Angel Erro.
JIRA

Benetakotasuna

2015eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Jende askok galdetu dit nire atzoko zutabean zergatik iritzi nion eskasa Amen izeneko obrari, Abel Azconak susmagarriki forma, neurri eta pantone bereko 242 olata ustez kontsakratu eta ustez Madrilgo eta Iruñeko beste hainbeste eliz emankizunetik eskuratu (edo ahoratu baina ez irentsi) erabilita, Pederastia hitza osatzen zuenari —tira, jende askok ez; egia esan, ez dit inork galdetu, baina erantzuna idatzita neukan eta egunero zerbait esan behar—.

Artelanaren materiala 242 mezatan (hasi eta buka entzunez gero, etenik gabeko astebete eukaristia eskatzen duena) eskuratu duzula baiesteak solemnitatea eman nahi dio obrari, baina aldi berean adierazten du haren balioa obratik kanpo dagoela hasieratik, zer esanik gero, eragin dituen erreakzio performatiboak gertatu eta gero. Artea ulertzeko nire moduan obrak berak hitz egin behar digu, geldiarazi, pentsarazi.

Demagun. Bakea hitza, horma zuri batean gorriz idatzia, eta pintadaren azpian usohil bat, erraiak airean, birrindua, odoleztatua, Bakea idazteko erabilia izan delako zantzu argiekin. Hori artea izatekotan, horraino da artea, nire uste ez adituan, metafora osatzeraino, benetako uso bat hormaren kontrabenetan txikituta egin dudala zin egin beharrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.