Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Kontraesanekin igerian

Publizitatea

Kultura

Kontraesanekin igerian

Gabriela Muñagorriren 'Surface' erakusketa zabalduko dute gaur Donostiako Ekain galerian
Igerilariak dira Muñagorriren marrazkietan gehien azaltzen diren irudiak.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-09-14 / Maialen Unanue

Igerilariak hegan, buruz behera, taldean edo bakarka... Horiexek dira Gabriela Muñagorri (Donostia, 1974) diseinatzaile eta marrazkilariak Surface erakusketan batu dituen lanen ardatza. Gaur irekiko dute Donostiako Ekain arte galerian, urriaren 21era bitartean. Marrazkiak, koadernoak, paperezko bi instalazio... Guztira, hogei lan inguru ikusi ahal izango dira.

Bi esanahi ditu Surface izenak, Muñagorrik azaldu duenez. Batetik, surface designer hitz teknikoari egiten dio erreferentzia: «Estanpatuen diseinua, hitz teknikoa, pattern designer edo surface designer da: patroi diseinuak gaur egun teknologikoki edozein azaleraren gainean ekoiztu daitezkeela esan nahi du». Bestetik, Judith Butler filosofoaren diskurtsoan agertzen den termino «garrantzitsua» da, eta hori du maiz egiten dituen lanen abiapuntu: «Motibo aldetik oso kontraesankorrak diren irudiak elkarrekin lantzen ditut, eta gauza bera egiten dut ideiekin ere: kontraesankorrak diren ideiak nahastu edo lantzen ditut. Kontzienteki egindako hautua da».

Motiboak, ideiak, materialak eta koloreak. Muñagorriren lanetan horien guztien arteko kontrasteak dira nagusi; guztiak aldi berean eginda. Esaterako, igerilariaren figura agertzen da erakusketako ia lan guztietan. Arreta pizten du, esaterako, harritzarren artean dabilen igerilariak. Olioa eta arkatza lan berean batuta. Lan guztien artean horixe nabarmendu du Muñagorrik.

«Harmonia» hausten

«Harmonikoak ez diren ideiak, motiboak eta materialak elkarrekin ipintzen ditut eta elkarrekin lantzen ditut». Hortik, adibidez, igerilaria eta harritzarrak. Gauza bera egiten du koloreekin: uste orokorraren kontra, «bat egiten ez duten koloreak» elkarrekin jartzen ditu. Urdin elektrikoa hori nuklearrarekin, arrosaren eta laranjaren arteko nahasketa, eta abar.

Gertu dago bost lanez osatutako marrazki sail bat. Igerilari bana ageri da, bainurako txapel eta betaurrekoekin, hegan baleude bezala. Horien kasuan, jantziek pizten dute arreta: ez dute bainujantzirik, bost moda diseinatzailek haien neurrira egindako arropak baizik. Yamamoto, Van Houten, Prada... Larruazalak jantzi, eta jantziak larruazal dirudite sail horretan. Egunerokoan bezala, haren diseinatzaile eta marrazkilari alderdiek bat egiten dute sorkarietan ere.

Gorputzak, objektuak zein espazioak janzten ditu Muñagorrik. Hala, marrazki guztien artean, bada zetazko zapi bat. Lau diseinu batu ditu oihal bakarrean: «Abiapuntua dira arkatzez egindako marrazkiak, eta gero digitalizatu egiten ditut. Zetazkoak dira, eta inprimatzea digitala da».

Publizitatea

Sortu kontua
Maialen Unanue Maialen Unanue

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak