Albistea entzun

Langatik gorako apustuak

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera sailkatu dira Arkaitz Estiballes, Jone Uria eta Oihana Bartra; hirurek apustu bana plazaratu dute azken finalaurrekoan.
Oihana Bartra, Arkaitz Estiballes eta Jone Uria, igandean, finalerako sailkatu direla jakin ostean.
Oihana Bartra, Arkaitz Estiballes eta Jone Uria, igandean, finalerako sailkatu direla jakin ostean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Beñat Zamalloa Akizu -

2014ko abenduak 9 - Zornotza

Bederatziko txikia zuen apustua aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako Arkaitz Estiballesek. Herenegun, azken finalaurrekoan, kartzelako bakarkakoan proba egin, eta gainditu ere egin zuen. Egungo txapeldunak Zornotzako saioa irabazi zuen kartzelan eta horren aurretik erakutsitako mailarekin eta ahalmenarekin. Hilaren 20an jokatuko da finala, Bilboko Miribillan, eta zuzenean sailkatzea lortu zuen. «Jendearentzat ez da berezia, baina niretzat bai, beti beldur horrekin ibili naizelako. Noizbait bederatziko txikian kantatzeko ausardia eduki nahi nuen, bere arrisku guztiekin», zioen txapeldunak finalaurrekoa bukatu berritan. Desafio hori ez du berria: «Orain bi urte, Etxahunek [Lekue] burutik kendu zidan. Aurten, ez dakit berak irabazi nahi duelako edo, egiteko esan zidan».

The Godfather filmaren soinu bandan oinarritutako doinu berria zuen apustu Jone Uriak, eta hark ere aurreko finalaurrekoek ezarritako langatik gora gainditu zuen bere apustua. «Segur aski ni ez nintzen neure kabuz doinu bat ateratzera ausartuko. Lagun bat Erasmusen Italian ibili zen, eta hari bururatu zitzaion», azaldu zuen eginbeharrekoak bukatutakoan. Bere neurrira moldatu zuen doinua. Une berezia sortu zuen bakarkakoan, doinu berriak ez ezik bat-bateko jardunak ere lagunduta: «Beldurra neukan, kartzelako txar bat ezin nuelako egin doinu berria plazaratzean. Uste dut nahiko polita joan dela».

Hirugarrenez sailkatu da finalerako Uria. Ez, ordea, finalaurrekoan oztopo batzuk gainditu gabe. Finalera sailkatzeko presioa bera, besteak beste. «Batez ere, ikusita Mireni [Amuriza] zer pasatu zitzaion, sartzen zaizu beste beldur bat gehiago. Ematen du bitan kantatuta seguru egon behar duzula hor», esan zuen. Hala ere, aurreko edizioetako finalaurrekoetan baino «erosoago» aritu zen. Oholtzatik jaitsita ez zetorkion saiotik kenduko ala aldatuko zukeen bertsorik.

Hankaluzea, azken lerroan

Finalaurrekoetara sailkatzeko langatik gorakoa izateko bidean zihoan Oihana Bartraren bakarkakoa ere, harik eta hankaluze nabarmen bat egin zuen arte bakarkakoaren lehen bertsoaren azken lerroan. Aurreko txapelketan ere leku berean trabatu zen. «Buruan oso argi izan dut bukaera. Konturatu naiz gerora zein berba neukan sartzeko eta zein sartu dudan», aztertu zuen Bartrak. Terapia baten azken egunean kokatu zituen Zuriñe Iarrituk aurkeztutako gaiak. Finalera sailkatu ez zelako psikologoarenean zen Bartra. Lehen bertsoan hankaluzea egin ostean, kemenari eutsi zion, eta lehen bertsoan egindako hanka-sartzea bera ekarri zuen bigarrenera: «Hanka luze bat behin egin eta / sortu jatan desoreka», ekin zion bigarren bertsoari. Entzuleen bultzada besterik ez zuela behar kantatu zuen hasierako agurreko bertsoan, eta bigarren bertso horretan lagundu zioten Zelaieta Zentroko frontoian bildutako 700 bertsozaleek. Bigarren bertso horretan bere «amorrua» atera zuen.

Bakarkako hori Izarren hautsa doinuan egitea zuen apustu Bartrak, doinu «gaitza» zela jakitun: «Puntu laburren zalea naiz, eta motibatzen ninduen doinu bat hartu nahi nuen. Gozatzen dudan doinua da. Badakit gaitza dela, eta batzuek esango dute: 'Nora doa hau horrekin?'». Baina «gustura» zen apustuarekin.

Bakarkakoan salbu, gainontzeko ariketa guztietan ibili zen langatik gora Bartra, eta horrek ahalbidetu zion aurrenekoz finalean izatea. «Sekulako poza da». Oholtzan nabaritzen zitzaion ongi egin nahia. «Aurten txapelketa izugarrizko gogoarekin hartu dut aspaldiko partez. Bertsotan egiten dudala erakutsi nahi nuen». Transmititu nahi dituen sentipenak transmititu nahi ditu finalean.

Azken finalaurrekotik sailkatutako hirurekin batera, Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Fredi Paia eta Xabat Galletebeitia izango dira finalean.

Puntuaketek erakutsi gisara, Ibon Ajuriagojeaskoaren, Imanol Uriaren eta Garikoitz Sarriugarteren lana langatik beherakoa izan zen. Ajuriagojeaskoa ez zen «batere gustura» ibili; Uria, ostera, umore bila arituta, gustura zen egindako saioarekin; eta, bere mailan, pozik Sarriugarte. Utzi zuten kolperik bidean.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

<b>Finala.</b> 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, BECen. ©A. LOIOLA / FOKU

Txapelketa: zauri edo ukendu

Miren Mujika Telleria

Bilboko Bizkaia pilotalekua izango du azken geltoki Txapelketa Nagusiaren trenak. Ibilbide gorabeheratsua eginda, gaur helduko da hara. Kolpea edo poza izango da gaurko saioa bertsolarientzat, gaur erabakiko baita zein zortzi bertsolari arituko diren Nafarroa Arenako oholtzan.
Jon Sarasua idazlea, atzo, Donostian, <em>Harizko zubiak</em> liburuaren aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Hizkuntza lankidetzaren kontrabandoa

Jone Bastida Alzuru

Jon Sarasuak Haitira, Pernambucora, Mexikora eta Tangerrera egindako bidaietako esperientziak eta gogoetak jaso ditu liburu batean: 'Harizko zubiak'. Pamielak atera du

Iñigo Etxezarreta abeslaria <em>Guretzat</em> diskoaren aurkezpenean, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Rockero izandakoen runbak

Olatz Silva Rodrigo

ETS taldeak 'Guretzat' diskoa kaleratu du. Ska eta rock doinuak alde batera utzi, eta beste hainbat musika estilo uztartu dituzte

Gartxot komikigileak sortutako <em>Barruan</em> komikiko irudietako bat. ©GARTXOT / ATARAMIÑE

Kartzelak kolpatutako literatura bat

Iñigo Astiz

2002tik 2017ra bitartean kaleratutako liburu kolektiboetako testu hautaketa bat, Jose Mari Sagardui 'Gatza'-ren memoria liburu bat, eta Gartxoten 'Barruan' komikia kaleratu ditu Ataramiñek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...