Angel Erro.
JIRA

Zoriontasuna

2015eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Gibelalderen ondoren, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburua etorri da. Adegiko presidenteak barkamena eskatu behar izan du gazteak eta gosea direla eta esandakoengatik. Sailburua tentu handiagoz ibili da. Gurasoengandik hurbil bizi beharraren ustea gezurtatu nahi izan du; izan ere, «zoriontasuna leku askotan dago».

Ederki ikusi eta laburtu du Rikardo Arregi Diaz de Herediak, Twitterren, Toñaren hitzak Gibelalderenen bertsio paulo-coelhotarra direla. RADdH gehiago beharko genituzke oro har, baina bereziki gure hobe beharrez ematen zaizkigun aholku onberen atzeko mezu ezkutua deskodetzeko.

Ez dut nik hemen etxetik ez mugitzearen eta gurasoak eta senideak atzean uztearen aholkua gaitzetsiko, Ebanjelioan Jesukristok berak ematen duena —gero esan dezaten apaizek familiaren alde hainbeste lelokeria—. Eskarmentuz badakit kontrakoak dakarren zoriontasunaren berri, eta susmoa dut egunen batean —topikoak hala dio— guraso zirenenganako itzuleran zoriontasunaren azken ispilatzea bilatuko dudala. Baina engainu horiek nik neure buruari fabrikatzen dizkiot. Ez diezadala sailburu batek zoriontasuna bere agindupeko lurraldeetatik kanpo bila; horretarako, inork ez du eta sailbururik behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.