Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Agerikoa den beherakada

Asteburuko biharamuna gainditu ostean, jaien amaiera bertan da. Uztailaren 15era itxaron gabe, zenbait negozioren jabeak hasiak dira euren ondorioak ateratzen.
Bisitariak autobus geltokiaren ondoan itxaroten, maletak alboan dituztela.
Bisitariak autobus geltokiaren ondoan itxaroten, maletak alboan dituztela. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Iñaki Berastegi - Bidatz Villanueva Etxague -

2015eko uztailak 14 - Iruñea

Sanferminetan, kaleak ez daude inoiz hutsik, eta are gutxiago eguraldia lagun denean. Asteburuko biharamunak lasaitasun apur bat ekarri du Iruñera. Jaiak ez dira amaitu, noski, baina gorena igaro da. Dena den, jendearen emana urriagoa izan da aurreko urteetakoarekin alderatuz. Horretan, bederen, ados daude tabernari anitz.

«Asteburua izan da gogorrena lan aldetik, baina nabari da jende gutxiago dagoela». Hala dio Andrea Itoiz Meson de la Nabarreriako tabernariak. Iritzi bertsukoa da Maria Navarlas gazte iruindarra. Sarasate pasealekuko Nalia izozki denda ospetsuan dabil lanean. «Lehen urtea da sanferminetan hemen egiten dudala lan, eta uste nuen jende gehiago egonen zela». Halere, aipatu du eguraldi onak herritar asko erakarri dituela dendara.

«Eguraldia, eta tratu ona jendearekin». Iñigo Gomada Anaitasuna tabernako langilea da, eta bi hitz horiekin laburbilduko luke sanferminetako asteburua. Aurten, gutxiago daude lanean. «Nabari da jende gutxiago dagoela; halere, aztoratuak ibili gara».

Iruñeak leku tipiko asko ditu, hiriari izaera propioa ematen diotenak. Horren adibide da Maisonnave hotel eta taberna. Ester Sanz Perez zuzendaria irribarretsu dabil hara eta hona, bezeroen eskaerak aditzen. Hotelak ez du sumatu jendearen joana, Perezek azaldu duenez: «Hotela ia bete da; %97, zehazki. Asteburua izan da jendetsuena, baina atzerritarrek aste osoan bete dute hotela».

Era asko daude sanferminetan ostatu hartzeko. Zenbaitek nahiago dute kalea baliatu eta bagajea kontsignetan utzi. Cris Bufka Varsoviatik dator, eta Marketa Fialovna Pragatik. Iruñean ezagutu dute elkar. Asteburuan elkarrekin egon dira, bakoitzak bere bideari ekin baino lehen. Fialovna kontent dago: «Zoragarria izan da. Ederki pasatu dugu, eta oso harrera ona egin digu hiriak. Entzierroa ere ikusi genuen. Zirraragarria izan zen». «Zer gutxiago! Goizeko bostetatik egon ginen esperoan!», dio Bufkak irribarre eginez.

Jose Angel Gonzalezek 23 urte daramatza hiri segurtasunerako langile moduan sanferminetan. «Atzerritar askok galdetzen digute». Aurten,Tres Reyes hotelaren parean egokitu zaio lan egitea, baina Iruñeko txoko guztietan egon da. Milaka istorio ditu kontatzeko: «Gizon bat etorri zen, xafla batean eskuak jarrita, erre zituelako».

Sanferminetan sarri ikusten diren langileak dira zabor biltzaileak. Horietako bat da Oihan Huarte gaztea. Haren aburuz «ezinbesteko lana» da, «izugarria» delako pilatzen den zaborra. «Halere, aurten komentatu dugu ez dagoela besteetan bezainbeste zabor, eta horren arrazoia dela jende gutxiago etorri izana. Edo gutxiago kontsumitzen dela, beharbada».

Geltokietan, lasaitasuna

Iruñeko tren eta autobus geltokietako anabasa astelehena iristearekin batera amaitu da. Asteburuan geltokia kanpotarrez goraino egon ostean, lasaitasuna da nagusi. Oraindik ere iristen dira autobusak eta trenak beteta, eta badago jendea etxera itzultzeko zain. Hala ere, asteburuan ibilitako jendetzaren arrastoak baino ez dira geratzen. Madrilera itzultzeko autobus txartela hartzen den lekuan dago autobus geltokiko ilara bakarra. Geltokiko eserlekuetan badago lekua han eseri nahi duenarentzat. Tren geltokian ere antzekoa da egoera: jende gehiena aulkietan eserita dago, eta leihatilara jende gutxi hurbiltzen da. Eguraldia lagun izan arren, jende gutxiago ibili dela dio Fernando Gaston autobus gidariak: «Astelehenetik ostegunera arte egin dut lan, eta jende gutxiago ibili dela esatera ausartuko nintzateke. Jendeak ez du dirurik sanferminetan gastatzeko».

Nasen alboan dago taxiak hartzeko lekua. Eduardo Ripodas taxi gidariak oraintxe bertan ekarri ditu bi kanpotar autobus geltokira. Aurtengo sanferminak ez dira bereziki txarrak izan beretzat: «Ongi lan egin dugula uste dut, nire kasuan behintzat. Pasa den urtean baino jende gehiago eraman dut. Are gehiago, lanean jarraitutasun handiagoa nabaritu dut. Aurreko urtean, bidaiatik bidaiara denbora asko egon izan nintzen geldirik. Aurten, ez». Josu Luis autobus geltokiko gozo dendaren jabearentzat, haatik, ez dira bereziki onak izan 2015eko sanferminak: «Salmentei erreparatuz gero, jende gutxiago ibili da aurten. Aurreko urtean, eguraldi txarrari egotzi genion jende gutxi ibili izanaren errua. Aurten, ordea, konturatu gara jende gutxiago dabilela Iruñeko festetan, eguraldia lagun izanda ere. Asteburuan bezero kopuruak nabarmen gora egin duen arren, beste urte batzuetako asteburuarekin alderatuta, kaxkarra izan da».

Bederatzigarren billabesak lotzen du Iruñeko besten nukleoa tren geltokiarekin. Asteburuan beteta joan ondoren, atzo eguerdian bi pertsona baino ez ziren jaitsi Iruñeko tren geltokian. Geltokitik Iruñera doan autobusean ere oso jende gutxi igo da. Bederatzigarren zenbakiko billabesako gidaria kezkatuta ageri da sanferminek hartu duten beherakadarekin: «Eguraldi askoz ere hobea izan dugun arren, ez dugu lan gehiago egin behar izan. Badirudi jende gehiagok ospatu dituela bestak aurten, baina, autobusaren erabilerari dagokionez, datuak ez dira onak. Jendea gero eta gehiago mugitzen da bizikletan edo oinez».

Eguraldia lagun izan dute aurtengo sanferminek. Hala eta guztiz ere, negatiboa da joera. Azken urteetan, behera egin du sanferminetara etorri den bisitari kopuruak. Etortzen direnek ere gutxiago gastatzen dutela nabaritu da. Badirudi beherakada hasi baino ez dela egin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Darth Vader eta haren soldaduak, Antiguatik udaletxera bidean. ©BERRIA

Elkartasunaren indarra lagun

Jakes Goikoetxea

'Star Wars' filmen sagako pertsonaien erakusketa eta desfilea egin dituzte Donostian. Zaleen Pink Force fundazioak antolatu ditu, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen alde.
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Elkarte askotan konpromisorako urratsa egitea kostatzen da»

Iker Tubia

Pedagogia aktiboaren bueltan aritu da Bobes; batez ere, hezkuntza araututik kanpo. Emakumeen ahalduntzerako herri kultur-zentroetan aritu da jo eta su, eta hamaika elkartetan. Emakumeez, feminismoaz, ibilitakoaz eta erronkez mintzatu da.
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Entzundako zerbaitek norbaiti balio baldin badio, zoragarri»

Jakes Goikoetxea

Hamabi bideo elkarrizketako proiektu bat abiatu du, aurrera egiteko tresnak bilatzeko asmoz, besteek egindako bidetik ikasteko asmoz. Enpatian eta konfiantzan oinarritutako solasaldiak dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.