«Zinemaren mirari bat», 60 urte geroago

Orson Wellesek 1955ean Euskal Herrian eginiko laneko protagonistak batu ditu Ikuspuntu jaialdiak.

Topaketaren harira, Euskal Herriak hainbat zinemagilerengan eragindako erakarpenaz mintzatu da Atxaga
Wertenbaker atzo, Iruñean, eta atzean, Wellesen filmean.
Wertenbaker atzo, Iruñean, eta atzean, Wellesen filmean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ander Perez -

2015eko otsailak 10
Iruñeko sanferminetan ezagutu zuten elkar Charles Wertenbaker Time aldizkariko editoreak eta Orson Welles zinemagileak, 1950eko hamarkadaren hastapenetan. Harremanak pisu handia izan zuen gerora, 1955ean, Wellesek egindako The Lands of the Basques dokumentalean. Zinemagileak Wertenbakerren semea, Chris, hautatu zuen Ipar Euskal Herrian zehar egindako bidaiaren eta filmaren gidaritzat. Atzo, 60 urte geroago, Chris Wertenbaker eta Beñat Toyos —filmean lehenengoarekin batera ageri den beste haurra— elkartu zituen Ikuspuntu Zinema Dokumentalaren jaialdiak, Iruñean. «Zinemak bere gain hartzen dituen mirarietako bat» izan zen, Oskar Alegria jaialdiko zuzendariaren hitzetan. Haiekin izan zen Bernardo Atxaga ere, eta haren hitzaldiak ireki zuen jaialdia.

Gurasoekin Ziburun (Lapurdi) bizi zen 11 urteko haur estatubatuarra zen Wertenbaker filmaren garaian. Toyos, ordea, herriko frontoian pilotan jolasten ageri zen «txapelduna». Duela 60 urteko filmatze hartako pasarteak gogoratu zituzten atzo biek. Wellesen inguruan galdetuta, «pertsonaia beldurgarri baina lagunkoia» du gogoan Wertenbakerrek. «Erraldoi bat, gizon handia, irribarre gutxikoa», Toyosek. Maisuak bere aginduetara jarri zituen biak, kamera aurrean.

Eszenetako batean, gereziondo baten adarretara igota ageri dira Wertenbaker eta Toyos, zuri-beltzeko fotogrametan. Zuhaitz «bereziki traidorea» da gereziondoa, Atxagaren ustez. Are gehiago, «herri gehienetan, gereziondotik erorita zauritu edo hildakoen zerrenda bat» dagoela dio. Horregatik, Wellesek filmatutako hura «lizentzia poetikoa» dela dio idazleak, «errealitatea berez den moduan kontatzea ezinezkoa» dela erakusten duena. Wellesena, hain zuzen ere, Alexander von Humboldtek 1801ean abiatutako «Euskal Herriaren bertsio erromantikoaren jarraipena» izan zen, Atxagaren ustez.

Mundua, industriatik at

Charles Wertenbakerrek usoak ehizatzeko Etxalarko (Nafarroa) sare sistemari buruzko erreportajea argitaratu zuen New Yorker aldizkari entzutetsuan, 1950ean. Aurretik ere baziren horri buruzko artikuluak National Geographic argitalpenean. Eta Etxalar bera Prosper Merimeeren Carmen eleberrian agertu izana ere «ez da nolanahiko datua», Atxagaren ustez. Horrek guztiak bultzatu zuen Welles, idazlearen irudikoz, Euskal Herriarekin harremana izatera. Welles, ordea, Ipar Euskal Herria kamerarekin harrapatu nahi izan duten zinemagile ospetsuen zerrendan bat gehiago da. Zerrenda horretan ageri dira, besteak beste, Lumiere anaiak, Maurice Champreux edo Otar Iosseliani ere. Zerk erakarri zituen, beraz, zinemagile horiek guztiak Euskal Herrira?

Atxagak hainbat arrazoi aipatu ditu fenomenoa azaltzeko: «Mundua industrializatu eta gero, jende askok bizitza aurretik nolakoa zen eta industrializazioaren mundutik at zer zegoen jakin nahi izan zuen». Erantzuna, nonbait, Euskal Herrian aurkitu zuten. Edo Euskal Herriaren parte batean, behintzat, «ez baitziren Sestaora edo Portugaletera joan». Osagai kulturalek, eta euskarak bereziki, «ezberdinaren irudia» eman zioten Euskal Herriari, eta hortaz baliatu zen zinema, «irudi erromantikoa» eraikitzeko. Baina badira arrazoi objektiboak ere. Nabarmenena, Euskal Herriaren kokapen geografikoa, «Europako iparraldearen eta hegoaldearen arteko pasabidean».

Osagai horiek guztiek eraikitako «hari komuna» dute, Atxagaren ustez, Ikuspuntu jaialdiak Chez les Basques sailean batu dituzten pelikulek. Ipar Euskal Herriari begira jarri diren zinemagileen lanak biltzen ditu sailak. Herri bakarra dute denek helburu, baina «ikuspuntu» ezberdina du bakoitzak. «Bere garaian Igeldon zegoen ispiluen gelaren antzekoa» da saila, idazlearen ustez. Itxura berezia hartzen du errealitateak ispilu bakoitzaren, film bakoitzaren aurrean. Eta ikusteak merezi du, Atxagak dioenez. Arrazoi bakarragatik bada ere: «Geure burua ezagutzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna