Jaiotza bakarra, 1.628 bertsio

Urtero legez, mundu osoko jaiotzen bildumaren erakusketa antolatu dute Santxotena tailer museoan. Aurten, inoiz baino gehiago izango dituzte.
Munduko txoko guztietako jaiotzak dituzte Santxotena museoan, baita Afrikatik ekarritakoak ere.
Munduko txoko guztietako jaiotzak dituzte Santxotena museoan, baita Afrikatik ekarritakoak ere. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2015eko abenduak 12

Eguberriak iristearekin batera, urte guztian kaxetan gordeta egoten diren apaingarriak nagusitzen dira hainbat etxe eta hiritako txokoetan. Denetariko apaingarriak izan ohi dira: zuhaitzak eta jaiotzak, batez ere. Azken horiek bereziki gustuko ditu, hain zuzen, Teresa Lafragua Santxotena museoko zuzendariak. Munduko hamaika lekutatik ekarritako jaiotzen bilduma propioa du, eta, aurten ere, ikusgai jarri ditu Artziniegako (Araba) Santxotena tailer museoan.

Hamazazpi urte dira erakusketa antolatzen hasi zela. Asko hazi da bilduma ordutik. Aurten, hasieran, 1.627 jaiotzak osatzen dute sorta. Izan ere, azken uneko opariek kopurua handituko dute. «Aurtengo erakusketarako, 1.623 ziren hasieran. Baina, azken unean, beste lau jaso ditut. Eta gaur [atzo] bertan, Oñatiko artisau batek beste bat bidali dit. Erakusketan jarri beharko dut hori ere». Horrenbestez, 1.628 jaiotza izango dira guztira.

Denetariko materialekin eginiko jaiotzak ikus daitezke erakusketan. Ohiko egurraz, buztinaz eta beiraz gain, bestelakorik ere bada: Mexikotik ekarritako artalez eta latorriz eginikoak eta Islandiako sumendietako harri eta errautsez eginikoak, besteak beste. «Munduko txoko horretan erabiltzen diren materialak dira, azken finean, egunerokoan ohikoak direnak. Horrek ematen dio berezitasuna», azaldu du Lafraguak. Errusiatik, Brasildik, Boliviatik, Paraguaytik, Norvegiatik, Alemaniatik, AEBetatik eta Italiatik ekarritakoak ere ikus daitezke.

Espainiako Gaztela eta Leon da aurtengo gonbidatu berezia. Lurralde horretako bederatzi probintziak irudikatzen dituzten jaiotzak dituzte. Horietako gehienak, gainera, erakusketarako bereziki egin dituzte hango hainbat artisauk. Horrez gain, antropologiari ere tarte bat eskaini diote aurten. «Zamorara egin genuen bidaia batean, hango neguko maskarada ezagutu genuen. Istorioa ezagutu genuen, eta ohitura polita zela iruditu zitzaigun. Hori dela eta, aurten hori islatzen duen jaiotza bat daukagu». Maskaradan parte hartzen duten pertsonaiak ageri dira bertan, ohiko hiru pertsonaiez gain.

Jaiotzak, erlijioaz harago

Erakusketaren antolatzailearen iritziz, horrek erakutsiko luke jaiotzek duten erlijio kutsuaz harago doala beren erakusketa. Izan ere, jatorri paganoa du Zamorako maskaradak, beste ohitura zahar askoren moduan. «Guk beti esan izan dugu Gabonak unibertsalak direla eta guretzat jaiotzak eskultura batzuk besterik ez direla. Munduko kultura ezberdinak eta sorkuntza artistikoa ezagutarazteko balio duten artelanak dira guretzat». Are gehiago, tradizio kristaua ez duten herrialdeetatik ekarritako jaiotzak ere badira erakusketan; Abu Dhabikoa, kasurako.

Hori dela eta, jaiotzak aukeratzeko orduan, kultura horretako bestelako pertsonaiak ere sartzen saiatzen dira. «Maien garaiko jainkoak eta bestelako tresnak ere ekarri izan ditugu Hego Amerikatik bildumarako». Milaka dira, beraz, erakusketa osatzen duten piezak.

Mundu guztian bidaiatzeko aitzakia izan ohi dira jaiotzak Lafraguarentzat. Edozein tokitara doalarik ere, eskulangile eta artisten bila ibiltzen da, jaiotzak lortu ahal izateko. Egilearekin hartu-emana izatea da, baina, garrantzitsuena. «Nire helburua ez da jaiotzak nola edo hala lortzea. Ez naiz Interneten jaiotzak eskatzen ibiltzen. Horrek ez du graziarik». Hori dela eta, jaiotza bakoitzak istorio bat du Lafraguarentzat; oroitzapen jakin batzuk biltzen dituzten piezak dira harentzat. Ondorioz, «oso zaila» egiten zaio jaiotza bakar bat nabarmentzea.

Urri inguruan hasten dira erakusketa prestatzen Lafragua eta Xabier Santxotena eskultorea. Dena den, urte guztian izaten dute erakusketa buruan. Jaiotzen zaletasuna ere familiaren parte baita egun. Asko baitira haietaz oroitu eta handik eta hemendik jaiotzak ekartzen dizkietenak. Bestalde, Santxotenak berak ere erakusketarako hainbat pieza egin ditu: Artziniegari eskainitako jaiotzarako, esaterako, herriko hiru dorreak sortu ditu egurrez. Urriaren 31ra arte egongo da ikusgai erakusketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Arduraz komunika dezagun

Antxeta irratiak ‘Arduraz komunika dezagun’ dokumentala egin du

Urtzi Urkizu

Hedabideen hizkuntzaren erabilera berdintasunaren ikuspegitik aztertu dute herri ekimeneko euskarazko hedabideetako zenbait emakumezko kazetarik. Dokumentala ikusgai, albistearen barruan.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Neure buruarekin hobeto sentitzen naiz gitarra jotzen dudanean»

Jone Arruabarrena

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak antolatutako 'Egin leku' gazteentzako musika deialdiaren irabazleetako bat da Zulaika. Azalera taldea atzean utzita, bakarlari dabil orain.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.