Angel Erro.
JIRA

Elurra

2015eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Elurra ari du edo ez du elurra ari. New Yorken, elur handiaren beldur, kalean inor ez dabilela, hori kontatu digute hemen teleberriek, irudi ederrak lagun. Elurra ez dela hainbesterako izan, gero. Toki askotan ari du elurra inork jakin gaberik. Elur alferrik galdua.

Gasteizen whatsapp mezu bat ba omen dabil sakelakotik sakelakora elurte ikaragarria iragarriz, hiru metroko jasa. Gerta ez dadin baino lehen, Euskalmeteko arduradunak gezurtatu du; askoz gutxiago eginen du.

Elurra, dudarik ez dut, garai bateko barbaroak dira. Olerki ezagunaz ari naiz. Zeren zain gaude etxean sartuta? Elurra asteburuan etorriko omen da. Zergatik ez dabil metroa? Elurra asteburuan etorriko omen delako. Zergatik hainbeste orrialde egunkarietan, hainbeste ordu telebistan, hainbeste solas igogailuan? Elurra asteburuan etorriko omen delako.

Elurrak —esaten digute— eragozpen handiak ekar ditzake eta hobe da prestaturik egon gaitezela. Baina (zertara dator urduritasun, ezinegon hau?, aurpegiak zein beltzuri bihurtu diren!) susmatzen hasita nago benetako arazoa elurrik ez egitea dela. Zer gertatuko zaigu orain elurrik gabe? Azken finean, fenomeno atmosferiko hori nolabaiteko konponbidea zen. Ez dakigun arren oso ongi zeren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.