Euskal eta saharar artistak elkarlanean ariko dira Donostia 2016aren harira

Bi lurraldeetan egonaldiak egiteko deialdia ireki dute.

Bi artista bikotek obra bana sortu beharko dute 'erresistentziak' kontzeptuaren inguruan
Federico Guzmanen <em>Tuiza</em> instalazioa. Apirilean jarriko dute Donostian.
Federico Guzmanen Tuiza instalazioa. Apirilean jarriko dute Donostian. F. GUZMAN

Ainhoa Sarasola -

2015eko ekainak 23

«Urrunekotik hurbil / sentitzen ez bada / hurbilekotik urrun / aurkituko gara». Andoni Egañaren bertso zati hori baliatu du Xabier Payak, Donostia 2016ko kultur zuzendariak, Hondar artean izeneko proiektua azaltzeko. Donostiak eta Euskal Herriak saharar herriarekin duten lotura «historikoa» gogora ekarri, eta adierazi du egitasmoak elkartasun hori duela oinarri. «Hondar artean-ek sahararren egoera hartzen du abiapuntutzat gatazketan edo deskolonizazio prozesuetan murgilduta egon diren beste herrietan berezkoak dituzten gaiei eta arazoei heltzeko». Eta lehen urratsa Saharako eta Euskal Herriko artisten arteko loturak estutzeko balioko duten egonaldi artistikoak izango dira. «Egonaldi horien helburua da hausnarketa eta arte esperientziak trukatzea, obra bat elkarlanaren bidez sortuz».

Deialdiaren xehetasunak azaldu ditu Iker Tolosak, Hazitegiak kaiaren arduradunak. Bi txandatan egingo dira: lehenean, deialdi bidez aukeratuko dituzten bi euskal artista Saharara joango dira, Bojadorreko kanpalekura, urri eta azaroa artean; eta bigarren txandan, bi artista saharar Donostiara etorriko dira, 2016ko apirila eta ekaina bitartean. Batean zein bestean, erresistentziak kontzeptuaren inguruan sorkuntzak lantzen ariko dira artistak, obra bana bikote bakoitzeko. Saharako Artifariti jaialdian ez ezik, 2016an Donostian ere erakutsiko dituzte, baita sorkuntza prozesua ere. «Esperientzia hau bi aldeentzat izango da aberasgarria, tokiko ikuspegi batetik begirada globalarekin erresistentziak kontzeptuaren inguruko elkarrizketa piztu nahi dugulako», azaldu du Tolosak.

Bost ardatz jorratuko ditu Hondar artean proiektuak: giza eskubideak, generoa eta feminismoa, neokolonialismoa eta natur baliabideak indarrez ebastea, garapenerako lankidetza, eta haurtzaroa. Askotariko adierazpen artistikoak baliatuko dira horiek lantzeko, Payaren esanetan, «arteak berezko eraginkortasuna baitu gai sozial eta politikoak beste bitarteko batzuekin iritsiko ez liratekeen esparruetara hedatzeko». Horren erakusgarri izango da proiektuaren erdigunetzat har daitekeen instalazioa.

Federico Guzman artistak sortutako Tuiza instalazioa izango da proiektuaren bihotza: egiturak haima baten itxura du, eta heldu den urteko apiriletik ekainera San Telmo museoan paratuko dute —klaustroan edo patioan, ziurrenik—. Melhfekin, saharar emakumeek erabiltzen duten soineko tradizionalekin osatu du artistak haima. Argia eta koloretsua da, beraz. «Obrak berak erakusten du garapenerako lankidetzarako borondatea, baina haren baitan nabarmen adierazten dira genero berdintasuna, ingurumenarekiko babesa, identitatea eta baita aniztasuna ere, besteak beste», Payaren hitzetan. Donostia 2016, San Telmo Museoa eta Madrilgo Reina Sofia Museoaren artean elkarlanean gauzatu da egitasmoa, eta, egun, Madrilen dago ikusgai.

Instalazioak askotariko jarduerak hartuko ditu bere barruan. Haimaren itzalpean, topaketak, musika, dantzak, hitzaldiak eta zinema emanaldiak izango dira, besteak beste. Guztiak, ikusleak gogoetara gonbidatzeko asmoz.

San Telmoretzat, museo gisa, bi ardatzengatik du interesa proiektuak, Susana Soto zuzendariaren hitzetan: «Batetik, Guzman eta beste artisten interbentzioengatik. Eta, bestetik, Erronkak izeneko gure ildoarekin bat egiten duelako, museoa gogoetarako espazio gisa sustatu nahi duena».

Sareak ehuntzen

Ez da Sahararekiko elkartasuna Donostia 2016k esku artean daukan egitasmo bakarra. Bestelako proiektuak ere ehuntzen dabil, «tokiak eta herritarrak saretzeko». Horren adibide da Hibrilaldiak egitasmoa: elkarteak eta jatorri askotako sortzaileak batzea du xede, «erronka berritzaile bati aurre egiteko». Auzolab deritzotenak bete du orain arte funtzio hori; orain, aldiz, Hibrilaldiak-en lana izango da.

Adibidez, iaz, Auzolab-en barruan, Amara Bai elkarteak Mikel Morlas artistarekin jardun zuen, «auzoa kulturalki biziberritzeko estrategiak garatzen». Zonalde horretan egin zitzaketen ibilbide kulturalak behatu zituzten, bai eta auzotarren arteko harremanak ere. «Hibridazioa» izan zen ezaugarrietako bat: gizarte eragileak, enpresariak, kulturgileak eta beste nahastu zituzten.

Eta hari horretatik egingo du tira Hibrilaldiak ere. Horretarako, hainbat bilera egingo ditu artisten eta eskatzen duten plataformen artean, berritasuna bideratzeko xedez. Hor garatutako planek edota egindako irakurketek ez dute ondorio trinkorik izango; ez dute bide bat markatuko. Dena dela, ingurua aldatzeko bide orri gisa baliagarria izatea gustatuko litzaieke sustatzaileei.

Antolatzaileek azaldu dutenez, gidaritza egiteko hautatu dituzten sortzaileek «profil ez ortodoxoak» dauzkate, eta «pentsamendu logika ezohikoak». Gomez de la Iglesiak, egitasmoa bultzatu duen C2+i enpresako kideak, asmoaren sorkuntza goraipatu du: «Gizarte plural batean bizi gara, eta, hala ere, logika diziplinatu eta hertsiekin segitzen dugu, gertuko talde homogeneoekin. Hibridazioa faktore garrantzitsua da sorkuntzarako. Euskal gizartea kreatiboa izango da haren enpresak kreatiboak direnean». Hibrilaldiak-erako hiru deialdi zabalduko dituzte 2015ean bertan.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Erizain bat, gazte bati txertoa ematen, Brasilen. Umeak txertatzeko ohiko kanpainetan jaitsiera nabaritzen hasi dira aurten ©FERNANDO BIZERRA JR / EFE

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.

PCR proba bat, Indian. Bigarren herrialde kaltetuena da hura. ©SANJEEV GUPTA / EFE

Milioi bat lagun baino gehiago hil ditu COVID-19ak

Iosu Alberdi

AEBetan erregistratu dute kasu eta heriotza gehien. Euskal Herriak munduko heriotza tasa handienetako bat du: 77 heriotza 100.000 biztanleko.

Konfinamendua ezarri zuten Azkoienen. ©Idoia Zabaleta / Foku

Hegoaldeko kasuen erdiak baino gehiago, Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 603 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian; Nafarroan atzeman dituzte horietatik 318. Halaber, bi pertsona zendu dira birusaren ondorioz.

Maria Txibite, agerraldi batean. ©Jesus Diges / Efe

Txibitek esan du egoera «kontrolatuta» dagoela Nafarroan

Arantxa Iraola

Positibo «asko» izan arren konfinamendu orokorrik ezartzeko asmorik ez dutela adierazi du

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna