Angel Erro.
JIRA

Arbola

2015eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Hiru gauza omen daude, mundu guztiak mundualdi balekoa izan duela esan ahal izateko, hil aurretik egin beharrekoak: zuhaitz bat landatzea, seme-alabarik edukitzea eta liburu bat idaztea. Nonbait irakurri dut José Martí poeta kubatarrak hala esan zuela. Beste nonbait, esaera arabiarra dela. Argi dagoena da nor bere bizitza mugatuaz haraindi joateko moduak direla, hil ondorenean ere bizirik jarraitzeko, transzendentzia bilatzeko. Helburu bakar hura ekintzon antzekotasunak eta are trukagarritasunak ere salatzen du. Liburuetako papera zuhaitzetatik dator. Seme-alabei aldaxka deitzen zaie.

Helburu bakarra oraindik modu trinkoagoan irudikatu dute astelehen honetan Gernikan, bertako arbola (beste arbola bat, baina berbera) birlandatzean: haritz zaharraren semea zen landatutakoa, beraz, katea ez da eten, eta, hala egiaztatzeko, akta batean (gutxienez azaleztaturik irudikatzen dudan akta dotore batean) lekualdatzearen agiria sinatu dute, asteleheneko hainbat egunkari eta gauzakirekin batera, harizñoaren sustraien ondoan lurperatzeko gero.

Asteleheneko notiziak birpasatzen hasi naiz, paperean, iragan horren seme ezagutuz neure burua, damuz, eta, bai, orain badakit zer den Gernikako arbolaren erroak usteltzen dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.