Angel Erro.
JIRA

Futbolkeria

2017ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Kirolean bertan ez dago, jendearen hobespen ausazkotik eta ondoriozko negozio handitik kanpo, futbolari darion harrokeria justifikatzen duen ezer. Ezerk ez ditu zuritzen jokalarien soldata konparazioz iraingarriak eta, gutxiago, ogasunari dirutza ez ordaintzeko egiten dituzten amarruak ezta, zer esanik ez, orain berri, Cristiano Ronaldorekin gertatu bezala, behin koilara zopetan harrapatuta, beste herrialde batera joatearekin mehatxatzea, ongi jakinik horrekin aski izan daitekeela ikerketa fiskal guztiak disimuluz bertan behera uzteko. Futbolaren inguruan dabiltzanek edozer gauza egiteko gai ikusten dute beren burua, jokozainaren beste legerik ez begiratzeko ahalmena balute bezala.

Ikustea besterik ez dago futbol talde gehienek (lehen mailakoek bereziki) nola maneiatzen dituzten zorrak, ikuskizuna inork etenen ez duelako segurantziarekin. Osasunako presidenteorde ohiak esan berri du zein nahi izan duen taldearen zuzendaritzak egin, Sadar Gobernuari berrerosi behar ez izateko: non eta Antoniutti plazan, Alde Zaharretik 400 bat metrora, estadio berri bat eraiki, azaldu gabe nola, hirigintza planarekin edo gabe, hain duten barneratuta joko zelaitik kanpo edozer gauza egin ahal izateko futbolkeria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.