Ironia lehergailu bat

'Ertzainis Democracy' lehen disko satirikoa kaleratu du Aberri Txarrak taldeak.

Lendakaris Muertos taldeko Aitor 'Ibarretxe' da abeslaria
Punk klasikoaren bidetik jo du Aberri Txarrak taldeak, eta umore ukituz josi ditu diskoko hitzak.
Punk klasikoaren bidetik jo du Aberri Txarrak taldeak, eta umore ukituz josi ditu diskoko hitzak. SERGIO GAGO / ELODIA ESEVERRI

Saioa Alkaiza Guallar -

2015eko otsailak 12
Musika denda batean egin zuen topo Lendakaris Muertos taldeko abeslari Aitor Ibarretxe-k Carlos Diaz gitarra jotzailearekin. Eta buruan bueltaka zeukan ideia bat komentatu zion, kasualitatez ia: musika talde bat sortzea —behin- behineko geldialdian dago orain Lendakaris Muertos—. Handik astebetera heldu zitzaion erantzuna, telefono dei baten bitartez, eta ezbairik gabeko baiezkoa izan zen. Horrela sortu zen Aberri Txarrak, lehendakarien espiritu makarra-ri segitzen dion punk laukotea. Orain, beren lehen diskoa kaleratu dute: Ertzainis Democracy (Maldito Records).

Bada diferentzia bat bi taldeen artean: euskaraz kantatzen dute Aberri Txarrak taldekoek. Ibarretxek aspaldi zuen euskaraz zer edo zer sortzeko asmoa: «Gogoa daukagulako egin dugu, egunero erabiltzeko hizkuntza delako». Hala, euskarazko eta gaztelerazko hitz-jokoak tartekatu dituzte: adibidez, Pantxoa ta Peioren Lepoan hartu ta segi aurrera abestia hautatu, eta EPOA hartu ta segi aurrera bertsioa kaleratu dute; era berean, Gora gu eta gutarrak leloari buelta eman, eta Gora gu eta orangutarrak abestu dute. Fonetikarekin malabareak eginda, askotarikoak dira hizkuntza bati zein besteari egindako keinuak. Betiere, ironiaren eta satiraren haria galdu gabe. Euskarari erreferentzia zuzena egiten dioten lau pieza ere txertatu dituzte: barnetegi batera sexu bila doazen hiru lagunen «odisea» kontatzen dute. Bistan da, bandalokeria da bandaren ezaugarri nabarmenetako bat.

Baina ez dira hutsalak Ibarretxek berak sortutako hitzak: «Hitzak kritikarekin egin ditugu, eta gai sozialak lantzen saiatu gara». Umorea izan da giltzarrietako bat. «Batzuek ondo hartuko dute, beste batzuek, berriz, gaizki, baina nahiko ohituta ere bagaude jada». Sor litezkeen kopeta beltzak ez dira, beraz, kezka taldekideentzat.

Hertzainak, Kortatu, Itoiz, La Polla, Pikutara... hamaika talde izan ditu gogoan laukoteak lan berria gorpuzteko orduan, eta nabaria da haien eragina. «Punk klasikoa» egin dute. Diskoaren beraren diseinua ere hainbat talderi egindako omenaldia da. Esaterako, Kortaturen lehen diskoko azal mitikoa erabili dute azalerako: gizon bat aizkora besagainean bermatuta azaltzen da jatorrizko irudian. Bertsioan, berriz, gizon bera azaltzen da, baina ertzainen uniformea jantzita, eskopetari eusten.

Ingurukoengandik ikasita

Ildo beretik, taldearen izena Berri Txarrak taldeari hartutako mailegua da. Orain zazpi urte bururatu zitzaion ideia Ibarretxeri, eta ordutik jakin zuen zerbait egin behar zuela burutapenarekin. Eta urteekin, gauzatu du asmoa. Izenburuari dagokionez, Guns N'Roses taldearen Chinese Democracy lanean inspiratu dira, «rock historiako diskorik garestien eta kutreenetariko bat», prentsa oharraren arabera. Talde estatubatuarraren lana beraiek egindakoarekin alderatu dute, beren obra propioaren kalitatea azpimarratuz. Hainbat kontzertu iragarri dituzte martxorako: lehenengoa, Durangon, Plateruenan, 6an; bigarrena, 7an, Bilboko Kafe Antzokian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna