Albistea entzun

Zirrarak salgai Runan

Errusiar mendiak, noriak, bihotza eztarriraino igotzen duten atrakzioak... Prezioek gora egin arren, barrakazale oro asetzeko moduko eskaintza dago Arga ibaiaren ertzeko ferialekuan.
Zenbait gazte, Runako ferialekuko Inverter atrakzioan.
Zenbait gazte, Runako ferialekuko Inverter atrakzioan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz -

2015eko uztailak 14 - Iruñea

Peluxezko hartz bat oparitan! Secretario, secretario! Emaiozu gizon dotore honi bere saria, mesedez. Dena ari gara ematen, dena ari gara oparitzen! Telebistak, bideokontsolak, urdaiazpikoak... Hamabost txartel bost euroren truke, eta gaur bakarrik, eskaintza berezia: 40 txartel hamar euroren truke! A-van-ti tutti, corsi a premi!». Hitzak ahoskatu bainoago, metrailatu egiten ditu Bingo Deluxe barrakako arduradunak, hatsa galtzeraino. Behar den guztia egiten du Runa parkeko ferialekuan gora eta behera dabiltzanek bingoko txartelak eros ditzaten: kantatu, txantxak egin, italierazko hitz batzuk lardaskatu... Bere lana da, eta barraketako beste azokalari guztiena. Haur zein helduei ilusioa eta zirrara eskaintzea, «merke-merke, ia oparituta».

Arrotxapea auzoko Runa parkea 78 atrakzioz beterik dago uztailaren 4tik 15era bitartean. Dena den, komenigarria da sakela ondo beteta joatea, barraka gehienek 3,50 eta 4 euro inguru balio baitute: Grand Prix, Mansion del Terror, Selva Encantada... Azken urteekin alderatuta, atrakzio eta mendi errusiar arrakastatsuenen prezioak gora egin duela uste dute hainbat bisitarik. «Lauzpabost aldiz etorri gara aurten, baina bi atrakziotara soilik igo gara, oso garestiak direlako. Gainerakoan, tiro txosnan ibili gara, txotxei tiro egiten, patatak frijituak jaten edo giroaz gozatzen», azaldu du Nuria Arraiz 23 urteko iruindarrak.

Iritzi horrekin bat egiten du Miren Iñiguezek ere (Iruñea, 1980): «Gaurko hau bigarren eguna dugu barraketan, eta aldea nabari da. Asteburuan, askoz jende gehiago ibili zen, eta itogarria zen hemengo giroa. Bestalde, guretzat ezinezkoa da gehiagotan etortzea, hiru urteko haurra dugulako, eta txikientzako barrakak izugarri garestiak direlako. Hiru tiket erosita, hamar euro joaten zaizkizu konturatu gabe. Bi egun hauetan, 25 euro xahutu ditugu guk, txoke-autoak, noria eta litxarreriak kontuan hartuta».

Barraketako arduradunen esanetan, ordea, prezioak ez dira iazkoak baino askoz garestiagoak. «Ulertzen dugu jendearen ezinegona, garai hauek latzak direlako guztiontzat, baita guretzat ere. Baina hau guztia martxan jartzeko tenorean, ezinbestekoa da txartelei prezio horiek jartzea. Soldatak ordaindu nahi baditugu, ez dugu beste aukerarik», azaldu du Gusano Loco atrakzioko arduradun Miguel Javier Herrerosek (Talavera de la Reina, Espainia, 1976). Hala ere, bihar umeen eguna izanik, prezioak jaitsiko dituztela iragarri dute barraketako arduradunek.

Denentzako atrakzioak

Mendi errusiarretik edo atrakzio beldurgarrietatik jaistean gaztetxoenek duten irribarre zabala da barraken ezaugarri nagusia. «Izugarria izan da! Bihotza zintzurrean dut oraindik!», dio Booster izeneko atrakziotik jaitsi berri den neskato batek.

Booster 40 metroko altuerako barraka bat da. Runa parkeko izkinan dago, eta beldurrik ez dutenentzat gordetako atrakzioa da. Beso bakarreko tramankulua da; besoaren mutur bakoitzean lau pertsonarentzako eserlekuak dauzka, bi alde bakoitzeko. Orotara, zortzi pertsona ibil daitezke hor, beraz. Martxan jarri, eta orduko 100 kilometroko abiadura har dezake makinak. Ziztu bizian buruz gora eta buruz behera jartzen du Boosterrek barrakazalea, eta Iruñeko paisaiaz gozatzeko aukera ematen. Dena den, zaila da abiadura horretan deus ikusi ahal izatea.

Baina Booster ez da ausartentzako atrakzio bakarra. Haurrek adina barraka goza ditzakete helduek Iruñean. Inverter da bertigorik gabekoentzako hurrengo geltokia. Lau bagoi dauzka, eta bosna eserleku bagoiko. Inverter izen egokia da, kontuan izanda barrakak buelta ematen duela, bertan dabiltzanak segundo batzuetan buruz behera utziz, lurrera begira, grabitatearen legea irauliz.

Aparatu horietaz gain, klasikoak ere badira: barku bikingoa, Alcatrazko kaiolak, matxinsaltoa eta txu-txu trena, besteak beste. «Txikitan, zirraraz igotzen ginen terrorearen tunelera. Munduko gauzarik beldurgarriena zen guretzat. Gaur igo naiz berriz, hogei bat urteren ostean, eta arlotekeria iruditu zait... baina horrek ere badu bere xarma», esan du Eneko Lopez 42 urteko burlatarrak, irribarrez.

Bada, bestalde, aurten paratu ez duten atrakzio bat: poneyek tiratako barraka. Duela bi urte, talde animalisten ekimenez, Iruñeko udalbatzako alderdiek itun bat sinatu zuten gisa horretako ikuskizunak debekatzeko, animalienganako tratu txarretan oinarritzen direlako. Izan ere, barraka hori zortzi bat poneyri lotzen zioten, eta, haurrak gainean zituztela, egitura bati tiraka ibiltzen ziren animaliak. Iaz, udalbatzaren akordioari entzungor egin zion Iruñeko Udalak, baina, zenbait elkarteren presioari esker, halako atrakziorik ez dago aurten.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Filip Albor, Amaia Karrere eta Arantxa Hirigoien, <em>Ttinka</em> disko-liburuaren egileak. ©MATHIEU HARANBURU/ BELARRI

«Ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela»

Ainize Madariaga

'Ttinka' disko-liburua plazaratu du Hirigoienek, Filip Albor eta Amaia Karrerekin batera.Ttipitik «on» denez kantuak eta ipuinak euskaraz entzutea, haurren beharretara egokitu dute obra.
Jon Zabaleta, HernaniKomik azokan emandako Joseph Camino saria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

«Marrazteak goizero jaikitzen laguntzen dit»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Trazu ezberdin asko dituen bineta erraldoi bat da Zabaletaren bizitza, marrazkiz zirriborratu duena. Hernani bere jaioterrian saritu dute, eta euskal komikiari egindako ekarpena aitortu.
 ©MONIKA DEL VALLE / @FOKU

«Euskaraldia oso neorrealista da»

Urtzi Urkizu

ETB1ek 'Dailobit' saioaren bigarren atala emango du gaur, Euskaraldian izandako bizipenekin. Rutak Leire Palaciosekin batera aurkezten du programa. «Naturaltasunez agertzen saiatzen naiz».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...