Angel Erro.
JIRA

Barandiaran

2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Egunero ikasten delako. Horregatik merezi du, beharbada, munduan jarraitzea eta azken hitza inoiz ez esatea. Nik atzo jakin nuen oraindik nire herrialdeko presidentea dena aita Joxemiel Barandiaranen senide ez oso urruna dela. Haren ama Ataungo antropologo ospetsuaren iloba da.

Barcinak ama euskalduna zuela ere ahaztuko nuen, alabak arbasoen hizkuntzarekiko neurri—derragun— ez oso mesedegarriren bat gauzatutako batean. Eta ez da izanen Madrilerako maletak prestatzen ari den gure politikariak elkarrizketetan, euskararen gaia atera diotenean, datua nabarmendu ez duelako. Alderantziz. Baina nire buruak, seguruenik, homofoboen edo arrazisten autodefentsa tipikoarekin bezala, haren berbak lugorri utziko zituen.

Esana dut lehenago homofobo bat adiskide homosexual ugari dituen pertsona dela, haien kontra esan beharrekoa eztitzearren (ala frogatzearren) ezer baino lehen beti gogoratu ohi duen bezala. Modu berean, euskararen kontrako guzti-guztiek, salbuespenik gabe, badute euskaraz, benetako euskaraz, ez batuan gainera, mintzo zen amatxi bat gutxienez.

Amatxi horiek guztiak sutan irudikatzen ditut, infernu propio batean, ezinean eta errugabe, ondorengoen kulpaz. Aringarri bekie Barandiaranen konpainia noblea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.