Albistea entzun

Hezegune vs uholde

Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatuko dute astelehenean. Hori gogoan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte naturguneetan datozen egunotarako.
Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2015eko urtarrilak 31

Hezeguneak paisaiaren erregulatzaile dira, besteak beste. Euria gogotik egiten duenean, ura biltzen dute, eta gero poliki askatzen dute. Astelehenean, Hezeguneen Nazioarteko Eguna izango da, urtero legez 1977. urtetik. Zazpi urte lehenago, otsailak 2 zituela, Hezeguneen Ituna sinatu zuten Iranen, Ramsar hirian. Akordioa gogoratzeko ospatzen da urtero eguna. Izan ere, hezeguneak zaintzeko munduko lehen ituna izan zen.

Hitzarmenaren harira, Ramsar Zerrenda deiturikoa osatu dute, babestu beharreko hezegune nagusiekin. 2014. urtearen amaieran, 2.181 gune zeuden zerrendan, 168 estatutakoak. Denera, 208.545.384 hektarea.

Euskal Herrian, bederatzi gune babesten ditu Ramsarko Itunak. Lehena sartzen, Mundaka-Gernikako itsasadarra izan zen (Bizkaia), 1992. urtean. Azkena, Ulibarri-Ganboako urtegiaren atzealdekoa (Araba), 2009an. Tartean sartu zituzten, besteak beste, Pitillasko aintzira (Nafarroa), 1996. urtean; Txingudiko badia (Gipuzkoa-Lapurdi), 2002an, eta Salburuko hezegunea (Araba), 2002an.

Hezeguneen egunaren ezaugarririk garrantzitsuena nazioartekoa izatea da, Jabi Zabala biologoaren arabera. Bioaniztasunaz arduratzen da Ihobeko Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoan. «Hezegune askoren garrantzia ere nazioartekoa da; esaterako, gurean ditugun batzuena». Horren adibide dira, Zabalaren arabera, Txingudi, Urdaibai, Ulibarri-Ganboakoak zein Salburukoa. Udazkenean eta udaberrian, Afrikatik Europako iparraldera eta bueltan doazen hegaztiak horietan geratzen dira, atsedena hartzen, edo negu-pasa egiten. Beraz, kontinente bati baino gehiagori eragiten diona Euskal Herrian kudeatzen ari dira Zabala eta lankideak. Era berean, beste hezegune batzuetan egiten dutenak eragin zuzena du Euskal Herrikoetan. «Horregatik da garrantzitsua nazioarteko egun bat ospatzea». Padura hitzaren etimologiak laguntzen du, Zabalaren arabera, hezeguneez gizakiek izan duten iritzia ulertzen. Latineko palus (zingira) hitzetik omen dator, eta horretatik eratorria da malaria izendatzeko erabiltzen den paludismo hitza. Hezeguneetan hazitako protozoo batek eragiten du gaitza, eta eltxoen ziztadaz kutsatzen da. «Orain arte hezeguneak leku txar edo lur galdutzat hartu izan dira, baina, zorionez, mentalitatea aldatzen ari da». Zabalaren aburuz, jendea hasi da hezeguneen balioa ikusten, sortzen dituen onurak zein balio ekonomikoa, turistikoa eta atseden leku gisa. Euskal Herrian azken urteotan hezeguneak lehengoratzen ari direla uste du.

Hezeguneak ikertzen, zaintzen eta lehengoratzen dabiltzanek nabarmendu izan dutenez, kostaldeko hezeguneak daude gaizkien, oso gune jendetsuak direlako eta hirigintza egitasmoek etengabe dituztelako jomugan. Gaur ez da aski hezegunea bera zaintzea. Hori elikatzen duten erreka eta ibaiak ere hezegunearen partetzat hartzen dira. «Europatik eskatzen ari dira horiek zaintzeko», dio Zabalak. Egunotako eguraldia ezin egokiagoa da hezeguneen garrantziaz ohartzeko. «Uholdeak gertatzen dira hemen, errekaren gainean, hezegunean eraiki dugulako. Urak bere tokia eskatzen digu bueltan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Isabelle Dupont Baionako txokolatearen bisita gidaria, atzo, txokolate harria nola erabiltzen zen azaltzen. ©GUILLAUME FAUVEAU

Txokolateak bahitu zuen hiria

Ainize Madariaga

Bisita gidatu batek Baionan barrena txokolateari esker urtzeko parada ematen du, bederatzi txokolategiek josten baitute hiria. Lau mendeko historiak eraiki dion fama ona elikatzen dute.
 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Betirako gelditu zitzaidan 'Hambre' etxeko umetako kultura»

Zihara Jainaga Larrinaga

Abade izatea zen Zelaietaren patua, baina uste baino azkarrago utzi zuen. Ostean, 'Anaitasuna'-ko zuzendari, Verdesko langile eta Lauro ikastolako irakasle izan zen, besteak beste. Gabriel Arestiren lagun hurko izanak itzalean ezagun egin zuen.
Pele, 1.301 gol sartu eta hiru Munduko Kopa irabazi zituen futbolaria. Ez du inork historian halakorik errepikatu. ©NETFLIX

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Edu�Lartzanguren

Informazio osagarria