Angel Erro.
JIRA

Reality

2017ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Azkenean baztertu eta idatzi ez ditudan zutabeen artean badago bat, joan den asteko notizia bitxi batean oinarrituko nuena —egunkarietako notizia bitxiek inguruko errealitateaz idatzi behar izatetik libratzeko erabiltzen ditut lantzean behin—. Britainia Handiko Channel 4eko reality show bateko parte-hartzaileak hainbat hilabetez basoan munduko notiziaren berririk gabe egunerokora itzultzean Brexit, Trumpen garaipen eta beste hainbeste notizia bitxi ez jakiteak sortuko liekeen ezusteaz idatziko nuen, baina berehala baztertu nuen.

Damutu naiz geroago notizian sakondu eta uste baino harrigarriagoa dela ohartzean. Eden izeneko saioko partaideek zortzi hilabete igaro dituzte beren burua grabatzen, irudiok telebistan ematen ari zirelakoan, baina 2016ko abuztuaren 8tik Channel 4-ek ez du saioa emititzen. Egunotan itzuli dira errealitatera (Brexit, Trump eta munduko beste hainbeste notizia bitxi) eta denbora honetan guztian haren joan-etorriei inork jaramon egin ez dielako errealitate gordinagora.

Azken egia horretaz ohartzea irakaspen handia da, gero eta zailagoa, Eden izeneko realityrik gabe, hamaika aplikazio ditugulako kontrakoa sinetsarazi nahi digutenak, orain zortzi hilabete baino aspaldiagotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.