GEURE KONTU

Hatz akusatzailea

Hatz marka digitala kontrolatzeko makina bat, artxiboko irudian.
Hatz marka digitala kontrolatzeko makina bat, artxiboko irudian. OBIAS HASE / EFE

Jon Fernandez -

2017ko martxoak 26

Jakintsuak ilargia seinalatzen duelarik, ergelak hatzari egiten dio so. Halaxe dio esaera zahar txinatarrak. Beatriz Artolazabalek alderantziz egin du: atzamarrean jarri du fokua —aurrerantzean Lanbidek haren zerbitzuko erabiltzaileei exijituko dien hatz markan—, inor seinalatzen ez duelakoan. Baina, mezu argia helarazi dio gizarteari, hatz marka digitalarekin iruzurgile potentzial bezala markatu dituelako zuzenean DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren onuradunak.

Lokatzaren makinari buruz Umberto Ecok esplikatzen zuen gaur egungo kazetaritzak ez duela zertan zuzenean esan politikari bat edo epaile bat gaiztoa denik hura deslegitimatzeko: nahikoa da aipatzea kolore bizi-biziko galtzerdi bitxiak erabiltzen dituela, pertsona arraroa dela ulertarazteko, ez dela fidatzekoa. Lokatzaren makinaren gaineko esklusibitatea ez dauka kazetaritzak bakarrik, agerian dagoenez. Politikan ere badakite erabiltzen makina: nahikoa da esatea beharrezkoa dela DSBEren onuradunak hatz marka digitalaren bitartez kontrolatzea, ulertarazteko ez direla fidatzekoak, iruzurgileak direla.

Jaurlaritzak argudiatu du identifikazio sistema biometrikoaren helburua tramiteak «azkartzea» dela, eta diru sarrerak bermatzeko errentaren gaineko kontrola bermatzea. Hori guztia egin beharrekoa da, bai; baina kontua ez da horrenbeste hartutako erabakia —hatz markaren sistema dagoeneko erabiltzen da enpresa eta erakunde publiko askotan—, noiz hartu den baizik. Izan ere, azken urteetan PPren bandera politikoa izan da DSBEren eralgitzea: Javier Maroto Gasteizko alkate ohiak behin eta berriz errepikatu zuen etorkinek amarrutarako darabiltela laguntza.

Alderdi Popularrekoek eurek agerian laga dute Artolazabalen jokaldia, esanez hatz markaren erabilerarekin «begi bistakoa dena» onartu duela gobernuak. Era berean, Elkarrekin Podemosek «PPren mezua erostea» leporatu dio Jaurlaritzari. Gertatutakoa ezin hobeto laburbildu du Juanjo Unzilla EHUko informazioen segurtasuneko adituak: «Tituluaren bila joan dira. Kontrol modu zorrotzagoa izango dela adierazi nahi da».

Iruzurrak eta iruzurrak

Horrenbestekoa al da iruzurra? Egon badago, baina ez da PPk sinetsarazi nahi bezain haindia. Lanbideren datuen arabera, iaz DSBEan 392 iruzur atzeman zituzten: %0,3. Horri erabilera bidegabeko beste 824 kasu gehituz gero, iruzurra ez da ailegatzen erabileren %1era. Hain justu, joan den astean bost lagun zigortu zituzten 180.000 euro bidegabeki patrikaratzeko elkartuta zeudelako: Arabako Auzitegiak lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri die iruzurra modu jarraituan egiteagatik eta horretarako dokumentuak faltsutzeagatik. Diru publikoaren erabilera zorrotz neurtu eta gainbegiratu behar da, jakina. Baina non jarri behar da iruzurraren fokua?

Tamainari erreparatuta, nabarmenki handiagoa da enpresek egindako iruzurra: azken urtean, esaterako, %439 igo da Araban sozietate zergan aurkitutako iruzurra, 53 milioi euro hain zuzen. Bizkaiko Foru Ogasunak ere iaz 461 milioi euroko zerga iruzurra harrapatu zuen, eta diru erdia (230 milioi) enpresen irabazien gaineko zerga iruzurrari zegokion.

Hor komeni da jartzea hatza. Diru sarrerak ondo kontrolatu behar ditu administrazioak, zerbitzu publikoen gastua bezainbeste. Errazena, nolanahi ere, behartsuenak pagaburu egitea da, eta Lanbiden badakite zerbait horretaz.

Bide arantzatsua egin du euskal enplegu zerbitzuak sorreratik bertatik. Azpimarratzekoa da DSBEaren onuradun kopurua %60 igo dela 2008tik (63.317 dira orain), krisiaren eraginez: %25 miseriazko pentsiodunak dira, %20 miseriazko soldatadunak, eta %55 langabeak. Gogoratzekoa da, era berean, Lanbidek 128 milioi euroko zuloa egin zuela DSBE onuradunei akatsez behar baino diru gehiago emateagatik. Azkenik, oroitu beharrekoa da Artolazabalen lehenengotariko neurria izan zela DSBEa gutxieneko soldatatik deslotu eta KPIari lotzea.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Pilotazale batzuk maskararekin, uztailaren 4an Labriten. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Maskara beti jartzea derrigortzea aztertzen ari da Nafarroako Osasun Departamentua

Berria

Gutxieneko distantzia mantenduta ere neurri hori ezartzea aztertzen ari da, azken agerraldietako joera eteteko.

Iruñerko Nabarreria kalea asteon. ©Iñigo Uriz / FOKU

Iruñeko agerraldiarekin lotuta 21 kasu atzeman dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Hego Euskal Herrian, guztira, 64 positibo berri erregistratu dira azken orduetan. Eskoriatzan (Gipuzkoa) PCR proban positibo eman zuen gizonezko bat hilik aurkitu dute etxean.

 ©BERRIA

«Transmisio komunitario bat daukazunean, ezin da telefono bidez kudeatu»

Jon Ordoñez Garmendia

Epidemia betean harrapatu dute hauteskundeek Ordizia, eta kezkatuta dago Ezenarro. Arriskuaz ohartarazi arren, neurri bereziak hartuta egingo dituzte bihar. Erakundeen babesa eta mahai tekniko bat sumatu ditu faltan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna