Ezkutuko jarduna

«Delitu erakundeek erabili ohi dituzten metodoak erabili zituzten akusatuek». Estrobo auziaren ikerketa operazioan parte hartu zuten guardia zibilek deklaratu zuten atzo, eta hori da ikusitakoari buruz eman zuten azalpena. Euren esanetan, «kode bidez» hitz egiten zuten beraien artean klubeko entrenatzaileak, zuzendaritzako zenbait kidek eta Marcos Maynar medikuak. Horrez gain, email bidezko harreman «modu sofistikatua» erabiltzen zutela ere azpimarratu zuten, ikerketak saihesteko. Arraun taldeak poliziaren lana «trabatu» zuela ere aipatu zuten: «arraunlariei Guardia Zibilarekin hitz egitea debekatu zieten, eta ez zigun inork telefonorik hartzen».
Guardia zibilez gain, lau arraunlarik ere deklaratu zuten lekuko moduan, eta asteartean hitz egin zuten hamabi arraunlariek esan bezala, zainetatik inoiz ez zirela ziztatu esan zuten. Baina aitortu zuten sorbaldan, ipurdian eta tripan ziztadak hartu izana. Iker Zabala Urdaibaiko arraunlariak adierazi zuenez, astez bi edo hiru aldiz ziztatzen zituzten, eta lehiaketak zeuden asteburuetan beste bi edo hiru aldiz. Bi urtez Castroko taldean aritutakoa da Zabala. «Castron egiten zen berdina egin izan dut Urdaibain: ziztatu izan gaituzte kanpoan lehiatu dugun aldiro, furgonetetan, landetxeetan...». Jon Albizu arraunlariak ere Bermeotik urrun lehiatzen zutenean injekzioak hoteletan hartzen zituztela adierazi zuen. «Lan hori Borja Garai medikuak eta Arantza Ormaza erizainak egiten zuten».
Xabier Zulaika arraunlariak, berriz, aitortu zuen urte asko daramatzala arraunean eta egon den «talde guztietan» jaso dituela ziztadak. Ekaina eta uztaila aldera ziztada gehiago ematen zirela esan zuen.
«Nire kasuan lehiaketen aurretik ez ninduten ziztatzen, baina udan ziztadak areagotu egin ziren», azaldu zuen Oscar Viudez Urdaibaiko arraunlariak ere. Bestalde, argitu zuen astelehenean deklaratu zuen lekuko babestuak, Urdaibaiko arraunlari izandakoak eta bertan dopin substantziak hartu izana esan zuenak, giro txarra sortu zuela taldean 2009-2010 denboraldi hartan. Eta entrenatzaileari aurka egin ziola, hark taldetik kanpo utzi zuelako.
Korta, justizia eske
Jose Luis Korta Kaikuko entrenatzailea egon zen atzo epaiketan. Bera izan zen, hain zuzen, 2010ean Urdaibairen aurkako salaketa jarri zuena. Kontxako Bandera jokatu ondoren, «dopin zantzuak» ikusi zituen Bermeoko taldean. «Justizia egin dadila espero dut, arraunaren onerako eta arraunlarien osasunaren onerako», adierazi zuen epaiketa gelatik kanpo. Gaur egingo da epaiketaren laugarren saioa: beste bi arraunlarik, TKE ligako medikuak, peritu batzuk eta mezulari batek deklaratuko dute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.