Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Lanak hil, instituzioek akabatu

Publizitatea

Ekonomia

GEURE KONTU

Lanak hil, instituzioek akabatu

 
Asviamieko eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariak, Madrilen, joan den asteazkenean.
Argazkia: PODEMOS

2017-03-19 / Jon Fernandez

Hilotza Espainiako Gobernuaren bizkar uztea» da literalki, Mariano Rajoyren ustez, eskatzea amiantoaren biktimentzat kalte-ordainen funts bat sor dezala. Axolagabekeriaren tamaina erakusten du Diputatuen Ganberan hilotzarekin hitz jokoa egiteak, 1994tik 2008ra Espainian 3.943 heriotza eragin dituen lan gaixotasunaren eztabaida gainetik kentzeko —Hego Euskal Herrian 500 hildako, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera—. Oraingoan, behintzat, PPk ez dio atea muturrean itxi Eusko Legebiltzarraren eskariari. Baikor bueltatu da Madrildik Asviamie amiantoaren biktimen elkartea; baina baikor bezain zuhur.

Eusko Legebiltzarrak lau urteko lanaren ostean aho batez onartutako proposamenak —baita PPk ere— lortu du gainditzea iazko maiatzean gainditu ez zuen langa: Espainiako Konstituzioko 134.6 artikula, Rajoyren altzairuzko ezkutua oposizioaren lege proposamen oro desegiteko. Artikulu horren arabera, gobernuak betoa jar diezaioke aurrekontuan gastuak handitzen edo diru sarrerak txikitzen dituen proposamen orori. Dagoeneko 21 aldiz erabili du ezkutua Rajoyk; hala ere, esan behar da ez dela arma berria: 115 aldiz erabili da azken legealdia hasi aurretik; Zapaterok, esaterako, 93 aldiz erabili zuen bere agintaldiaren azken txanpan. Laburbilduz: «Dirurik ez dago» koartada sakratu eta suntsiezina gainditu du oraingoan amiantoaren funtsa sortzeko ahaleginak. Zantzu guztien arabera, tramiterako onartuko dute Kongresuan, eta eztabaidatuko dute proposamena; alabaina, beste kontu bat da onartuko ote duten. Dirua atera daiteke nonbaitetik, eta borondatea?

Hil edo biziko politika

Besapean promesa batekin bueltatu da Madrildik Asviamie elkarteko Jon Garcia: «PSOEk eta Podemosek barkamena eskatu digute iazko tramitazioan hanka sartzeagatik. Proposamena atzera botaz gero, egitasmoaren lema haiek hartuko dutela hitzeman digute, zuzenean Madrilen jorra dadin», azaldu zuen Garciak. Pilota, zuzenean, PSOEren gainean dagoela esplikatu du kazeta honetan Jesus Uzkudun Asviamieko kideak, eta borondate errealarekiko zalantza azpimarratu du: «PSOE askotan agertu da funtsaren alde, oposizioan egon denean». Esaldiaren bigarren zatiak pisu handiagoa du lehenak baino. Bestetik, funtsaren sorrera erraz dezake PPren eta EAJren artean aurrekontuen harira sortu berri den sintonia onak ere.

Funtsaren sorrera ez da politikokeriatan ibiltzeko gaia: amiantoarena hil ala biziko auzia da. Biktimek aukera izango lukete auzitara jo behar izan gabe kalte-ordain bat jasotzeko, Ipar Euskal Herrian bezala. Izan ere, gaur egun borroka bikoitza izaten baitute hegoaldeko gaixoek: amiantoak 30-40 urtera sorrarazten du biriketako minbizia, langilea erretiratu denean, eta, gaixotasunari aurre egitearekin batera, epaitegietan hasten dute gerra enpresen kontra. Urte edo hilabete gutxi geratu bizitzeko, eta guda bikoitzean akitu behar.

Halere, funtsa sortzea bezain garrantzitsua da prebentzioa. Amiantoa 2001ean debekatu zen Hego Euskal Herrian, eta 2005ean EB osoan. Horrek ez du esan nahi, ordea, material minbizi-eragilea (amiantoa, eta bestelakoak) desagertu denik: ezinbestekoa da horien mapa edo inbentarioa osatzea, kontrolatzea eta, beharrezko denean, ezabatzea. «Eusko Legebiltzarrak gutxienez bi aldiz onartu du inbentarioa egitea, baina gero ez dute zentimorik jarri horretarako», kexu da Uzkudun; eta udal askotan berdin gertatu dela dio. Ez da bakarrik langile jakin batzuen arazoa, gizartearena baizik: 1960-1980 hamarkadetan egindako eraikin askotan dago amiantoa. CCOOk, adibidez, herenegun eskatu zion Laudioko Udalari (Araba) bi ikastetxeetako amiantodun fibrozementuzko teilatuak kentzeko. Hiltzaile isila deiturikoa ikusezina ere bada sarri; arriskutsuena da instituzioek amiantoa isilaraztea eta hari ez ikusiarena egitea.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Fernandez Jon Fernandez

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak