Albistea entzun

Deia bizitzari, falta den lekuan

'Treblinkara azken trena' antzezlana estreinatuko du Vaiven konpainiak bihar, Donostian
Antzezlaneko kideen taldeko argazkia, Donostiako Viktoria Eugeniaren kanpoaldean, atzo.
Antzezlaneko kideen taldeko argazkia, Donostiako Viktoria Eugeniaren kanpoaldean, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Julen Aperribai -

2016ko irailak 30 - Donostia

Umezurztegi bat Varsoviako ghettoan, 1942an. Ez da abiapuntu samurra, istorio berean gizakiaren duintasunaren eta koherentziaren aldarria egin nahi bada. Hala egin du, hala ere, Vaiven antzerki konpainiak Treblinkara azken trena obran. Etorkizun iluna duten edo, hobe esanda, etorkizunik izan ere ez duten umezurtz etxe bateko 200 haurrek eraiki zuten haur errepublika txikia dakar ekoiztetxe donostiarrak. Janusz Korczak doktore eta pedagogoa, Stefania Wilczynska lankide leialaren laguntzarekin, izan zen haurren errepublika horren bultzatzaile. Bihar aurkeztuko dute obra Donostiako Altza auzoko Larratxo kultur etxean, eta bertan izango dira hilaren 16ra bitartean. Sei saio emango dituzte guztira. Bi emanaldi egingo dituzte euskaraz, etzi eta hilaren 16an. Gaztelerazkoak, berriz, lau izango dira: gaur egingo dute lehena, eta hilaren 8an, 9an eta 15ean hurrengoak.

Viktoria Eugenia antzokian egin zuten agerraldia, atzo goizean, antzezlanaren nondik norakoak azaltzeko. Antzezlanaren prozesua gogora ekartzean, Vaiven ekoiztetxeko zuzendari Ana Pimentari oraindik ere kosta egiten zaio emozioa ezkutatzea, irrati saio baten bidez Korczaken berri izan eta antzerkira eramatea erabaki zuenetik lau urte paseak diren arren. Orduan izan zuen Korczaken berri, eta ezagutza pertsonal hori gainontzekoekin partekatzeko asmoz sortu zuen Treblinkara azken trena. Obrak, «memoria hutsetik harago joan, eta gatazkak modu gordinenean sufritzen dituzten haurren» inguruan hausnartzeko aukera eman nahi duela esan zuen.

Pertsonaia nagusiaren rola Jose Ramon Soroizek jokatu du euskarazko bertsioan, eta Alfonso Torregrosak, berriz, gaztelaniazkoan. Torregrosak Korczak beraren izaera goraipatu zuen agerraldian. Bereak sentitzen zituen balioekiko une oro zuen atxikimendua nabarmendu zuen: «Pentsatzen zuen moduan bizi izan zen. XX. mendeko garai gogorrenetariko batean oso bizitza zaila hautatu zuen». Halako pertsona baten azalean jartzearen zailtasuna ikusita, «gizon horrengana hurbiltzearekin eta jendearengan bereganako interesa piztearekin» konformatzen dela adierazi zuen.

Hilabeteetako lana

Pimentaren hasierako ideiari antzezlan forma eman, eta hori zuzentzeaz arduratu da Mireia Gabilondo, Patxo Telleriak ondutako testua oinarri hartuta. «Bizitzaz beteriko antzezlan» gisa definitu zuen obra, eta, «bizitzari buruzko istorio txikia» izan arren, irakasgairik ere uzten duelakoan dago: «Bizitzako momentu zailenetan ere badago aukeratzeko aukera, nola hil besterik ez bada ere». Pertsonaia nagusia Korczak izanik ere, pertsonaia guztiek garrantzia dutela azpimarratu zuen.

Orain hiru hilabete aurkeztu zuten proiektua, eta prozesua luzea izan dela onartu zuten lantaldeko kideek. Publikoarentzat itxaronaldia izan dena, lana izan da proiektuko kideentzat, eta taldekideen lana goraipatu zuen Pimentak. Obraren inguruan askorik aurreratu gabe, gaineratu zuen «detaile guztiak oso zainduta» daudela. Espazio natural Larratxo kultur etxea izan dute azken hilabeteetan. Estreinaldirako lekua hautatzea, beraz, ez da izan lan handia. Bertan egin dituzte entseguak, eta horietan «oso ondo» pasatu dutela azaldu zuen Gabilondok.

Horren harira, auzoarekin izandako hartu-emana nabarmendu zuen Jon Aizpurua Donostia Kulturako Kultu Ekintzako zuzendariak. Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegik ere positibotzat jo zuen espazio horren erabilpena, eta espero du aurrerantzean izango diren lan berriei ere «ateak zabalduko» dizkiela. Aldi berean, lana Donostia 2016 kultur hiriburutzaren balioekin bat datorrela azaldu zuen, eta, «pertsonaia nagusia poloniarra izanik, Donostiarekin batera kultur hiriburutza partekatzen duen Wroclaw hiri poloniarrari keinu» egiten zaiola.

Hezitzailea

Publiko aurrean egingo diren zuzeneko emanaldiak ez dira izango datozen egunetako bakarrak. Izan ere, hainbat ikastetxetako haurrek izango dute antzezlanaz gozatzeko eta hausnartzeko aukera. Modu pedagogikoan aurkeztuko zaie. «Ikasleen artean landu nahi dira antzezlanean jorratzen diren gaietako asko», azaldu zuen Aizpuruak.

Ikertze elkartearena da egitasmoa; hainbat hezkuntza proiekturen bultzatzailea da Ikertze. Blanca Zaragueta elkarteko kideak azaldu zuen «giza eskubideen alorrean» sakondu nahi dutela. Hiru fase bereizi zituen horretarako. Aurrez prestatze lan bat egingo dute haurrekin ikastetxeetan, eta istorioan presente dauden gaien inguruan solastatuko dira. Behin obra ikusita, haren inguruan ariko dira, Ikertze elkarteko kideen gidaritzapean. Azkenik, hausnartutakoa euren ikastetxeetara eramango dute haurrek.

Halako lan bat, aldi berean, proiektu hezitzaile bihurtzeko egindako ahaleginagatik «eskertuta» agertu zen Zaragueta. Obrak horretarako aukera eskaintzen duelakoan dago. Horrekin batera, dei egin zien ikastetxeei saioetan parte har dezaten. Aste barruan izango dira eskoletako emanaldi horiek, urriaren 21era arte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Igon Garitaonandia <em>Gari</em>, Josu Zabala eta Luis Javier Sainz <em>Txanpi</em> musikariak, Hertzainak taldeko kideak. ©IBAI ARRIETA

Hertzainak sentitzea

Iñigo Astiz

Hertzainak-ek BECen eta Gasteizen joko ditu azken bi kontzertuak, abenduaren 16an eta urtarrilaren hasieran. Urriaren 5ean jarriko dituzte sarrerak salgai
Ariel Escalanteren <em>Domingo y la niebla</em> filmeko irudi bat. ©INCENDIO CINE
Abenduan bi urte egingo ditu itxita Plateruenak ©Aritz Loiola / Foku

Urtea amaitu aurretik ireki nahi dute Durangoko Plateruena

Berria

Udalak adierazi duenez, eredu publiko-komunitario bat mamitzen ari dira orain. Durangoko Azoka igaro ostean zabaldu nahi du.

Patti Smith, atzo, Donostiako Kursaalean. ©Jon Urbe / Foku

Patti Smithek kontzertu gogoangarria eman du Donostian

Mikel Lizarralde

Bere ibilbideko kantu ikonikoak jotzeaz gain, Bob Dylan, Neil Young eta Lou Reeden kantuak berreskuratu ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.