JIRA

Himnoaren letra

Angel Erro -

2015eko ekainak 2
Espainiako himnoak ez du letrarik. Garai batean jarri zioten. Poeta eta letragileren batek ere bere burua eskaini du futbolariek buruz zer ikasi izan dezaten. Nire haurtzaroan letra apokrifo bat bazebilen, detergente marken katalogo xaloki eskatologikoa ematen zuena. Inoiz ez naiz egon Espainiako himnoa, begirunez edo gabe, aditzera behartuta eta maiz pentsatu dut, hala egokituko balitzait, lanak izanen nituela disko gogorrean irarririk ditudan bertsoak ahora ez ekartzeko.

Espainiako himnoak ez du letrarik, baina larunbatean Athleticeko eta Barçako zaleek bat asmatu zioten, euskarak eta katalanak duten kontsonante txistukari ugariez baliaturik: seina txistukari dute bi hizkuntzek, gaztelaniaren bien aldean. Askotarikotasunaren defentsan edozeinek onartu beharko luke ondokoak nahi adina kontsonante erabiltzea, edozein momentutan, hortik atera hitzak gustatu ala ez.

Espainiako himnoak ez du letrarik, baina badirudi baduela koreografia, Mikel Landa ziklistaren kasuan ikusi den bezala, bete ezean tipo susmagarri eta ondorioz salagarri bihurtzen zaituena: buru-has, paparra atera, begi ameslariak paratu, eskua diru zorroaren gainean eta batez ere ezpainak lotuta, zeta edo teixa bat ere itzur ez dadin.