Angel Erro.
JIRA

Udako

2017ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Gustatu ala ez, uda ez da urtaro normala. Metonimia bat da. Denok diote uda, baina bakoitzak hilabete edo hamabostaldi ezberdin bat, tarte gutxi gorabehera zehazkabea, du buruan.

Urtearen bukaera difusoa. Arintasun onartuaren garaia. Fikzioa gehien bultzatzen dugun aroa. Egunkariek ipuinak ekarri ohi dituzte, kazetariek artikulu irudimentsuenak, sail ausartenak frogatzeko aprobetxatzen dute. Iritzi-emaile astunenak egiaren iturburu freskoetara joaten gara. Gehien irakurtzen den aroa omen da uda. Uda da urtean zehar ezin izandakoaren helmuga.

Badira udakoak diren aldarrikapen bereziak, urtean zehar ematen ez direnak edo suhartasun apalagoarekin ematen direnak, udakoak diren jantziak, fruituak edo edariak dauden modu berean. Herriko jaien portaeren ingurukoak, esaterako.

Eguberri luzatua da uda, errutinaren eten behartua, baina gizalegetsuagoa. Deskonexioa. Jendea zu zauden baino toki interesgarriagoetan irudikatzeko garaia, adiskideen egunetako, asteetako isiluneak susmo okerrenak baietsita. Aupa Etxebeste. Gerrak hasten diren urtaroa. Estralurtarrei udan etortzeko aholkatuko nieke, galdetu gabe zertara etorri behar duten.

Uda da topiko gehienak eta itsaskorrenak noziarazten dituen mintzagaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.