Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Kolpe gogorra jaso du

Publizitatea

Kirola

Kolpe gogorra jaso du

Bera Berak 29-34 galdu du Ro'Casaren aurka Bidebietan. Nahi eta ezin aritu da norgehiagoka osoan Donostiako taldea
Bera Berako eta Ro'Casako jokalariak baloi batengatik lehian, atzoko partidan.
Bera Berako eta Ro'Casako jokalariak baloi batengatik lehian, atzoko partidan. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Denboraldiko lehen azterketa ez du gainditu Bera Berak. 29-34 galdu zuen atzo Ro'Casaren aurka, Bidebietan, ligako bigarren jardunaldian. Bizkarreko handia da porrota donostiarrentzat, ezusterik ezean, bi taldeak titulurako lehian egongo baitira—Guardesekin batera—eta haien arteko norgehiagoketan erabakitzen baita txapelduna. Gainera, golen aldearen zama izango dute. Montse Puchek badu lana, fitxaketa guztiak —sei egin ditu— taldera egokitu, eta denboraldi oro donostiarrek erakutsi ohi duten maila ona lortzeko. Atzo, ohikoa duten kemena erakutsi zuten. Baina ezinean aritu ziren erasoan zein defentsan. Une honetan koska bat gorago dagoela erakutsi zuen Ro'Casak. Baina liga hasi besterik ez da egin.

Puchek berak esan zuen denboraldia hasi aurretik, nahiago zuela halako neurketa gaiztoak aurrerago jokatu. Hala, taldea egokituago egon zedin. Atzokoan ikusi zen, oraindik zertxobait falta zaiola Puchek ezarri nahi duen joko moldea kantxan erakusteko. Monica Ausas eta Esther Arrojeriaren hutsuneak ere sumatu ziren, batez ere erasoan.

Larunbatean Colegio de Gaiaren aurka izan zituen gabeziak ikusi zitzaizkion berriro ere. Defentsa ohi baino bigunago aritu zen, eta erasoan baloi dezente galdu zituen—Ro'Casak ederki baliatu zituen—. Gainera, geldikako erasoan kosta egin zitzaion golak egitea, nahiz eta bigarren zatian zertxobait gehiago asmatu zuen alor horretan.

Hasieratik izan zen nagusi Ro'Casa. 10. minutuan jada lau goleko aldea zuen: 5-9. Lehen minutu horietan Lissandra Lusso izan zen donostiarren borrero. Kanpoko taldearen lehen bost golak berak sartu zituen.

Bera Berak kontraerasoan egin zituen golak, Judith Sansi eta Nora Azurmendiri esker. Geldikako erasoan, berriz, kosta egin zitzaion Ro'Casaren defentsan zuloak topatzea.

Partida norabide txarra hartzen ari zela ikusita, Puchek hutsartea eskatu zuen, 10. minutu horretan. Defentsan zertxobait gehiago estutu zuen hortik aurrera Bera Berak, baina hala ere ez zuen lortzen markagailuko desabantaila hiruzpalu goletik jaistea: 7-10, 8-12 eta 9-13. Zoria ere aurka izan zuen une batzuetan, hainbat baloi jaurti baitzituen zutoinera eta langara.Atsedenaldian kanpokoen errenta lau golekoa zen: 15-19.

Bigarren zatia bide beretik joan zen. Are gehiago, Silvia Navarro Ro'Casako atezaina asmatzen hasi zen. Horri, eta erasoan Lussonek eta batez ere Trojaolak erakutsitako eraginkortasunari esker, aldea handitzen joan ziren. 42. minutuan jada zazpi golekoa zen: 19-25. Erasoan Giuliana Guareiro eta Adreirus ziren Bera Beraren euskarriak.

Partida gero eta maldan gorago zegoen, nahiz eta ohiko kemena atera zuen Bera Berak. Azken minutuetan argi zegoen helburua golen aldea ahalik eta txikiena izatea zela. Zertxobait murriztu zuen, eta bukaeran bost golekoa izan zen: 29-34.

Etzi, EHF kopako partida

Porrota berehala ahaztu beharko dute, etzi EHF Kopako lehen kanporaketako itzulerakoa jokatu beharko baitute Colegio de Gaiaren aurka, Portugalen. Gol bakarreko errenta dute (25-26), beraz hortzak estutu beharko dituzte txapelketatik kanpo ez geratzeko. Garaipen batek atzoko porrotaren mikatza kenduko lieke.

Publizitatea

Sortu kontua
Ainara Arratibel Gascon Ainara Arratibel Gascon

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak