Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Hizkuntza hesirik gabe (ia)

Publizitatea

Bizigiro

Hizkuntza hesirik gabe (ia)

Android sistema duten sakelako telefonoentzat Mitzuli itzultzaile automatikoa sortu du IXA taldeko Mikel Artetxek. 50 itzulpen noranzko eskaintzen ditu.
Ahotsaren bidez eta testu bati argazkia aterata itzulpenak automatikoki eskaintzen ditu Mitzuli aplikazioak.
Ahotsaren bidez eta testu bati argazkia aterata itzulpenak automatikoki eskaintzen ditu Mitzuli aplikazioak. BERRIA

2015-05-09 / Urtzi Urkizu

Demagun pertsona bat atzerriko herrialde batean dagoela, turismoa egiten edo lan kontuengatik. Demagun herrialde horretako hizkuntzan ez duela piperrik ulertzen. Norbait joaten zaiola, hitz bat esan, eta erantzun nahi diola. Konponbidea eman diezaioke istant batean Mitzuli aplikazioak. Esate baterako, Errumanian herritar batek errumanieraz hitz egin, eta aplikazioak ahots sarreran gaztelaniara itzuliko dio. Gaztelaniatik euskarara gero, nahi izanez gero. Edo euskaraz hitz bat esan, eta ingelesez ahoskatuko dio telefonoak hitz hori. Androiderako itzultzaile librea da Mitzuli. 50 itzulpen noranzko baino gehiago eskaintzen ditu aplikazioak, eta horien artean hirutan ageri da euskara: gaztelaniatik euskarara, euskaratik gaztelaniara eta euskaratik ingelesera.

Ahotsaren bidezko itzulpenaz gain, kamera bidezko sarrera eskaintzen du aplikazioak. Hau da, afixa bat, menu bat, liburu, egunkari edo aldizkari bateko testuari argazkia atera, eta Mitzulik itzuli egiten du.

IXA taldeko Mikel Artetxe informatikariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1992) sortu du Mitzuli. Bi urte inguru pasatu dira proiektuarekin hasi zenetik. Nabarmendu duenez, baliabide gutxien duten hizkuntzetan jarri du arreta, «izaera komertzialeko produktuek albo batera utzi ohi dituzte eta». Itzulpen noranzkoen zerrendan sartu ditu horregatik, euskaraz aparte, afrikaansa, aragoiera, asturiera, daniera, errumaniera, galiziera, hindia, indonesiera, katalana, kroaziera, malaysiera, nederlandera, okzitaniera, suediera eta urdua. Edonola ere, frantsesa, ingelesa, portugesa, gaztelania eta italiera ere zerrendan daude. Baita esperantoa ere. «Alemana sartzeko eskaera dezente jasotzen ari naiz», esan du informatikariak.

Baina Mitzuliren itzulpenak egitea posible da beste proiektu batzuetan oinarritzen delako. Apertium itzultzaile automatiko librean oinarritzen da hizkuntza bikote gehienak eskaintzeko, gaztelania-euskara eta ingelesa-kroaziera bikoteetarako izan ezik; Apertiumen lanean aritu zen Artetxe. Gaztelaniatik euskarara itzulpenak eskaintzeko Matxin itzultzaile automatikoa erabiltzen du aplikazioak; IXA taldeak garatu zuen Matxin —Elhuyarren laguntzaz—, euskararekin lan egiten duen eta publikoki erabilgarria den lehenengo itzulpen automatikoko sistema. Euskaratik gaztelaniarako itzulpena Apertiumen oinarritzen da. Abu-MaTran Europako proiektua ere goraipatu du Artetxek; Dublin City Unibertsitateko CNGL taldeko ikerlariei esker, ingelesa-kroaziera bikoteko itzulpenak eskaintzen ditu.

Atzerrian erabilgarri

Aplikazioari «lehen bultzada» Euskal Herrian eman nahi diote, baina beste herrialde batzuetan zabaltzea espero dute, kontuan hartuz hizkuntza gutxiagotu batzuetako hiztunek erabil dezaketela. «Penintsula Iberikoko hizkuntza guztiak daude, aragoiera eta asturiera barne, eta horrek oihartzuna izan dezake».

Bestetik, Mitzulik motortzat Tesseract erabiltzen du, iturburu irekiko OCR plataforma zehatzena —Google bilatzaileak hartu du haren garapenaren ardura—. Irudiak prozesatzeko, berriz, OpenCV eta Leptonica liburutegi libreak erabiltzen ditu aplikazioak. Aplikazioa software librekoa da. Garatzaileentzat, Mitzuliren tripak edonoren eskura daudela esan nahi du horrek. Doakoa da, gainera.

Ez da Mitzuli euskarak Androiderako duen itzultzaile automatiko bakarra. Google Translate dago batetik. Eusko Jaurlaritzaren euskara-gaztelania itzultzailea dago bestetik. Googleren itzultzailearen kasuan euskarazko itzulpenak ez dira maiz oso onak izaten. Jaurlaritzakoaren kasuan, Interneteko konexioa beharrezkoa da erabiltzeko. Mitzulik, aldiz, offline-ko modu osoa eskaintzen du. «Atzerrira joaten garenean itzultzaile bat izatea ondo etortzen zaigu, baina roaming tarifak direla-eta Internetera konektatzea oso garestia izaten da. Mitzulik, ordea, hizkuntza bikote gehienetan aukera ematen du deskargatzeko eta Interneteko konexiorik gabe erabiltzeko», azaldu du informatikariak. «Gainera, Google Translaten ez bezala, Mitzuliren itzulpenek kalitate berbera dute Interneteko konexioarekin edo gabe».

Gaztelaniatik euskarara itzultzeaz gain, beste hizkuntza batetik euskarara itzulpenak egitea zaila da gaur egun. «Googlek aukera eskaintzen du, baina, itxura guztien arabera, ingelesean pibotatuz egiten du. Adibidez, frantsesetik euskarara itzultzeko lehenbizi frantsesetik ingelesera itzultzen du, eta hortik euskarara. Ondorioa da kalitatea txarragoa izaten dela». Artetxek dio itzulpenak errazagoak direla hurbilekoak diren hizkuntzen artean —adibidez, katalana eta gaztelania—, ezberdinagoak direnen artekoak baino: euskara eta gaztelania. Aplikazioa erabiliz nabari da, halaber, hitz solteen itzulpenak askoz zuzenagoak direla menpeko esaldien itzulpenak baino.

Applerako ezingo da

Mitzuliren sortzaileak argi du aplikazioa ez dela aterako Appleren sakelako telefonokoetarako, lizentzia arazoengatik ez litzatekeelako posible izango AppStoren argitaratzea.

Proiektuan Elhuyarrek eman dion laguntza eskertu du Artetxek, besteak beste, lokalizazioetan, zerbitzariaren kudeaketan eta komunikazio arloan. «Aurrera begira, badauzkat ideia batzuk itzultzailea hobetzeko eta aurrera jarraitzeko».

Zarauzko gazteak sortutako aplikazioak badu webgunea: www.mitzuli.com. Azalpenak euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz, galizieraz, katalanez eta frantsesez eskaintzen ditu. Eta webgunean erabiltzaileek aukera dute informatikariarekin harremanetan jartzeko. Mezua esperantoz bidalita ere, aurkituko du modua erantzuna emateko.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak