Albistea entzun

Zalantzaren bideak

Agindutako egunerako hilabete baten faltan, independentziari buruzko galdeketa nola gauzatu eztabaidatzen ari dira Kataluniako alderdi nagusiak. Kameren aurrean ez dute hitz egin nahi 'B planei' buruz. Hala ere, geroz eta ozenago adi daiteke askoren galdera: kontsulta ezin bada egin, zer?

Samara Velte -

2014ko urriak 10

Erabateko diskrezioz» bildu ziren atzo Kataluniako alderdi nagusietako buruzagiak, prozesu subiranistan eman beharreko pausoak eztabaidatzeko. Aurreko asteko goi bileran ez bezala, ez zuten jakinarazi hitzorduari buruzko xehetasunik, eta kazetariek iluntzean baino ez zituzten ikusi Generalitatearen Robert jauregira sartzen. Adi-adi zeuzkaten Estatua, herritarrak eta hedabideak, tximiniatik zer aterako: ke zuria, beltza, galdeketari buruzko argibideren bat edo ustekabeko akordio bat azken unean. Amaieran, ez zuten adierazpen ofizialik egin: «Lanean jarraitzen dugu», esan zuen parte hartzaile batek.

Agindutako egunerako hilabete eskas falta da. Alderdiek galdeketa egingo dutela dioten arren, zalantza da nagusi, eta bilerotako sekretismoak haizea ematen die espekulazioei. Espainiako Gobernua hasia da neurri berrienen aurka egiten —Kontrol Batzordeari jarria dio helegitea—, eta PPk ere erreparo handirik gabe adierazi du galdeketa eragozteko asmoa daukala —«ez da egongo erreferendumik edo antzeko beste ezer», esan berri du Alfonso Alonso Kongresuko eledunak—.

Ez da erraza adierazpen festatik irudi garbirik ateratzea. Konstituzio Auzitegiaren epaia aurrez ikusteko modukoa izanagatik ere, teknikoki oraindik ez da kontsultaren aurka mintzatu, eta goizegi da hura debekatutzat jotzeko. Baina auzitegiaren historia ezagutzen duenak ere ez du askorik espero; atzo bertan, lehenbiziko keinua egin zion Kataluniako Gobernuari, eta atzera bota zuen hark Francisco Perez de los Cobos presidentearen aurka jarritako helegitea. PPko kidea izanagatik ere, ez ei dago arrazoirik epailearen inpartzialtasuna zalantzan jartzeko.

Joan den asteko goi bilera amaitutakoan, ordura arte sekula erakutsi gabeko ziurtasunarekin mintzo ziren alderdi subiranistetako buruzagiak, baita CiUkoak ere. Irmo defendatu zuten guztien arteko batasuna eta galdeketarekiko konpromisoa. Paradoxikoki, horrek gehiago hauspotu ditu susmoak: zerk mugiarazi du Kataluniako gobernu kontserbadorea hautu legalistatik? Oposiziotik estu helduta daukatelako da, edo, funtsean, adostuta daukate bide alternatiboa, baina ezin dute oraindik jakinarazi?

Ekintzek ezetz diote, ez diotela izkin egingo azaroko bozketari: oraingoz, martxan jarri dituzte galdeketa prestatzeko prozedura nagusiak, eta alternatibak bilatu dituzte Konstituzio Auzitegiak behin-behinean eten dituenak ordezkatzeko. Baina CUPek ere ohartarazi du legeak mugak dituela, batez ere tresna juridiko nagusiak Espainiako Gobernuaren esku daudelako: bide horretatik jarraituz gero, ziurrenik Madrilek izango du azken hitza, eta Kataluniako alderdiek ezinbestean erabaki beharko dute hura bete edo desobeditu nahi duten.

A-9: TRENEN TALKA

Auzitegi Konstituzionalak debekatutako galdeketa egiten badute, zailtasunak izan ditzakete aitorpena lortzeko: Espainiako makineria juridiko eta politikoa izango dute aurka, eta gutxienez Kataluniako hiru alderdik —PPk, Ciutadansek eta PSCk— ez dute bozketa babestuko. Kasu horretan, parte hartzearen menpe egongo da emaitzaren balioa: Kataluniako herritarren zati handienak bozkatzen badu, ekintza politikoetan islatzeko moduko mandatua dela ulertuko du parlamentuak.

Estrategia horri eutsiko baliote, azarotik aurrerakoak mila bide har ditzake. Batzuek diote derrigor aurreratu beharko liratekeela hauteskundeak eta gobernu berri batek heldu beharko liokeela galdeketatik ateratako konpromisoari —haren emaitza independentziaren aldekoa bada—. Nolanahi ere, CiUk onartua du Kataluniako Gobernuak ezinbestean jo beharko duela berriz Madrilera, beste argudio batekin negoziatzera.

DEIALDIA, HERRITIK

Legearen bidetik jarraitu ezin badu, gobernuak gizarte zibilaren edo beste erakunde batzuen esku utz dezake galdeketa antolatzeko ardura. Aukera hori haizatu berri du La Vanguardia egunkariak: Generalitateak udalen bidez egingo ei luke bozketa. Kataluniako Gobernuak, ordea, ukatu egin du halako ezer egiteko asmoa, eta ANC Biltzar Nazional Katalanak ere behin baino gehiagotan nabarmendu du prozesua gobernuak eraman behar duela eta herri mobilizazioek ezin dutela jardun politikoa ordezkatu.

BERRIRO HAUTESKUNDEAK

Geroz eta espazio handiagoa hartzen ari den arren inork ozenegi aipatu nahi ez duen elefantea da hauteskundeak aurreratzeko aukera. CDCko hainbat kide bozketa plebiszitario baten alde agertu dira: alderdiek aldez aurretik adieraziko lukete Kataluniaren independentziari buruz duten jarrera, eta herritarrek horren arabera bozkatuko lukete.

Aukera horrek hainbat desabantaila dakartza alderdi subiranista nagusientzat. CiUk 2012an ere galdeketaren aitzakian aurreratu zituen hauteskundeak, eta ez zuen lortu esperotako gehiengo osorik. Orain, inkestek diote ERCk aterako lukeela boto gehien, baina oposiziokoek zalantzan jarri dute CiUk galdeketarekiko konpromisoari eutsiko ote liokeen boterean ez balego, batez ere Unioren aldetik. CDCren eta ERCren arteko koalizio handi bat osatzea da beste aukera, baina beste alderdiek ez dute begi onez ikusten, eta itxura osoa du hauteskundeek ez lioketela mesederik egingo talde subiranisten arteko harremanari. «Eskura daukagun hirugarren tresna da, baina gaur-gaurkoz ez dugu erabili nahi. Tiradera hori itxita dago, baina ez hutsik», esan du Masek. «Independentziaren aldeko alderdien arteko adostasuna lortuz gero bakarrik zabal dezakegu, eta, oraingoz, ez dago halakorik».

Nolanahi ere, Kataluniako presidenteak du bozetara deitzeko eskumena, eta edozein unetan aurreratu ditzake egoki irudituz gero. Kataluniako hedabideen arabera, Konstituzio Auzitegiaren debekua heltzen den egunean egin dezake deialdia; baina haren epaiek luze jo ohi dute, eta, azaroaren 9a baino lehenago helduz gero ere, helegitea jartzeko aukera leukake lehenbizi Kataluniak. Edonola ere, epaimahaiak jakinarazi du ohi baino arinago aztertuko dituela Espainiako Gobernuak jarritako helegiteak eta gehienez hiru hilabete barru emango duela ebazpenaren berri. Debekua urte amaieran heltzen bada, hauteskundeak negua amaitu aurretik egin ditzakete.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa eta Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua elkarri eskua ematen, iragan uztailean, negoziazioen lehen bilkura amaitu ostean, Parisen ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Korsikako hautetsien eta Frantziako Gobernuaren arteko negoziazioak, oinarri bila

Ander Perez Zala

Darmaninek atzeratu egin du bihar uhartera egitekoa zuen bisita, «eztabaida bare baterako baldintzarik» ez dagoela argudiatuta. Protestak antolatu dituzten gazte mugimenduek aho batez eskatu dute elkarrizketak hausteko.

Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialaren prentsaurrekoa, gaur, Bartzelonan. ©INTERSINDICAL

Kataluniako berrehun udalerri daude amnistiaren eta autodeterminazioaren alde

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Hirurehun erakundek eman diote babesa Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialari, tartean alderdi politiko independentistak, zenbait sindikatu eta ikasle antolakunde.

Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen, gaur, Kopenhagen egindako agerraldian. ©Liselotte Sabroe / EFE

Danimarkako bozak azaroaren 1era aurreratu ditu lehen ministroak

Mikel O. Iribar

Gobernu sozialdemokrata babesten duten alderdiek behartuta hartu du erabakia Mette Frederiksenek.

Suhiltzaile batzuk, atzo, bonbardaketa batek Kharkiven (Ukraina) txikitutako lantegi batean lanean. ©SERGEY KOZLOV / EFE

Zelenskik berretsi du ez duela Putinekin negoziatzeko asmorik

Igor Susaeta

Errusiako goi ganberak Ukrainan partzialki okupatutako lurrak anexionatzeko itunak onartu ditu. Kremlinen mapek erakusten dute Moskuren indarrek segitzen dutela gerra frontean atzera egiten

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...