eta lehenengo taldetik baztertu ninduen», esan du.
Lekukoaren arabera, estropadetara joaten zirenean bi furgoneta eramaten zituzten; iritsi aurretik, zerbitzugune batean gelditu, eta furgonetetako batean ziztatzen zituzten arraunlariak.
Adierazi duenez, behin xiringa bat eman zioten etxean ziztatzeko, baina iritsitakoan ez zuen horrelakorik egin eta garajean gorde zuen. Urdaibaitik joan zenean, Kaikuko entrenatzaile Jose Luis Kortarekin hitz egin zuen gertatutakoaz, eta hari eman zion erabili gabeko xiringa.
Lekukoaz gain, hamar akusatuek ere deklaratu dute lehenengo saioan. Denek ukatu dituzte akusazioak, batek izan ezik: Teresa Mesak onartu du dei bat jaso zuela Kordobako bere etxean (Espainia), bere burua identifikatu ez zuen eta Marcos Maynar medikuaren partez deitzen zuela esan zion pertsona batena, eta Bermeora zenbait substantzia bidaltzeko eskatu zion. Mesak aitortu du pakete bat igorri zuela Bermeora, eta hor dopatzerako erabil daitezkeen zenbait substantzia bidali zituela, horien artean eritropoietina, EPO gisa ere ezaguna.
Paketea Urdaibai taldeko presidente Josu Zabalondoren izenean bidali zuen. Zabalondok esan du ez zuela horren berri: «Nik talderako pakete asko jasotzen nituen nire bulegoan, baina ezin nuen jakin bakoitzean zer zegoen», esan du. Adierazi duenez, Jose Manuel Francisco entrenatzaileak egiten zituen eskaerak, eta Zabalondok ordaindu baino ez zuen egiten, «entrenatzaileaz fidatuta».
Marcos Maynar da beste akusatuetako bat. Lekuko babestuak esan duenez, entrenatzaileak aurkeztu zien arraunlariei, benetako izena eman gabe, baina Maynarrek berak eman zien izena, eta esan zien «Kontxako estropada irabazten» lagunduko ziela. Maymarrek ere ukatu ditu salaketak: «Nik behin Gurpegi [Athleticeko jokalaria] defendatu nuen, eta horregatik, etiketa bat jarri didate, baina ez dut inoiz dopatze deliturik egin», esan du.
Onartu du hainbat botika erosi zituela, baina, esan duenez, ez zituen Bermeora bidali, eta alabaren alergia, amaginarrebaren artrosia, Maynarrek berak pairatzen duen barrabil baten atrofia eta lagun baten zaldia sendatzeko erabili zituen.
Jose Manuel Francisco entrenatzaileak, berriz, esan du aspalditik ezagutzen zuela Maynar, eta asteburu batean elkartu zirela Bermeon: «Bisita egin zidan, eta iritzia eman zidan arraunlariei errendimenduaz, baina ez genuen substantzia edo metodo debekatuez hitz egin».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.