Angel Erro.
JIRA

Argudioak

2017ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan taberna batean lagunekin sartu eta taldeko bat, reggaeton latindarraren hirugarren edo laugarren kantara, letren matxismoa kritikatu zuen. Hara joatea proposatutako laguna isildu arren, ni generoaren alde atera nintzen Irantzu Varelari Youtubeko bere kanalean berriki entzundako argudioa erabiliz —eta niretzat pasaraziz—, gutxi gorabehera honela laburbil daitekeena: reggeaton-a matxistatzat jotzearen azpi-azpian arrazismoa datzala, egon badaudelako mendebaldeko musikan, rock edo popean, matxismoaren adibideak ere, inor gutxik salatzen dituenak. Kontra egiten saiatu zen, espero izatekoa zenez, hori sostengatzea eztabaida desbideratzea zela iradokiz, baina harritu ninduena da hirugarren laguna tartean sartu zela niri egotziz nik zerbait arrazistatzat jotzea ez zela bidezkoa, (gizon) zuri mendebaldekoa naizelako, arrazismoaren karta (gizon) zuri mendebaldekoen artean erabiltzea apropiazio kulturala zela. Nire ustez kontzeptu hori hor ez zen doi egokitzen egoerara, baina ez zidaten zuzentzen utzi, ordurako elkarri aurpegiratzen ari baikintzaizkion hurrenez hurren euskalfobo, masibista, heterozentrista eta pigmentokrata jokatzea, tabernako argiak piztu zituzten arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.