Anjel Lertxundi.
HITZ BESTE

Iragarpena

2017ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Lerrook idazteko momentuan iragarpenek zioten gaur Baionan egun sano eguzkitsua egingo zuela. Han hurbil behar du armagabetzeak. Eta pipak, gitarrak, lehergailuak ikus daitezenean, gutariko bakoitzak bere biografia sentimentaletik begiratuko die armei, bere baitako gordelekutik entzungo ditu eztanda zaharrak. Zer pasatu zitzaigun burutik, zer sentitu genuen, zer birao lehertu zitzaigun, zergatik isildu ginen. Memoriak ez gaitu abandonatzen, soka motzez lotzen digu kontzientzia gure baitako bazterrik sakratuenean. Eta memoriak min ematen duelako, hildako antzinakoenek ere bizirik segitzen dute hilda egonik ere. Memoriak mina ematen du, bai, eta zornatu ere egingo zaigu mina, eta usteldu ere egingo zaigu, ez badigu ikasteko balio.

Bitartean, eguzkiari, eguraldiari, zeruaren arkitektura kosmikoari indiferenteak zaizkie gure konponezin zaharrek eragiten dizkiguten buruhauste berriak. Eta ez dute beren ibilaldi ia eternoa mudatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.