Albistea entzun

Hitlerren euskarazko eskutitza

Bigarren Mundu Gerra da 'Erlea' aldizkariaren zortzigarren zenbakiaren ardatz nagusia
Bernardo Atxaga (ezkerretik bigarrena), Euskaltzaindiaren egoitzan, <em>Erlea</em> aldizkaria erakusten.
Bernardo Atxaga (ezkerretik bigarrena), Euskaltzaindiaren egoitzan, Erlea aldizkaria erakusten. LUIS JAUREGIALTZO / ARP

Iñigo Astiz -

2015eko martxoak 27 - Bilbo

«Bortchaz gerlari lothua den populu baten gizona naiz; populu hori biziaren zaintzeko ari da guduka gerla phiztu dutenen kontra». 1942ko abenduaren 11ko Eskualduna aldizkarian egiten du bere buruaren aurkezpena, eta testu bukaeran ageri da egilearen sinadura: «Adolf HITLER». Kepa Altonagak berreskuratu du eskutitza, artxibotik, eta balio dezake Euskaltzaindiak kaleratzen duen Erlea aldizkariaren zortzigarren zenbakiaren nondik norakoa laburtzeko. Izan ere, II. Mundu Gerra da Bernardo Atxaga idazle eta aldizkariaren koordinatzaileak azken zenbakirako hautatu duen gai nagusia. «Agian batzuetan ez gara gogoratzen, baina ez da gure Hegoaldeko historia Iparraldeko historia izan. Iparraldean, esate baterako, naziek beste arrasto bat utzi zuten». Atzerako kontuaren berri ere eman du Atxagak, gainera. Izan ere, azaldu duenez, hamar zenbaki argitaratzea darabil buruan, eta zortzigarrena da oraingoa. «Erlea-ren hamar ale horiek, 1.300 orri inguru horiek izango dira mostra bat, lagin bat erakusten duena zertan zen euskal literatura XXI. mende hasieran». Zehatzago: «Halako urrezko lagin bat izango da».

Hitler zalea zen Xalbat Arotzarena Eskualduna aldizkariko zuzendaria, eta horregatik erabaki zuen alemaniarrak Petain marexalari igorritako eskutitza itzuli eta kaleratzea. Gerra ostean, baina, egoera aldatu eta kontra bueltatu zitzaion naziei agertutako babesa. Aldizkariko orri ertzean dator Altonagaren azalpena: «Gerla amaitutakoan Eskualduna debekatu egin zuten, eta Arotzarena preso hartu eta epaitu». Ez da Hitler, ordea, aldizkarian ageri den nazi bakarra. Tolosako Santa Maria elizatik ohorezko irteeran ageri dituen 1942ko argazki batetik abiatu du testua Joxemari Iturraldek, adibidez, eta Zeraingo auzo apartatu batean naziek espioitzarako erabili zuten baserri baten berri ere ematen du. Irratian Nurembergeko epaiketa entzuten ari zela entzun zuen albistea alemana zekien herritar batek, eta hor aditu esplikazioa. «Irratian entzun zuen Zerain herria aipatzen zutela, eta baita aipamen horren esplikazioa ere: Zerain herrixkan egon zela kokatua Espainiako iparralde osorako espioitza zentro nagusia».

«Denak itoak ziren»

Nazien uniformea jantzita ageri da Gerhard Baehr ere, Legazpin jaio eta euskarari buruzko hainbat lan argitaratu zituen gizona. Itzultzaile aritu zen gerran, baina, errusiarrek Berlin setiatu zutenez, hura defendatzera deitu zuten gerrako azken asteetan, eta hantxe hil zen. Horiez gain, Gregoire Joannategi giderretarrak Dachautik idatzitako testuak ere ekarri dituzte aldizkarira. Gordina haren kontakizuna: «Zer berri zen, eta jakin genuen 30.000 judu eraman zituztela gauaz. Dachauko geltokian aurkituak izan ziren, ezin joanez egon trena batean, 150-nazka metatuak. Bizpahiru salbu, denak itoak ziren». Eneko Bidegain eta Josu Chuecak ere testu bana prestatu dute aldizkarirako. Sachsenhausenera eraman zuten Marie-Jeanne Oltzomendi sararraren ingurukoez aritu da Bidegain, eta hamar argazkiren bitartez kontatu du II. Mundu Gerrak Euskal Herrian utzitako arrastoa Chuecak.

Baserrian jaio, baserrian hil, eta, halere, ohore dominaz beteta ageri da Florentino Goikoetxea aldizkariak bildutako argazkietan. Gerra heroi izan zen aliatuentzat, eta hain zuzen ere gerra heroi horren historia hautatu du Atxagak aldizkariaren zortzigarren zenbakiko elkarrizketa luzerako. «Goikoetxea izan da leienda bat aliatuentzat», azalpen orokorra lehenik, eta datu zehatza ondoren. «Pilotuak pasatzen zituen mugan. 237 pilotu pasa zituen». Elkarrizketa horrez gainera, II. Mundu Gerrarekin lotutako hainbat egileren testuak ere berreskuratu dituzte aldizkarirako. Joan Elizalderenak, Janbattit Dirassarrenak eta Piarres Larzabalenak, kasu.

Literatur sorkuntzarik ere badu aldizkariak: Arantxa Iturberen, Uxue Apaolazaren, Irati Elorrietaren eta Amaia Oleagaren ipuin bana, esaterako, bai eta Joseba Luzuriagak Rene Magritte margolaria abiapuntu hartuta idatzi duen testu bat eta Jose Luis Padron poetaren poema bat ere. Julian Zabalbeascoa euskal jatorriko idazlearen Gernika ipuina ere itzuli dute arduradunek aldizkariko, oso ipuin ona iruditu zitzaielako, eta aldizkarian leku bat egitea erabaki zutelako. Hautatu, eta narrazioak urtero 40.000 lan bildu ohi dituen AEBetako Glimmer Train Very Short Fiction lehiaketako saria irabazi zuela jakin zuten Erlea-koek.

Frontoiak eta astronautak

Omenaldi berezia eskaini diete, bestalde, Leopoldo Maria Panero poetari, Gabriel Aresti idazleari eta Lewis Carroli. Azken euskal argitalpenen inguruko foroa ere badakar aldizkariak, baita erleen inguruko hainbat testu eta elkarrizketa ere. Xabier Idoate izan da azalgilea, baita ilustratzaile nagusia ere, eta hurrengo zenbakiaren nondik norako orokorrak ere aurreratu ditu Atxagak. «Frontoiei eta astronautei buruzkoa izango da».

Bederatzigarren zenbakia azaroan aterako dute, eta 2016ko martxo aldera azkena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Uriarte arkitektoa. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

HANDITZEA TXIKIZIOA DELAKOAN

Iñigo Astiz

EAEko Ingurumen eta Hirigintza fiskalak tramiterako onartu du Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua geldiarazteko eskaria. Iñaki Uriarte arkitektoa buru, herri mugimendu batek salatu du ustezko irregulartasun eta lege hauste «multzo bat» egon dela Norman Fosterren proposamenean eta hura onartzeko prozesuan.
Aldoux Huxley, 1930ean. ©DOROTHY WILDING / LONDRESKO NATIONAL PORTRAIT GALLERY

Hilketa politikoa: teorian eta praktikan

Gorka Arrese

Aldous Huxleyren 'Bai mundu berria' euskaraz argitaratu zela 50 urte dira. Beste bat da, ordea, idazle ingelesaren nobelarik konplexuena eta anbizio handikoena: 'Point Counter Point', intriga paraleloekin eta argumentuen kontrapuntuaz.

Gerlaren gizalegea

Irati Majuelo

Idazlea: Slavenka Drakulic. Itzultzailea: Amaia Apalauza. Argitaletxea: Txalaparta.

Ezohiko atsegina

Imanol Mercero

Idazlea eta ilustratzailea: Adrien Albert. Itzultzailea: Bego Montorio. Argitaletxea: Astiberri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.