Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Hiriak ezkutatzen dituen hiriak

Publizitatea

Kultura

Hiriak ezkutatzen dituen hiriak

'Hiri asko bere baitan' erakusketa jarri dute Bilboko Okela sormen laborategian
Emakume bat, <em>Hiri asko bere baitan</em> proiektuaren erakusketako irudi bati so.
Emakume bat, Hiri asko bere baitan proiektuaren erakusketako irudi bati so. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2014-11-25 / Iñigo Astiz

«Hiri honek beste hiri asko ditu bere baitan, ezkutuan. Seguruenik ez zaizkigu begi bistakoak irudituko, sumatu ere ez ditugu egingo, baina bertan daude». Bilbok dituen ezkutuko Bilbo horiek erakustea izan da Aitor Gomez argazkilariaren, Asier Olabarrieta musikariaren eta Unai Villena idazlearen asmoa, eta musika, literatura eta argazkigintza uztartu dituzte horretarako. Hiru adarrak batzen dituzten zortzi pieza sortu dituzte guztira, bat hiri barruti bakoitzeko, eta Bilboko Okela sormen lantegian jarri dituzte orain ikusgai, irakurgai eta entzungai. Deustua auzoari buruzkoa da erakusketako lehena. Irudian, metro geltoki bazterrean oihalez eraikitako etxe sorta bat, doinu malenkoniatsu bat duen abestia entzungailuetan, eta testuan dator hasierako printzipio deklarazio moduko hori: «Hiri honek beste hiri asko ditu bere baitan, ezkutuan». Azaroaren 27ra arte izango da erakusketa, Okelan, astearte eta ostegun arratsaldetan. Disko-irudi-liburu bat eta zuzeneko saio bat ere badute bidean.

Sorkuntza, Bilbo eta euskara. Hiru ardatz horiek izan ditu proiektuak hasieratik, Villenak azaldu duenez, eta Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailaren Gazteria zerbitzuak antolatutako Ideiak Martxan lehiaketan saritu zuten proiektua, apirilean. Horrek jarri zituen abian, eta barruak bistan aritu dira prozesu osoan. Sortuz joan ahala erakutsi dituzte beren sorkuntzak proiektuaren webgunean (www.hiriaskoberebaitan.com). Horretarako sortu zuten Bitakora izeneko atala. Villenak dioenez, hasiera batean jendearen parte hartzea ere bultzatu nahi zuten, eta hiritarrek bidalitako argazki eta testuak ere baliatzeko asmoa zuten. Espero besteko erantzunik jaso ez, ordea, eta azkenean haiek sortutakoak dira testu, kanta eta irudi guztiak. Eta horiek dira orain Okelan erakusten dituztenak. Barrutiz barruti.

Nabarmena da ironia Abandoko barrutiko obran. Txikia jarri diote titulua piezari, eta segidan erakusten ditu Bilboko hiru erraldoien argazkiak. Garai batean hiriko eraikinik garaiena izan zen Bailen kaleko etxe orratza lehen planoan, orain gutxira arte hiriko eraikinik garaiena izan den BBVA dorrea bigarrenean, eta egun hiriko eraikinik garaiena den Iberdrola dorrea atzealdean. Ironia horrekin jolasean testua ere: «Ez nintzen txikia, baina neure txikitasunaz konbentzituta, lotsatu, beldurtu, kikildu, eta ez nintzen gehiago hazi. Gerora konturatu nintzen hazteko aukera oro txikitu zidala uste erratu madarikatu hark. Beranduegi konturatu, ordea. Ordurako, benetan txikia nintzen; nire txikitasun konplexua, aldiz, erraldoia». Eta, testu eta argazkiarekin bat eginez, jostaria da Olabarrietak sortutako musika pieza ere.

«Obra hiru gauzen batura da guretzat». Villenaren hitzetan, hirurak bat dira, hiru osagaiek osatzen dute pieza bakoitza. «Hau martxan jarri genuenean, elkarrekin lan egiteko gogoa genuen, eta iruditzen zitzaigun oso interesgarria hiru diziplina hauek nahastea. Ikusten baduzu irudia soilik, irudia laua da, eta horri testu bat gehitzean forma hartzen zuela ikusi genuen, testuarekin barrurantz eraikitzen du norberak ikusten duen mundu hori, eta musikarekin berriz ere kanporantz dator. Osotasun hori da guretzat obra bakoitzaren atzean dagoena».

Esperientzia osoa

Ispilu bati begira dagoen emakume bat da Basurtu-Zorrotza, bidaiatzeko maleta bat Otxarkoaga, garabi baten irudia da Uribarri, kalean ahaztutako etxeko zapata parea Errekalde, hilerriko irudia Begoña... Iltze bakoitzarentzat asmatu behar izan dute mailua, halere. «Zeharo ezberdina izan da sortze prozesua obra bakoitzaren kasuan». Villenak kontatu du zergatik. Testutik abiatu dira batzuetan, argazkitik besteetan, eta baita musikatik ere besteren batean. Deustuko barrutiko pieza izan zen sortutako lehena, adibidez, eta argazkitik abiatu zuten hori. Kasu horretan, gero heldu ziren hitzak eta doinuak. «Irudiak argazkietan ikusten diren lekuetan atera genituen, noski, baina gero, testua idaztean, ez naiz erabat lotuta aritu, eta berdin musikarekin ere».

Okelan elkarren ondoan daude zintzilik irudiak eta testuak, eta bisitariak QR kode baten bidez entzun ditzake abestiak sakelako telefonoan. Esperientzia osoa eskaintzea da asmoa, eta erakusketa barrutiz barruti eraman nahi lukete orain. Bilboko barruti guztietara. Proiektu osoa hartuko duen disko-liburuxka bat ere kaleratu nahi dute, eta azaroaren 29rako nahi lukete kalean hori. Formatu fisikoan eta formatu digitalean ere jarriko dute eskuragai.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak