Albistea entzun

Aljeria, tirorik gabeko mina

Aljeriako gerlaren historia kontatzeaz gain, ikuspuntu «pertsonaletik» idatzi artikuluak bildu ditu Jean Louis Davantek 'Aljeriaz' liburuan.

Abd el-Kader erresistenteaz idatzi pastorala ere sartu du
Jean Louis Davant 1958an bidali zuten Aljeriako gerlara eta bertan 27 hilabete iragan behar izan zituen.
Jean Louis Davant 1958an bidali zuten Aljeriako gerlara eta bertan 27 hilabete iragan behar izan zituen. SYLVAIN SENCRISTO

Nora Arbelbide -

2014ko azaroak 11 - Baiona

«Aljeriako denbora oso gaizki pasatu nuen. Zinez gaizki. Nahiz eta ez dudan tiro bat bota, ez tiro bat jaso». Tiro bat bera ere ez, baina bere minak ekarri zizkion Aljeriako gerlak Jean Louis Davant idazleari. 79 urtean oraindik gerla hark (1954-1962) hunkirik ageri da. Aljeriaz (Maiatz) liburua «biziki pertsonala» dela azpimarratu du idazle eta historialari zuberotarrak. «Ene behar bat balitz bezala sentitzen nuen liburua idaztea, eta azkenean egin dut». Atera zaiola «barneak husteko» beharretik.

Gerlak ez direla bakarrik tiroen azpian bizi erakusten duen idazlana nolabait. Erruduntasun sentimendu batek ere kutsatua: «Bizirik atera denak halako ilundura bat sentitzen du, hobendun balitz bezala. Eta ez naiz deusen hobendun, bistan da. Baina galdu dituzun lagunak gogoan dituzu. 'Ni bizi nuk. Nik santza diat'. Hori guzia bada gerlari ohi baten baitan. Hori ere sartzen da ene sabeleko minean, eta pixka bat hustu dut hor».

Soldadu 1958an joan zen Aljeriara Davant. Eta 27 hilabete iragan zituen han. Bi urte eta hiru hilabete oso; batez ere, Saharan egon zen. Han 23 hilabete pasatu zituen orotara. Bi oasien bazterrean. Zerua teilatu zuten labe ireki batzuetan. Aitzindarien idazkari eta auto gidari lanetan aritu zen.

Eta gogoa nahasia. Ideologia aldetik biziki gaizki sentitzen zela oroitzen da oraino: «Ez nintzen ados han gertatzen ari zenarekin. Nahiz hastapenez ez nintzen Aljeriaren independentziaren aldekoa. Ez nekien sobera zer pentsa. Lehenik, ikasle nintzelarik, Algerie française delakoaren alde izan nintzen. Gero, pentsatzen nuen Charles de Gaullek halako federalismo bat eginen zuela Frantzia eta Aljeriaren artean. Baina hori ez zen gertatu. Funtsean, Frantziak ez daki zer den federalismoa. Zinez etsai gisa ikusten du, eta ez zuen horretan ere behar zena entseatu».

Errealitatea hor zuen parean: «Ageri zen ez ginela herrian. Ez ginela Frantziako probintzia urrun eta exotiko baten zaintzera joanak. Eta ez ginela ordenaren zaintzera joanak ere. Hori baitziguten saltzen. Ofizialki, ez zen gerla. Ordenaren zaintza zen, ofizialki. Baina, han, berehala ageri zen gerla zela, eta gerla zikina, izaten ahal zen zikinena».

Horiek guztiak buruan, H handi batekin idatz daitekeen historia kontatzearekin hasten du liburua. Bere historia propioa testuinguru batean finkatu behar zela baitzeritzon. Bigarren gerla, baita lehena ere, kolonizazioarekin hasi zena. Lehena ahantziz bigarren gerla ez dela ongi ulertzen ahal argi baitu historialariak: «Konkista izan zen. Ez zen betidanik Frantziaren baitan Aljeria. Eta zinez konkista gogorra izan zen».

Lehen gerlaren garrantziaz

Lehen gerla horretan: «Aljeriarrak orduan hiru milioi bat ziren. Eta 500.000 Frantziako armadak hil zituenak. Izugarria da. Seietarik bat. Eta, batzuetan, itsuski». Bi aldiz herri osoak harpe handi batzuetan aurkitu zirela: «Behin, Frantziako armadak suak piztu zituen. Denak itorik hil ziren. Eta beste behin, paretaz tapatu zituzten sarrerak, eta han ere itorik hil ziren ehunka. Gizon, emazte, xahar, haur, gazte. Denak... Horrelako izugarrikeriak gertatu ziren. Eta horiek ez ziren ahantzirik egon. Horrek esplikatzen du bigarren gerlaren gogortasuna. Nola urrikirik gabe ari ziren haiek ere». Liburuaren bigarren partean, Davantek Aljeriaz han eta hemen publikatu dituen artikulu guztiak biltzen ditu, eta Argitxu Camou ikerlariak egin elkarrizketaren transkripzioarekin borobiltzen. Mauleko Argia kolegioko ikasleekin ukan solasa ere sartua du hor.

Eta bururatzeko, Abd el- Kader tragedia jarri du liburuan. Abd el-Kader (1808-1883) politikari eta militar aljeriarra izan zen, Frantziako konkistaren kontra erresistitu izanagatik ezagun. Ez da emana izana oraino pastoral hori. Nahi duenarentzat eskuragarri eman du hor egileak: «Uste dut pastoral ederra litekeela. Musulmanak giristinoen lekuan lirateke. Urdinen lekuan. Eta gu, funtsean, beste aldetik, Turkoen aldetik. Hori bera polita liteke».

Historia, artikuluak, elkarrizketa, pastorala, eta, bururatzeko, zenbait poema ere bai. Gerlara joatean utzi behar maiteari, baita beste zenbait pertsona edo gaiei, sakonetik idatziak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Hiri osoak etorri behar du, erakusketak balio dezan»

Andoni Imaz

Tabakalera zinemaz betetzear da: 'Imajinatu Zinemaldia' eta 'Vive le cinéma!' erakusketak irekiko dituzte datorren astean. Eragileen arteko elkarlanarekin pozik daude Rebordinos eta Ormazabal.
1972an Iruñean egindako Artisten Topaketak, artxiboko irudi batean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

1972ko Artisten Topaketen oihartzuna, mende erdi geroago

Yasmine Khris

Aurten 50 urte dira Iruñeko Arte Topaketak egin zirela, eta jardunaldi batzuen bidez oroituko dituzte urrian. Aurrerapen gisa, bideo lan bat jarri dute ikusgai Ziudadelan
Aintzane Usandizaga, Kirmen Uribe eta Arantxa Iturbe idazleak izango dira aurten BERRIAko udako narrazioetan ariko diren euskal idazleak. ©BERRIA

Beste uda batez Galeuscan

Itziar Ugarte Irizar

Bederatzi idazleri narrazio bana kaleratuko die BERRIAk igandetik aurrera; Arantxa Iturberi lehenik
Ignacio Zuloaga pintorearen 'Arrateko itsua' lana ©Juan Herrero / EFE

Zuloagaren lehen lantzat jotakoa faltsua dela salatu dute

Iñigo Astiz

Zumaiako artistaren museoa kudeatzen duen Z Espacio Cultural elkarteak egin du salaketa, haien hitzetan ezin baita ziurtatu 2020an aurkeztutako 'Arrateko itsua' lana Zuloagarena denik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...