Albistea entzun

Sanferminak

Ahanzturatik oroimenera

German Rodriguezen omenaldiak ez du babes ofizialik jaso 37 urtean. Aurten, lehenengo aldiz, Joseba Asiron Iruñeko alkatea ekitaldian izan da.
German Rodriguezen oroitarrian loreak jarri zituzten, atzo, ekitaldiaren hasieran.
German Rodriguezen oroitarrian loreak jarri zituzten, atzo, ekitaldiaren hasieran. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Iñaki Berastegi -

2015eko uztailak 9 - Iruñea

Lehenengo pausua eman da. Ahanzturatik ihes egin ahal izateko lehen urratsa. Egia, justizia eta ordaina lortu ahal izateko, ezinbestekoa zen premisa: Joseba Asiron Iruñeko alkatearen eta udaleko beste hainbat zinegotziren presentziarekin bermatu da German Rodriguezen omenaldiari emandako babes ofiziala.

1978ko sanferminetan erail zuen Espainiako Poliziak German Rodriguez gazte iruindar eta LKI-ko militantea. Zezen plazan euskal presoen eta amnistiaren aldeko pankarta bat atera ondoren, Poliziak pankarta zeramatenen aurka kargatu zuen. Istiluek zezen plazatik kanpo jarraitu zuten. 1978ko uztailaren 8ko istilu haietan, 22:15 aldera, Orreaga etorbidean, German Rodriguezek tiro bat jaso zuen buruan. Biharamunean Donostian izandako protestetan, berriz, Joseba Barandiaran gaztea hil zuten.

Ordudanik, eta urtero, omenaldia egiten diote egun eta ordu berberean gazte iruindarrari, Poliziak erail zuen leku berean. Ekitaldi horrek, baina, atzora arte ez zuen inongo babes ofizialik jaso. 37 urtez,, ofizialki ahaztuta. Xabier Diazek gidatutako ekitaldiak 1978an gertatutakoa baino atzerago jo zuen. German Rodriguezen familia eta lagunak ez ezik, frankismoaren beste hainbat biktimaren ordezkarik ere babestu zuten omenaldia, hala nola Mikel Zabalza, Joxe Arregi eta Angel Berroetaren gertukoek. Ekitaldira bildu ziren ehunka pertsonek gogotik egin zuten txalo biktimen izenak irakurri zituztenean.

Txistuek alaitutako lore eskaintzarekin hasi zen 2015eko omenaldia, Sanfermines 78 Gogoan herri ekimeneko eta Frankismoaren Aurkako Euskal Herriko Plataformaren pankartak albo batean zirela. Loreak hainbeste zeresan eman duen oroitarriaren ondoan utzi zituzten. Hilarriak eskuin muturreko taldeen erasoak jasan zituen lehen urteetan. Duela hamar urte inguru, etorbidearen zaharberritze lanetan, UPNren udalak hilarria kendu eta ez zuen berriro jartzen utzi. Bi urteko mobilizazioen ostean, Sanfermines 1978 Gogoan plataformak zegokion lekuan ezartzea lortu zuen. 36ko gerrako pasarte baten antzezlanak hartu zuen garai hartako egoera eta 1978ko uztailaren 8ko gertakaria lotzeko ardura. «Gerra guztiak berdinak dira, min guztiak berberak diren bezala», esaldiarekin borobildu zuen lotura Xabier Diazek.

Gerra aurreko sanferminetan, 1936an, pieza erabakigarria izan zen Iruñea Emilio Mola jeneralarentzat. Sanferminetan uztailaren 18ko altxamendua prestatzeko «traidoreekin» bildu eta gero zezenketak ikustera «lasai» joaten zela azpimarratu zuen Diazek. «Festak ez politizatzeko eta sanferminek irauten duten bitartean 'su-etena' egiteko eskatzen digute». Eskuindarrek ikurrina ez jarrita ospakizunak orain arte beti politizatu izan dituztela salatu zuen Diazek.

Pixkanaka bada ere, gauzak aldatzen doaz. Iragan legealdiaren amaieran, Parlamentuko gehiengoak poliziaren indarkeriaren biktimen legea onartu zuen, eta bidea libre utzi du legealdi honetan memoria, egia eta aitormena izan dezaten. Gainera, berriki Iruñean izan zen Argentinan diktadurako krimenak ikertzeko kereila aurkeztu zuen Carlos Slepoy abokatu argentinarra, eta, Sanfermines 78 Gogoan plataformarekin bat eginez, prest dago Rodriguezen kasua ere kereilan sartzeko.

Testuinguru horretan mintzatu zen Amaia Kowasch gaia aztertzen aritu den ikerlarietako bat. Lotura hitza berriro gogorarazi zuen, eta azpimarratu zuen lan egiten dutela gerra, diktadura eta trantsizio garaiko biktima guztien aitorpenaren alde eta sortutako kaltea konpontzeko. Aitorpena eta kalte-ordaina ez ezik, Nafarroan zabaldu den garai berriak ere euren lana erraztu beharko duela pentsatzen du. 1936an abiatutako genozidio frankistaren aurka altxatzera eta salaketak jartzera deitu ditu Nafarroako udal guztiak eta Nafarroako Parlamentua. «Kereilen tsunamiekin, frankismoko eta trantsizioko hilketen aurkako auzia zabaltzea lortuko da, Argentinan gertatu den bezala».

Ordezkaritza plurala

Eguneko berritasun nagusietako bat Joseba Asiron Iruñeko alkatearen presentzia izan zen. Hiriko erakunde bateko ordezkari bat omenaldian egon den lehen aldia izan da. Oroimena ofizialki babestuz. Hala ere, han izan ziren, halaber, Aralarreko presidente Patxi Zabaleta, Amaiurko diputatu Sabino Cuadra, EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruiz, Kontuz-eko ordezkari Patxi Urrutia eta Josu Txueka historialaria, besteak beste.

Xabier Diazek eskerrak eman zizkien babes ofiziala ematera gerturatu zirenei. Urtero egiten den bezala, aurreskua dantzatu zuten dantzariek, Oskar Estangak bertsoak kantatu zituen, eta Fermin Balentziak German Rodriguezen omenez idatzitako abestia kantatu zuen. Nafarroa aldatu ala ez, datorren urtean omenaldia egun eta ordu berberean eginen da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Inauterien aurrekari gisa, kaldereroak atera ziren atzo Donostiako hainbat auzotan. Grosen, zartaginari joka aritu ziren makina bat lagun. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Zorion kalderero denoi

Urtzi Urkizu

Santa Ageda bezperarekin bat egin dute Donostiako kaldereroek. Grosen urte asko daramatzaten kaldereroak eta hasiberriak aritu dira zartaginari jo eta jo, musikaren erritmoan.
 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Garbitzailea ezinbestekoa da ospitale batek ondo funtzionatu dezan»

Unai Etxenausia

Urte luzeak eman zituen Lorenzok Gasteizko Santiago ospitaleko gela guztiak garbitzen. «Lan gogorra» izan arren, goxo oroitzen ditu korridore horietan bere lankideekin batera pasatutako orduak eta haiengandik jasotako tratua.
<em>Te falta un Teleberri</em> saio berria. ©ETB

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.