Albistea entzun

«Tituluak ezin du ihes egin»

2002tik 2008ra Athleticen oinarrietako bat izan zen Itziar Gurrutxaga, tartean lau liga irabazita. Goraipatu egin du taldea sasoi honetan ematen ari den maila.
Itziar Gurrutxaga, Elgoibarren, Mintxetako futbol zelaian; gipuzkoarrak sei denboraldi egin zituen Athleticen lehen taldean.
Itziar Gurrutxaga, Elgoibarren, Mintxetako futbol zelaian; gipuzkoarrak sei denboraldi egin zituen Athleticen lehen taldean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Unai Zubeldia -

2016ko ekainak 3

Ez dakit azkenean liga irabaziko duten edo ez, baina izugarrizko meritua dauka egiten ari direnak». Ospakizunetan murgiltzeko irrikan dago Itziar Gurrutxaga (Elgoibar, Gipuzkoa, 1977), 2002tik 2008ra Athleticeko jokalari izan zena. «Lesio larri asko izan dituzte denboraldi erditik aurrera, eta bigarren taldekoei helduta esku-eskura daukate titulua». Hain eskura, bihar Oviedori eta hurrengo asteburuan Teneriferi irabaziz gero, gabarra bai edo ez eztabaidan hasiko dira denak. «Ondo merezita daukatela uste dut, eta itxaropen txiki bat badaukat. Baina ulertzen dut zuzendaritzarentzat ez dela gai erraza. Irabaz dezatela liga, eta gero gerokoak».

Bi umeren ama da egun Gurrutxaga. «5 urte egin berri ditu zaharrenak, eta irailean 2 egingo ditu gazteenak». Eta ahal duen moduan ari da egiten jarraipena Athleticen denboraldi ederrari. «Baina tarteka joaten naiz Lezamara, eta Zubietan ere izan nintzen adibidez. Txalotzekoa da egiten ari direna». Hori bai, tentu handiz aztertu ditu azken bi aurkariak. «Irabazteko moduko partida da Oviedoren aurkakoa, baina kontuz Tenerifeko partidarekin. Atletico Madrilen aurkakoari baino are beldur handiagoa diot Kanarietan jokatu beharrekoari. Bidaia, zelaia, aurkariaren maila... Ez da erraza izango, nahiz eta ordurako txapeldun izan daitekeen Athletic». Horretarako, zuri-gorriek irabazi egin beharko lukete bihar, eta Bartzelonak Atletico Madrilen aurka galdu etzi.

Baikortasunari helduta, «gazteenen lasaitasunarekin» txundituta dago Gurrutxaga. «Funtsezkoak dira esperientzia handia daukaten hiruzpalau jokalari: Iraia [Iturregi], Vane [Vanessa Gimbert], Ainhoa [Tirapu], Erika [Vazquez]... Baina 17-18 urteko gaztetxo horiek zelaian erakusten ari diren lasaitasuna... Harrituta gelditzen ari naiz».

Elgoibartarrak, gutxi-asko, badaki bi aste hauetan zer-nolako tentsio giroa izango den zuri-gorrien aldagelan. «Baina beteranoenek kolpe asko hartu dituzte azken denboraldietan, eta esperientzia horri helduko diote egoerari lasaiago aurre egiteko». Onartu du kanpotik «erraza» dela hitz egitea. «Baina lasai heldu behar diote erronkari, beste bi partida direla pentsatuta». Hori bai, gipuzkoarrak ezin du ulertu Athleticek eta Bartzelonak euren partidak ordu desberdinetan jokatzea. «Gizonezkoetan ez zen halakorik gertatuko, baina gu horrela gabiltza oraindik. Pauso asko falta dira emateko».

Gurrutxaga Zarautzen hasi zen futbolean, hondartzan. «Artean Elgoibarren ez zegoelako talderik». Mintxetako instalazio berrietara joan ziren gero. «16 bat urterekin, lagun giroan. Partidak, eta parranda pixka bat, eta...». Koska bat gora egin zuen Eibartarrak taldean. «Gehiago zaindu, lehenengo lesioei aurre egin...». Eta bi esperientzia horiekin alderatuta, «salto handia» izan zen Athleticekoa. «Beste kontu bat izan zen hura. Instalazioak, materiala, medikuak... Profesionalen munduan sartzen hasi ginen, eta izugarria izan zen, ordura arte guretzat lagun giroko zerbait zelako futbola».

Hasiera, «ez sinestekoa»

Athleticera iritsi, ligari ekin, eta titulua irabazi. «Ezustekoa izan zen lehen urtean liga irabaztea, Levantek eta Pueblak oso egitura indartsua zeukatelako ordurako. Han zeuden Espainiako jokalari onentsuenak, eta soldata txiki bat ere jasotzen zuten». Baina maila harrigarria eman zuen Leioaren ondorengo egitura hark. «San Mames erabat beteta jokatzea eta liga irabaztea... Ezin da eskatu gehiago». Tira, bai, Txapeldunen Liga jokatzea. «Eta ez sinestekoa izan zen esperientzia hura ere».

Urruti gelditu da 2006-2007ko denboraldia, Athleticek liga azkenekoz irabazi zuen sasoia, baina balentria egiteko zorian daude zuri-gorriak. Lezaman bertan edo etxetik begira, baina gogotik ospatzeko prest dago Gurrutxaga, Athleticen urrezko aroaren ikurretako bat izan zen erdilaria. «Tituluak ezin du ihes egin».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jokin Altuna, ezker eskuari begira, joan den ostiralean Idiazabalgo (Gipuzkoa) Igarondo pilotalekuan egindako entrenamenduan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Oso ondo etorri zait gelditzea: behar nuen»

Julen Etxeberria

Jokin Altuna bihar itzuliko da lehiara, azkenekoz jokatu zuenetik hilabete eta erdira. «Zuhur» jokatu nahi izan du: «Oso argi nuen: ez nuen presarik, ondo osatu nahi nuen, eta, gero, gozatu; ez zuen merezi bueltaka ibiltzea».
Luixa Uzkudun eta Izadi Arrospide ama-alabak, igandean lortutako garaikurrarekin. ©BERRIA

Estreinako aldiak xarmatuta

Jon Ander De la Hoz

Luixa Uzkudun eta Izadi Arrospide ama-alabak nagusitu dira binakako lehendabiziko sega-sail txapelketan. Inoizko lanik luzeenak egin dituzte, 300 metro karratu ebakita: «Oso polita izan da».

Jose Ramon Garai eta Unai Laso, atzo, aurkezpenean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Unai Lasok 2027ra arte berritu du kontratua Baikorekin

J. Etxeberria

«Oso pozik» dago aurrelaria, eta eskerrak eman dizkie Pilotarien Elkarteari eta enpresari. Garaik esan du Lasok «jauzia» egin duela

Jose Ramon Garai eta Unai Laso, gaur, aurkezpenean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Unai Lasok 2027ra arte berritu du kontratua Baikorekin

Julen Etxeberria

Aurrelaria «oso pozik» dago, eta eskerrak eman dizkie Pilotarien Elkarteari eta enpresari. Jose Ramon Garaik esan du Lasok «jauzia» egin duela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...