Angel Erro.
JIRA

Jaunartze

2015eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Gizakia paradoxetara immunea da. Horixe bera da, apika, umorearen iturburua. Maiz hitz egin izan dugu lagunen artean, gehienok fedea, fede erlijiosoa behintzat bai, galdu dugun honetan erritu kristauei alternatiba bilatu beharko geniekeela, tradizioaren izenean itxurakeria beti itsusgarrian eroriko ez bagara. Denborak kontra jotzen digu. Beren fedegabetasunaren aurka ikusi izan ditut lagunak—edo, hobeto esan, lagunen senideak— hilobira apaiz batek lagunduta. Gutako edozeini gerta dakiguke. Elizako hileta, azkenean, eta besterik ezean, aukera errazena da. Bestelakoak, zibilak edo, badaude, baina ez dugu ohitura, batek daki nork zer esan/irakurri/deklamatuko duen.

Malagako herri batean, jaunartze zibila asmatu dute, nerabezarorako igarobide moduan. Hona helduko balitz, izenak berak salatuko luke desegokitasuna. Argi dago nerabezarora nolabait igaro behar dugula, erritu batekin, ongi da, nahiago badugu. Baina hobe, izenetik hasita, kopia eta itsatsi bat ez balitz. Askotan egiten dugu horrela. Elikadura begetariano asko haragikiaren itxurapean aurkezten zaigu, eskizofrenikoki: hanburgerra, saltxitxa beganoak, oilasko zaporeduna. Ihes nahi dugun bestelako ereduetan berdin jokatzen dugu, ez pentsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.